
Herriko auzoak ezagutzeko irteerak
Berriatua
Guraso Elkarteak antolatutako lehen irteera etzi izango da: Milloi ezagutu ahal izango dute lau orduko ibilaldian.
edurne burgaña
Berriatuko Eskolako Guraso Elkarteak herria ezagutzeko irteerak antolatu ditu: «Printzipioz, umeek herriko auzoak ezagutzeko antolatutako irteerak dira, baina herritar guztiei irekita daude», azaldu dute guraso elkartekoek. Etzi egingo dute lehena, eta Milloi auzoa ezagutzeko izango da.
Eskola aurretik hasiko dute irteera: «9:30ean bilduko gara bertan, eta Milloi aldera joango gara oinez; Urepel ingurutik egingo dugu gora. Bertako baserrien izenak ikasi ahal izango dituzte umeek. 13:30 aldera amaituko dugu ibilbidea; guztira, lau ordu ingurukoa izango da».
Irteera horien helburua herriko auzoak ezagutzera ematea da: «Umeek herrigunea ezagutzen dute, baina auzoak urruti geratzen dira, eta asko ez dira euretan egon ere egin», esan dute.
Hurrengoa, Asterrika
Hiru auzo daude Berriatuan: Milloi, Asterrika eta Madalena. Hurrengo irteera ekainaren 14an egingo dute, eta Asterrika auzoa ezagutzeko izango da. Kasu horretan ere, irteera 09:30ean hasiko dute, eta eskola aurrean bilduko dira.
Egingo duten azken irteera Madalena auzoa ezagutzeko izango da. Baina oraindik zehazteko dago eguna: «Lehendabizi beste bi irteera egingo ditugu, eta jendeak emandako erantzuna ikusi ostean erabakiko dugu hirugarrena noiz egin».
Auzo zabalena da Madalena. Milloi eta Asterrikan baserriak elkarrengandik nahiko gertu badaude ere, ez da gauza bera gertatzen Madalenan: «Baserri asko daude, eta ezagutzeko zaila izango da. Baina paraje polita da benetan», adierazi dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
JAIA
EUSKARAREN EGUNA
ETXEBARRIA, UDALETXEAN 17:00etan - 2008-12-06
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.