300 irribarre berri Lea-Artibai eta Mutrikuko ikasgeletara. Hilaren 11ra arte luzatuko da hezkuntza arautuaren aurrematrikulazio aldia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hau da, 3 eta 16 urte bitarteko ikasleei ikastetxeetan lekua gordetzeko epea. 293 dira, zehazki, bertoko hamahiru herriotan 2005ean jaiotakoak. Aurten urte bi egingo dituztenak, berriz, 300 dira juxtu. Izan ere, hezkuntza arautuaren aldian sartzen ez bada ere, bi urtekoen gelak, gehienetan, Haur Hezkuntzako eremuetan egoten dira kokatuta, haurreskola eremuan barik. Eta urte biko umeen kasuan ere hauxe da aurreikuspenak egiteko garaia.
Etxetik hurre egotea, gurasoek ikastetxe horretan ikasi izana, inguruko lagunek euren umeekin edukitako esperientzia, ikastetxe bakoitzaren eskaintza... hainbat dira matrikulazioa erabakitzeko orduan gurasoek aintzat hartuko dituzten faktoreak. Eta «ume gutxiko garaiotan» ikastetxe guztiek egiten dute esfortzua euren eskaintza ahalik eta ondoen eta erakargarrien azaltzeko. Hiri eta auzo populatuenetan ez modura, Lea-Artibain eta Mutrikun ez dago arazorik plazak lortzeko.
Bertoko ikaslegoa zifratan
Lea-Artibaiko herrietako eta Mutrikuko 3-16 urte bitarteko ikasleak 3.511 dira 2007-08 ikasturte honetan. Ondarroako ikastetxeetan 1.169 dabiltza; Lekeitiokoetan 946; Mutrikukoetan 520; Markina-Xemeinen 606, eta Lea-Artibaiko eskola txikiek 270 haur hezitzen dituzte. Azken horien kasuan ez dira sartzen 12-16 urteko ikasleak, DBHko ikasketak egiteko aukerarik ez baitago eskola txikietan.
Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Ispaster eta Munitibar dira eskola txikia duten udalerriak. Azken urteotan ikasle kopurua mantentzeko joera erakutsi dute, eta kasu batzuetan ¬Berriatuan eta Ispasterren¬ igotzen joan da.
Lau herri handiagoetako ikastetxeei dagokionez, denetariko eskaintza dago: ikastetxe publiko bina dago Lekeition, Ondarroan, Mutrikun zein Markina-Xemeinen, DBHko ikasleak aparteko institutu eraikinetan egonik. Ikastolen Elkarteko bi ikastola daude eskualdean: Azkue Lekeition eta Zubi Zahar Ondarroan. Elizbarrutiko ikastetxeak daude, berriz, Markina-Xemeinen (Bera Kruz), Ondarroan (Txomin Agirre) eta Mutrikun (San Miguel).
Guztiak D ereduan
Euskararen ezagutza biztanlegoaren %80tik gorakoa izanik Lea-Artibain zein Mutrikun, bertoko ikastetxe guztiek D eredua darabilte: eleanitza, euskara izanik hizkuntza nagusia edo oinarrizkoa.
Ez dira hizkuntza ereduak aldatuko EAE mailan ere datorren ikasturtean. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak A, B eta D ereduak aldatzeko zirriborroa egina dauka eta aurkeztu berri die hezkuntzako eragileei. Orain arteko ereduak aldatu eta euskara irakats hizkuntza nagusi bihurtzeko xedea daukan lege aurreproiektuak Gasteizko Legebiltzarraren onespena jaso beharko luke indarrean sartzeko.
Eustat, euskal estatistika erakundearen datuen arabera, 2007-08 ikasturte honetan 3-16 urte bitartekoen %60,2 dira D ereduan ikasten dabiltzanak EAEn. Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, berriz, kopurua %35ekoa da soilik.
