
Azken orduetako eraso matxistaren kontrako aldarria egin dute, isilean
Gizartea
200 lagunetik gora batu da Alamedan; lanerako konpromisoa berretsi du Emakumeen Berdintasun Kontseiluak.
larraitz ibaibarriaga
Isiltasunagaz. Modu horretan gaitzetsi dute herritarrek emakumeen kontrako indarkeria, azken orduetan Ondarroan gertatutako ustezko erasoaren harira.
Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez lemapean, berrehundik gora gizon-emakumek bat egin zuen atzo Udalak eta Uxu Emakume taldeak egindako elkarretaratze deiagaz, eguerdian.
Ordu laurdeneko ekimena berdintasunaren aldeko mezuagaz amaitu zen Alamedan. «Denoi dagokigu gure desadostasuna azaltzea eta era berean, egoera hori jasaten duten emakumeei gure elkartasuna, babesa eta laguntza ematea», adierazi zuen Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluko kide batek ekimenaren amaieran. Ondarroako gertaera ez eze, indarkeria jasaten duten emakume guztiekiko elkartasuna erakutsi zuten kontseilua osatzen dutenek, bai eta beharrean jarraitzeko konpromisoa ere.
Txaloek segitu zien berbei, babesaren adierazgarri.
Bihar elkartzeko deia egin du Herritarren Udalak
Atzokoa ez da izango egunotan egingo den ekimen bakarra. Ildo beretik, Herritarren Udalak elkarretaratzea deitu du bihar arratsalderako. 20:00etarako egin dute hitzordua, Alamedan, «genero indarkeriaren amaiera» eskatzeko.
Domekan, lehenengo orduan gertatu zen ustezko erasoa. 28 urteko gizonezko batek ukabilez jo zuen bere emaztea, eta ostean, telefono hariagaz estutu zion lepoa, ia konortea galdu arte. Ertzainak jakinaren gainean zeudela jakin zuenean laga zuen gizonak erasoa.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.