Edukira joan

mari paz lezertua ð- Ikasten Elkarteko Mutrikuko prentsa arduraduna

«Asko ikasi dut, eta ikasten jarraitzeko gogoa piztu zait»

Hezkuntza

Esperientzi Eskola eta Ikasten Elkartearen bidez, 50 urtetik gorakoek euren esperientzia baliagarri bihurtu eta ikasi egiten dute.

garbiñe garagarza

Esperientzia Eskolan izena eman izanak bira berri bat eman dio Mari Paz Lezertuaren (Mutriku, 1940) bizitzari. Ikasturtea bukatuta, ikasle ohien elkartearekin (Ikasten) bategin, ikaskideekin komunikazio gabinete bat osatu eta herriaz arduratzen den prentsa arduraduna izatera heldu da.

Nola batu zinen Ikastenekin?

Lehenik, Esperientzia Eskolatik pasatu nintzen. Bertan zebilen herritar baten bidez izan nuen eskolaren berri orain lau urte. Unibertsitatera joateko balio ez nuela esanez, atzera egin nuen hasieran. Baina apunteak laga zizkidan, eta etxean animatu nindutenez, azkenean, apuntatu egin nintzen.

Eskolare bueltatzea, gogorra izan al zen?

Ikastera buelta egitea salto handia zen. Nire sasoian eskola nazionalean ibilia nintzen; Antonia maistrarekin kontabilitatea ikasi nuen. Ez neukan besterik. Unibertsitatea hitz potoloa zen; maila handiko ikasketak ziren. Urrun harrapatzen ninduen.

Baina azkenean erabakia hartu zenuen.

Eta ez naiz batere damutzen. Oso pozik nago han ikasitakoarekin eta egindako guztiarekin.

Klase teorikoak ematera mugatzen al da zuen ikasturtea?

Irteerekin tartekatzen ditugu klaseak. Irteera guztiak kulturalak izaten dira: lehenengo teoria eman, eta gero, emandakoa ezagutzera joaten gara. Eskualdeaz gain, Arantzazu, Leon, Asturias... hainbat leku bisitatu ditugu.

Nola gogoratzen duzu klaseko lehen egun hura?

Beldurrak jota joan nintzen, ez nekielako zerekin topatuko nintzen. Ikaskide izango nituenekin batu nintzenean, «zer egiten dut nik hemen?», pentsatu nuen. Besteekin ezer ez nuela amankomunean iruditu zitzaidan. Baina aurreiritziak askotan errealitatearekin bat ez datozela konturatzen zara.

Eta ikasketa prozesuarekin nola moldatu zara?

Azterketarik ez daukagu, eta hori aldeko puntu bat da, dudarik gabe. Gainera, geuk baloratzen ditugu irakasleak: 1etik 5era guregana heltzeko duten gaitasuna, erakutsitakoak gure bizitzarako duen aplikagarritasun maila, nola irakatsi duten... Amaieran apunteak ematen dizkigute. Psikologia, filosofia, literatura, traumatologia, artearen historia... hainbat irakasgai lantzen ditugu. Maila handiko irakasleak etortzen dira, gazteen unibertsitatean irakasten duten berberak. Asko ikasi dut, eta ikasten jarraitzeko gogoa piztu zait.

Ikasitakoa norbere bizitzan aplikagarria dela aitatu duzu. Horrela al da?

Asko. Jendearekin hitz egiteko orduan; telebistan entzuten dituzun gauza asko, lehen ez zinenak ondo konturatzen, orain guztiz ulertzen dituzu; politika mailan ere jantzi gaituzte... Esan daiteke burmuinari hautsak ederki astintzen dizkiogula. 50 urtetik gorako guztiak animatuko nituzke honetara. Harritu egingo dira ikasiko duten guztiaz. Eskolatik pasa garen guztiok, bakoitza bere neurrian, asko aberastu gara kultura mailan.

Batak bestearengandik ere ikasiko duzue, ezta?

Bizitzan lan, ikasketa eta bizipen guztiz ezberdinak izan dituen jendearekin batzen zara. Bakoitzak bere esperientziatik egiten ditu galderak¬ ze galdera asko egiten ditugu klasean¬, eta galdera horietatik eta ikaskideen parte-hartzetik asko ikasten da.

