
Kopa etxera ekartzeko kanporaketa eskura du nesken talde nagusiak
Mutriku
Sailkapen faseari dagokionean, etxeko azken partida jokatuko dute Bergarako taldearen aurka bihar.
garbiñe garagarza
Bi partidaren faltan herriko nesken talde nagusia taularen gorenean dago Mondragonekin batera. Postu hori mantentzeak, kopa irabazteko azken txanparako sarrera emango die.
Nesken taldea itxaropentsu ageri da azken kanporaketen ateetan. «Oso pozik gaude kopan lortu ditugun emaitzekin», aitatu du Agurne Elorza kapitainak. «Ligan ez genuen helbururik jarri, baina martxan joan garen heinean, eta gauzak ateratzen joan diren heinean, helburuak zehazten joan gara. Momentuz, kanporaketan sartu nahi dugu, eta, behin han, kopa eskuratzea dugu buruan».
Kopa lortzeko bidean, Bergararen aurkako partida jokatu beharko dute lehenik. Bergararen aurkakoa sailkapen fasean etxean jokatuko duten azken partida izango da. «Ez da partida erraza izango. Euren zelaian ezin izan genituen gainditu, baina oraingoan ezin diegu hiru puntuei ihes egiten laga». Sailkapen faseko azken partida Aretxabaletan izango dute.
Nesken talde nagusiak guztiz eraberriturik ekin zion ligari. «Hasieran talde bezala eratzea kostatu zitzaigun, eta horrek igoera fasean ez sartzea eragin zuen». Jokalari beteranoek taldea laga zuten, eta errefortzu berriak etorri ziren: Lekeitioko hiru jokalari eta Debako bi. «Lekeitiarren esperientzia ondo etorri zaigu, baita debarren errefortzua ere. Taldean ez geunden gehiegi denboraldi osoari aurre egiteko».
Orain, taldea eratuta, itxaropentsu egingo diote aurre asteburuko demari.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.