«Umiltasunez ikusi behar dugu kanpotik datozenak zelan datozen, eta denbora eman»
mila arrieta ð- Markina-Xemeingo Bekobenta eskolako Hizkuntza Indartzeko Proiektuko Irakaslea (HIPI)
Immigrazioa
Ikasle etorkinak gero eta gehiago dira, eta hezkuntza aldetik erronka «polita eta aberasgarria» dakarte.
m. ugarteburu
Bekobenta eskolan «bizitza bat» daroa irakasle Mila Arrietak (Markina-Xemein, 1952). 29. ikasturtea da hau berarentzat. Azken hiru urteetan berak daroa ikastetxeko HIPI izatearen ardura; hau da, Hizkuntza Indartzeko Proiektuko Irakaslea. Momentu honetan zortzi haur dauzka proiektuan. Guztiak dira beste herrialde batzuetatik bertora joan den ikasturtean edo oraingoan etorritakoak.
Zer da HIPI proiektua, ze haurren premiei erantzuten die?
Guk hartzen ditugun umeak dira ikasturte horretan edo aurrekoan etorritakoak. Ez dira egoten ikasturte bi baino gehiago gure laguntza jasotzen. Nik, zehazki, jardun erdia daukat proiektu horretarako. Lehenengo partekatuta egon nintzen Etxebarrin eta berton, baina aurten beste irakasle bat dago HIPI modura Etxebarrin eta Berriatuan, eta ni berton.
Gela berezi bat dago hizkuntza-indartze klase hauetarako? Zelan dago antolatuta ordutegi aldetik?
Oraintxe gauden ikasgela honetan egiten ditugu saioak. Haurrak euren mailaren arabera daude antolatuta: 1. eta 2. mailakoak daude batzuk. Eta beste bi, oraintsuen ailegatu diren anaia bi dira, adin desberdinekoak izan arren elkarregaz edukitzen ditugunak saio hauetan.
Lehen Hezkuntzarako programa da soilik?
Ez, DBHko gaztetxoentzako ere badago. Aldiz, txikiak, Haur Hezkuntzakoak, indartzeko klase berezirik barik ere murgiltzen dira euskarazko irakaskuntzan epe motzean.
Haur etorkinen ugaritzea azken urteotako gauza izan da?
Bueno, guk hemen, Markina-Xemeinen, Bosniako gerratik ihesi etorri ziren errefuxiatuen umeak ezagutu genituen, 90eko hamarkadan. Orduan, bai hemen eta bai Bera Kruzen hartu genituen umeak eta ezelako laguntza berezi barik, ahal zen moduan. Harrez gero eduki izan ditugu bi-hiru ume, magrebiarrak kasu gehienetan. Baina oraintxe dago gehien. Hala ere ez dago asko. Markina-Xemeinen esaten dute biztanleen %12 direla etorkinak, baina gehien-gehienak pertsona helduak dira. Ez dago ume asko.
Ikasturtea hasita dagoenean ere gertatzen da umeak ailegatzea. Horrek ze arazo dakar?
Kasu horietan ez dago aldez aurretiko matrikulaziorik, eta Hezkuntza Delegaritzak berak erabakitzen du umea zein ikastetxetara joan: publikora ala kontzertatura. Eta, bestela, ba, taldeak egonkortuta egoten dira, eta hasiera batean gaitzagoa da egokitzapena. Ume horrentzako dena da berria, eta beste guztientzako ere desberdina da, berria da... Irakasleak ere askotan estutu egiten dira, baina egia esan, egoera oso politak ere suertatzen dira. Ez da hain traumatikoa.
Ume bat etorri berria da: zein da HIPI proiektutik jarraitzen den protokoloa edo bidea?
Lehenengo eta bat, lasaitasuna hartu behar da, eta ume horren irakasle tutorea lasaitu. Denbora eman behar zaio umeari ohitzeko. Haur horrek ohitu egin behar du doinu desberdinak entzuten, leku desberdina, herri ezezaguna... Horrek denbora eskatzen du. Batzuetan, gainera, amak ere ez daki bere jatorrizko hizkuntza besterik. Beraz, lehenengo eta bat, gauza lasai hartu behar da.
