
Zapatuan, Kaotiko, Deskontrol, Hesian eta Nunbait taldeen kontzertua egongo da 22:00etatik aurrera, herriko frontoian; ostean, goizaldera arte erromeriagaz dantzan egin ahalko da Bide Batez taldeagaz.
Lehen eta orain, giroa nagusi
asier alkorta
Astegun buruzurian, hutsik ageri da Munitibarko plaza. Herritarrak, nor bere errutinan sartuta, euren lanpostuetan daude, eguneroko jarduna betetzen. Bizilagunik zaharrenak herriko tabernaren kanpoaldean daude; kafea hartu eta kartetan jokatzen duten bitartean, garai bateko kontuak ekartzen dituzte gogora. Herrian jai giroa nagusitzen zenean, zelan eta nondik ibiltzen ziren kontatzen diote elkarri. Izan ere, urte batzuk atzera eginez gero, Munitibarren jai asko antolatzen ziren urte osoan. Kontzertuak, erromeriak eta bestelako ohitura herrikoiak herria piztu eta bizitu egiten zuten. Orain, urte batzuk lasaitasun apalean murgilduta egon ondoren, herriko gazte talde bat kontzertuak antolatzen hasi da, «herriko giroa pizteko». Horrela, etzi, jai giroz zipriztinduko da Munitibar.
«Gurasoek kontatu izan digute, gazteagoak zirenean, herrian kontzertuak eta bestelako jaiak egiten zirela. Guk ez ditugu garai horiek ezagutu, eta ondorioz, iaz egin genuenaren antzera, aurten ere kontzertuak antolatzea erabaki dugu», azaldu dute Xiana Ibaibarriaga eta Maite Enbeita gazte munitibartarrek.
Lehen antolatzen ziren jai horietara inguruko herrietatik jende asko etortzen zela azaldu dute biek. «Inguruko herrietatik ez ezik, Busturialdetik ere asko etortzen ziren bertora».
Iazko pausoei jarraituz
Hori dela eta, iaz, herriko gazte talde bat kontzertuak antolatzeko prest agertu zen. «Iazko kontzertuetan jende asko batu zen, eta aurten ere errepikatu egin nahi izan dugu». Lehengo giroa gaur egunera ekarri eta berriro herria bizitzeko asmoz, aurten ere punta-puntako kontzertuak antolatu dituzte: Kaotiko, Deskontrol, Hesian eta Nunbait musika taldeek euren musika hotsak plazaratuko dituzte frontoian. Talde horien kontzertua amaitu ostean, erromeria egongo da Bide Batez taldeagaz. Edozelan ere, zapatu gauerako giro ona ziurtatuta dago.
Kontzertuak 22:00etan hasiko dira, eta sarrerak zazpi euro balio ditu. Eguneroko errutinatik ihes egin eta, behingoagatik, frontoiak bere ohiko itxura aldatuko du. Agertokiak, txosnak eta argiek pilota eta pilotarien lekua hartuko dute.
Antolatzaileek esandakoaren arabera, txosna bat egongo da frontoi barruan, eta kontzertua ikusten daudenek tragoak hartu ahal izango dituzte bertan. Horregaz batera, herriko gaztetxea ere zabalik egongo dela esan dute Enbeita eta Ibaibarriagak. «Gau osoan ondo pasatzeko aukera izango dute bertora datozenek».
Jendea erakartzeko asmotan, Lea-Artibaiko herrietan kontzertua iragartzen duten kartela ipintzeaz gain, Busturialdeko zenbait herritan ere ibili dira. «Lehen Gernika aldetik ere jende asko etortzen zen», azaldu dute biek.
Herriko taldeei laguntzen
Kontzertuak antolatzea ez da behar erraza, eta hori ondo baino hobeto dakite Munitibarko gazteek. «Diru asko behar da dena ondo lotzeko, eta horregatik, Udalera jo genuen laguntza eske». Udalak, bere aldetik, 12.000 euroko laguntza eman dio gazte taldeari. Hala ere, gaztetxeak ere zer edo zer eman du. «Udalaren dirulaguntzagaz ez zen dena ordaintzeko ailegatzen».
Kontzertutik ateratzen duten diruagaz, gazteek herriko beste talde batzuei lagunduko diete. «Herrian talde batzuk badaude, eta beraien artean banatuko dugu, hurrengo batean, ekintza gehiago egin ahal izateko».
Dena prest daukate Munitibarren. Egun bi geratzen zaizkie aurretik, eta hobe horrela; atzera kontaketa hasita dago. Herriko gazteak eta, oro har, herritar guztiak festarako gogoz daude. Denaren gainetik, Munitibarko giroa, bai lehen eta bai orain, bizi-bizi dagoela agerian geratuko da zapatuan egingo diren kontzertuetan.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.