Esperientzia Eskola urtebetekoa izaten da. Eta gero?

Esperientzia Eskola amaitzean ikasten jarraitu ahal izateko elkarte bat sortzea bururatu zitzaien lehen promozioko ikasle izandakoei, eta halaxe, Ikasten sortu zuten. Horren bidez, jendeari etxetik irten eta ikasten jarraitzeko arrazoi bat eman nahi zieten.

Biak ikasteko. Baina zein da elkartea eta eskolaren arteko aldea?

Eskola Debegesak antolatzen du; guk joan eta eskaintzen digutena jaso besterik ez dugu egiten. Ikasten, ordea, gurea da: guk topatu behar ditugu irakasleak, guk antolatu behar ditugu irteerak... Guk egin behar dugu guztia. Lehen urtekoek martxan jarri zuten, eta hurrengo urtetakook sendotu eta bultzatu egin dugu.

Eta finantziazioa?

Hori ere gure esku dago. Urte hasieran matrikula ordaintzen dugu. Baina horretaz gain, Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere lortu dugu. Udalek ere apur bat eman dute. Eta La Caixa, kataluniarra izanik, gehien laguntzen gaituena da.

Ikastenek aurrera egiteko, zer nola antolatu zarete?

Elkarte bezala eratzeko ohiko karguak banatu genituen; presidentea, presidenteordea... Beti ere, argi lagata bi urte baino gehiagoz ezin dela inor egon; postu horretan daudenak guztiz lotuta baitaude. Uzteko orduan ere txandaka lagatzen dituzte ardurak, berri-berri sartzen dena ikasten joateko. Gainontzeko lanetarako taldeak osatu ditugu: irakasleak topatzeko, landareen proiektua aurrera ateratzeko, operara zuzendutako proiekturako... Elkar lagunduz egiten dugu aurrera.

Proiektuak zuek sortuak al dira?

Esperientzia Eskola amaitzeko prestatutako proiektuak dira. Derrigorrez, eskualdearekin lotura duten lau proiektu egin behar izaten dira, eta horien garapena eta gauzatzea da, besteak beste, Ikastenen bidez egiten duguna. Gure proiektuen emaitzak erabili ere egiten dira. Eskualdeko ibilbidea bezala ezagutzen duguna, esate baterako, turistei zuzenduta dago. Eskualdeko aberastasuna erakustea da haren helburua. Informazio bilketa erraldoia egin genuen, bururatu zitzaizkigun arlo guztiak kontuan hartuta. Debegesaren bitartez zabalduko da turistentzat.

Komunitatearentzako lanean ari zarete, orduan?

Bizitzako etapa bakoitzean finkatuta dago zer egin behar dugun; gaztetan ikasi eta helduak garenean lan egin. Behin erretiratuta, ordea, badirudi ez dagoela zer eginik. Gure ustez, asko daukagu emateko, eta bizitzatik ikasitakotik eta Esperientzia Eskolatik jasotakotik zerbait bueltan emateko bidea sortu dugu Ikastenen bidez; jaso dugun jakintza komunitateari bueltatzeko bidea. Gure asmoa zera da: herriz herri ekintzak bultzatzea, eta gero, herria jabetzea.

Zure kasuan komunikazio taldean ari zara lanean.

Komunikazioaren garrantziaz jabetu ginen; konturatu ginen egiten genuen guztia aditzera eman beharra zegoela. Horretarako, geure komunikazio gabinetetxoa prestatu genuen. Eta hor nago ni. Ordenagailuen laguna egitera behartu nau lan horrek, eta tresna berri eta guztiz baliagarria topatu dut: Internet. Ezagutzen ez dutenek ideia okerra eduki dezakete Internetaz, baina ematen zaion erabilera bakoitzaren esku dago. Nik ezagutzan sakontzeko bide bezala ikusten dut.



 




Eskolatik pasa garen guztiok, bakoitza bere neurrian, asko aberastu gara kultura mailan







Eskolatik jasotakotik zerbait bueltan emateko bidea sortu dugu Ikastenen bidez



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ERAKUSKETA

Egurlanak erakusgai
ONDARROA, Udal Erakusketa Aretoan - 2008-12-04

ZINEMA


LEKEITIO, Ikusgarri zinema aretoa - 2008-12-06

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.