Eta gelako beste haurrak ere prestatzen dira lagun berriari harrera egiteko?
Bai. Aldez aurretik dakigunean lagun berria etorriko dela, egoera landu egiten da klasean: nondik datorren jakin... Gero, berton dagoenean ikasle berria, enbaxadore lana egiten da: mapa batean gelakoei azaltzen zaie bere herria non dagoen, bera aurrean dela. Berak ez du ulertuko, baina konturatzen da berari buruzko azalpena dela, eta leku bat egiten zaiola, lehenengo egunetik, lagunarte horretan, gela horretan.
Ikaskideak zelan inplikatzen dituzue integrazio bidean?
Txandakatuz, enbaxadore moduan ipintzen dira. Astean bik daukate ardura lagun berriari laguntzeko, eskolako guneak erakutsi: patiora, jantokira... Ez da izaten derrigorrezko zeregina, baina ilusioa egiten die eurei ere, eta onuragarria da.
Eta zurekin, berriz, hizkuntza da indartzen dena.
Bai, baina horretarako ez diegu kentzen edozein klase. Adibidez, gimnasiako ordurik ez diegu kentzen, oso ordu aproposa delako berba egiteko eta harremanetarako. Ingelesetik ere ez diegu kentzen. Ezta musika eta plastikatik ere, ume guztien oso gustuko direlako, eta harremanetarako baita ere aproposak. Orduan, ba, hizkuntza edo gaztelaniako ordutegian ekartzen ditugu euskara indartzeko klase hauetara.
Zenbat denbora behar izaten dute euskararen oinarrizko ezagutzarako?
Irakasleok dena nahi izaten dugu denbora laburrean lortzea eta beste ikaskideekin berdintzea... Baina hori ezinezkoa da. Hala ere, eurentzako dena berria dela kontuan hartuta, hilabete batzuetan iada belarriz pila bat ulertzen dute. Eta irakurketan zein idazterakoan, alfabetatuta datozen ala ez, horren arabera izaten da. Gu jarriko bagina euren lekuan... pentsa! Egin izan ditugu jolasak horretaz konturatzeko: zer den moldatzea guztiz ezezaguna den jendarte eta hizkuntza baten erdian.
Nahiko baliabide daukazue ikasle etorkinekin lan egiteko?
Nik uste dut baietz. Falta zaiguna da denbora; beste gauza askorekin legez. Bestela, Berritzegunera joaten gara eta bertatik laguntzen digute material eta aholku aldetik.
Bazterkeria edo arrazakeria arazorik bizi izan duzue?
Inoiz bai. Eta euren aldetik ere, askotan hasiera oso gaitza da, igoal euren herrialdetik gogoz kontra etorri dira eta haserre daude, edo gurasoetako bat han utzi dute. Egoera gogorrak dira. Apurka lagundu behar zaie egoera berrira egiten, euren buruaren eta jatorriaren estimua ere landuta.
Markina-Xemeingo esperientzia ezagututa, esango zenuke integrazioa ematen dela benetan?
Nik esango nuke baietz. Ez badira integratzen, ba, beste ume batzuen modura, ixilagoak direlako edo jarrera gaiztoago dutelako izaten da, ez kanpokoak direlako. Holakoak bertokoekin ere pasatzen dira.
Zeuri zer ematen dizu lan honek?
Polita eta aberasgarria da niretzat lan hau. Bat ere uste barik, gure errealitatea aldatu egingo dela ikusten da. Umiltasunez ikusi behar dugu kanpotik datozenak zelan datozen eta denbora eman. Bertokoak ere holan joan ziren aspaldi kanpora lanera. Ahal den ondoen hartzea izango dela denontzako onena uste dut.