
aitzol aramaio ð- Zinemagilea
«Unai Elorriagaren istoriotik hurbil sentitu naiz hasieratik»
Ondarroa
Elorriagaren 'SP-rako tranbia' liburuan oinarrituta egin duen 'Un poco de chocolate' estreinatuko du laster zinemagile gazteak; hilaren 30ean pantailaratuko dute.
leire akarregi
Banaketako nondik-norakoak prestatzen. Halantxerik dabil ondarrutarra, pelikula grabatzea amaitu berritan. Malagako Jaialdia zarratuko du zapatuan, Un poco de chocolate-k, Unai Iturriaga idazlearen SP-rako tranbia eleberrian oinarritutako Aramaioren (Ondarroa, 1971) lehen pelikula luzeak. Aste gutxitara pantailaratuko dute, berton.
Zelan ailegatu zaizu Malagako Jaialdia zarratzeko proposamena?
Pelikula egitea amaitu nuenean, hurrengo beharra berau zabaltzeko banatzaile bat topatzea izan zen. El señor de los anillos multinazionalagaz ipini ginen harremanetan, eta berau da Un poco de chocolate zabaltzeko kanpaina egingo diguna. Euren esku utzi genuen salmenta guztia. Eurek diseinatuko dute kanpaina
Zelan joango da pelikularen banaketa?
Malagan hasiko dugu kanpaina. Hortik hasiko da pelikula zabaltzen. Beste hamabost bat egunetan iragarri egingo da, eta apirilaren 30erako utzi da estreinaldia, Euskal Herrian zein Espainiako estatuan. Eguna zehazteko badago ere, aurrestreinaldia ere egingo dugu Bilbon, aste bete aurretik.
Publikoak edukiko duen harreraz urduri?
Egia esan, denbora gutxi eduki dut horretan pentsatzeko: banaketan ipinita ditugu begiak, eta lan eta lan gabiltza, bestetarako astirik barik. Hala eta ere, inguruko jendeak ikusi du pelikula eta harrera on-ona eduki du. Orain gutxi amaitu dugu, eta aktoreek, produktoreek eta ingurukoek ikusi dute eta gustatu zaie.
Liburu batean oinarritutako pelikula izanda, konparaketarako ikararik baduzu?
Nik liburuagaz esker ona daukat: Elorriagak eman dit pelikula egiteko istorioa. Istoriotik hurbil sentitu naiz hasieratik, gertu neukalako pertsonalki. Eta beraz, neure asko ere sartu dut. Neuri gertatutakoak, kontatutakoak, Ondarroan, familian, lagunekin bizitakoak... Pertsonalki asko daukat istoriarenganako, eta gainera, Unairi berari ere erakutsi diot beharra eta asko gustatu zaio.
Zeure lehenengo film luzea izanda, zelan eroan duzu beharra? Alderik igarri duzu film laburrak egitetik luzea egitera?
Hamar minutuko istorio bat kontatzea edo eta ordu eta erdikoa, berdina da niretzat. Azken finean, istorio bat kontatu nahi izatea da, eta istorio horretan sinesten duen jendeagaz bat egitea. Gero, argi badaukazu, berdin da zenbat deborakoa den. Hori da niretzat gakoa: daukazun indarra eta ilusioa pelikula barruan egotea eta agertzea.
Izen handiko aktoreekin beharra egiteko aukera eduki duzu. Zelakoa izan da hartu-emana ?
Hector Alterio, Daniel Brühl... Aktore on-onekin beharra egin ahal izan dut. Horiez gain, Ondarroako aktore asko ere egon dira, zortzi bat. Eurekin guztiekin beharra egitea erraza izan da. Zer nahi nuen esaten nien, eta denon artean zuzentzen genuen egin beharrekoa. Izan ere, bidea topatzea da garrantzitsuena. Nik zer nahi nuen esan eta eurek eurena ematea. Hartu-emana oso ona izan da; profesionala ez eze, pertsonala ere bai. Harremana mantentzen dugu oraindik orain.
Aurrera begira ezer baduzu esku artean?
Orain dela gutxi amaitu dut dokumental bat; aitatasunaren eta gizon izatearen gainekoa. Egia esan, aurrera begira orain dudan plana da neure familiagaz egotea, neska lagunagaz, lagunekin... Ahal dudan guztian uda partea Ondarroan egon nahi dut, mugikorra beste leku baten utzita eta itsasoagaz gozatzen.
Pelikula zabaltzeko beste jaialdietan ere egongo zarete?
Beste jaialdi batzuetara ere bidali dugu lana, baina orain gutxiko kontua da, eta oraindik ez dakigu zeintzutan egongo garen, baina egon egongo gara.
Lekeitioko Euskal Bideo eta Zine Bilerara joatekoa zara?
Nigatik bai. Hemendik eta oraintxe bertan esango nieke baietz, zelan ez.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
HITZALDIA
Euskara: iragana, oraina eta geroa; kontseiluak 10 urte
ETXEBARRIA, Udaletxean. Hizlaria: ARITZ ZUBIATE - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.