
Ehunka pauso, zazpi aztarna
Eskalada Boulder Liga azken txanpan dago, eta froga baten faltan, Xabat Lasartek irabazi du maila herrikoian; «gogotsu» entrenatuko dute.
larraitz ibaibarriaga
Oñatin ere laga du arrastoa Aurrera Mendi Taldeak. Bertan jokatu da Boulder Ligaren azkenaurreko proba, zapatuan.
10:00etarako egin zuten hitzordua, ohikoa denez, Oñatiko kiroldegian. Zazpi eskalatzaile joan ziren bertara Ondarroatik, eta denek lortu zuten finalerako txartela.
Eta finala bera ere, aurrekariak legez, «oso ondo» joan zitzaien taldekoei. 16:00etan hasi eta 18:00ak alderako pasatuta zeuden parte-hartzaile guztiak boulderretik. Arin-arin joan zen, hein handi batean, mekanika azkarragoa delako orain, liga hasi zenean baino.
Ohiko nerbioak aldean, emaitza onak ekarri zituzten Oñatitik Aurrerakoek: emakumezkoen eta gizonezkon maila herrikoietan sailkapenaren gorenean amaitu zuten Ainara Aramaiok eta Iñaki Arantzamendik. Xabat Lasarte izan zen bigarrena. Xabin Ulazia mutrikuarra bigarrena izan zen elite mailan.
Liga amaiera gainean da
«Gustura dabil jendea», aitatzen zuen Ibon Bedialauneta Aurrera Mendi Taldeko eskalada koordinatzaileak eta Boulder Ligako partaideak, Oñatiko proba amaituaz batera. Eta taldekideak ez eze, herriko eskalada zaleez ere ari zen eskalatzailea, «jarraitzaile talde bat atzetik» darabiltela aitortuta.
Gasteizko Hegoaldeko kiroldegiak hartuko du Boulder Ligaren itxiera froga, zapatuan. Hitzordu erabakigarriaren atarian, «gogotsu» entrenatuko dute Zaldupen Aurrerako neska-mutilek.
Xabat Lasartek matematikoki maila herrikoian Boulder Liga irabazita, Gasteizen jokoan egongo dira Ainara Aramaioren lehenengo postua, Ruben Osa hirugarren eta Iñaki Arantzamendi bigarren geratzea eta Xabin Ulazia elite mailan podiotik hurrean geratzea.
############
Oñatiko sailkapena
18 azpiko gizonezkoak 4. postua. Ruben Osa. 7. postua. Eihar Odriozola.
Herrikoia emakumeak 1. postua. Ainara Aramaio.
Herrikoia gizonezkoak 1. postua. Iñaki Arantzamendi. 2. postua. Xabat Lasarte. 7. postua. Ibon Bedialauneta.
Elite maila gizonezkoak 2. postua. Xabin Ulazia.
############
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.