
juan carlos eta txabi badiola ð- Mus jokalariak
«Zuberoa eta Bizkaia arteko lehia egon zen Segurako txapelketan»
Gizartea
Lekeitioko Guzurmendi tabernan hasi zuten Euskal Herriko Mus Txapelketa Badiola anaiek, eta asteburuan Seguran jokatu den finalean egon dira.
edurne burgaña
Juan Carlos (Lekeitio, 1958) eta Txabi (Lekeitio, 1965) Badiola anaiak dira eta Euskal Herriko Mus Txapelketako finala jokatu dute asteburuan, Seguran. Zazpi probintzietako hamalau bikotek parte hartu dute bertan, eta lekeitiarrek laugarren egin dute.
Euskal Herriko Mus Txapelketara aurkeztu zareten lehenengo aldia izan da, eta laugarren egin duzue.
Txabi Badiola: Aurkeztu garen lehenengo aldia izan da, eta oso ondo joan zaigu, fenomeno. Bizkaiko Txapelketa egiten hasi ginen hemen, Guzurmendin, eta Seguran amaitu genuen. Egun guztia eman genuen bertan, eta polita izan zen; giro polita egon zen. Irabazi izan bagenu hobeto, baina ez da txarto egon.
Euskal Herrikoa izanda, zazpi probintzietako lehiatzaileak egon zarete Seguran.
Badiola, T: Hamalau bikote egongara guztira; probintzia bakoitzetik bi. Lehendabizi, herrialdeka egin ziren kanporaketak. Lau taldetan banatuta hasi zen txapelketa, eta hor finalerdiak erabakitzen ziren, talde bakoitzeko bikote bat aterata. Finalerdiak jokatu zituzten lau bikote horiek, eta hor geratu ginen gu.
Zelako maila aurkitu zenuten?
Badiola, T: Maila polita egon zen. Apurtxo bat ezberdina da Lekeitioko eta Segurako jokoa. Han, beste arau batzuk daude eta beste era batera jokatzen da. Aitzeko ere zailtasunak eduki genituen: Ipar Euskal Herrikoekin arazotxoak eduki genituen. Zuberoako gazte batzuekin jokatu genuen; apur bat arraroa izan bazen ere ondo moldatu ginen.
Zein izan da aurkari gogorrena?
Badiola, T: Zuberoa izan zen musean gogorrena. Zuberoako bikote bat geratu zen lehenengo postuan, Bizkaiko beste bikoteak bigarren egin zuen eta Zuberoako bigarren bikoteak hirugarren. Gu (Bizkaiko bigarren bikotea) laugarren geratu ginen. Zuberoa eta Bizkaiaren artekoa izan zen lehia.
Noiztik jokatzen duzue musean?
Badiola, T: Pilo bat urte dira jokatzen dugula, baina txapelketetan orain dela zortzi urte inguru hasi nintzen ni. Normalean Lekeition jokatzen dut, kanpora ez naiz joaten. Aurten, ostera, Euskal Herriko Txapelketa zegoela ikusi, izena eman eta aurrera jarraitu genuen. Egia esateko, beste anaia batekin izena ematekotan egon nintzen, Josebagaz, baina kanpora joan behar izan zuen, eta azkenean, Juan Carlosegaz osatu nuen bikotea.
Juan Carlos Badiola: Ordezko bezela hasi naiz ni.
Baina ez da batera jokatu duzuen lehen aldia izan...
Badiola, T: Ikastolako eraikin berria inauguratu zutenean batera parte hartu genuen, eta irabazi egin genuen gainera. Ondo moldatzen gara, anaiak izanda elkar ezagutzen dugu.
Zeinek erakutsi dizue musean jokatzen?
Badiola, T: Lagunekin ikasi dugula uste dut; gogoratu ere ez dut egiten. Aspaldi hasi nintzen ni. Gure etxea ez da musean jokatzekoa. Kalean aritzen gara hiru anaiok, tabernetan, lagun artean.
Karta joko gustukoena, zein?
Badiola, T:Niretzat, musa. Egia esanda, gehiagorik ez dut jokatzen.
Badiola, JC: Niri ere musa gustatzen zait gehien. Briska, tutea eta horrelakoak ez zaizkit hainbeste gustatzen.
Gezur asko esaten dituzue?
Badiola, T:Ez [barrez]. Justua.
Badiola, JC: Kartak badatoz, egia esanda nahikoa da. Ni gezurtiagoa banintz, hobeto. Beti egia esaten dudala diote gainerako jokalariek.
Beste txapelketaren baten parte hartzeko asmorik baduzue?
Badiola, T: Momentuz, ez. Normalean herrian ibiltzen gara, eta aurten ez dugunez izenik eman, datorren urtera arte itxaron beharko dugu. Bi tabernetan egiten dituzte txapelketak; horietan aritzen gara gu. Kanpora begira ez daukagu ezelako asmorik.
Badiola, T: Iaz, Gasteizera joan ginen Guiness Errekorra egiteko ipini zuten hitzordu batera. Txabi beste anaiagaz eta ni lagun bategaz bikotea eginda joan ginen. 09:00etatik 21:00etara egon ginen Gasteizen karta jokoan. Guztira, 1000 bikote. 6.000 euroko saria zegoen. Lortzeko gaitza, ezin zen-eta partida bakar bat ere galdu, baina saria polita zen.
Lekeition jende asko ibiltzen zarete musean?
Badiola, T: Bai, nahikotxo ibiltzen gara kartetan. Asteburuetan lagun artean kartetan jokatzeko ohitura badago. Gazteak ere pentsatzen dut baietz, ibiltzen direla.
Badiola, JC: Akaso gure adinekoak baino gutxitxoago. Gainera, ez dira gure leku berdinetan ibiltzen.
Txapelketan ere adin guztietako jendeak hartu du parte...
Badiola, T:Neba-arreba bi egon ziren 14-15 urte zituztenak, oso gazteak, Lapurditik etorritakoak. Leitzakoak ere 22 urte bueltakoak ziren. 80 urtetik gorako gizon bat ere egon zen, bere semeagaz. Gazteenak 14 urte eta zaharrenak 80 urte. Tarte handia da, bai.
Badiola, JC: Aita-semeak Gizpuzkoakoak ziren: Azkoiti edo Azpeiti aldekoak zirela uste dut.
Euskal Herriko Txapelketan laugarren egin duzue; hala ere inoiz saririk irabazi duzue ...
Badiola, JC: Txabik eta Josebak Lekeitioko irlandeseko txapelketa irabazi zuten iaz. Nik ikastola inauguratu zuteneko txapelketa bai, baina beste ezer ez dut irabazi. Ordezko beharretan ibiltzen naiz.
Badiola, T: Hemen bertan irabaztea ez da lan erraza. Guzurmendin urte askoan antolatzen dute mus txapelketa, eta maila handia egoten da. Hemen gazte-gazteak ez dira ibiltzen, gazteenak 35 urte inguru edukiko ditu oraingoan, eta beste guztiok hortik gorakoak izaten gara. Suposatzen dut taberna honetan ibiltzen ez direlako izango dela.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.