
Hirigintza gaietarako Aholku Batzordean herritarrek parte hartzea nahi du EAEk
Lekeitio
Udalak 2020ko Lekeitio zelakoa izango den erabakiko duela diote, eta herritarren iritzia kontuan hartu behar dela.
edurne burgaña
Lekeitioko Udala Aholku Batzordea eratzeko arautegiaren zirriborroa egiten ari da, eta Osoko Bilkuran onartzekotan dira. Horren aurrean, EAE-ANVk aldaketa pro- posamenak aurkeztu, eta batzarraren berri ez dutela salatu du.
Planeamendua berriztatu behar dute, eta gaur egungo legeak hirigintzako gaietarako Aholku Batzorde bat egon behar dela eskatzen du. Derrigorrean datorren zerbait da. «Herritarren parte-hartzerako bide bat da, eta alkatea izan behar dela buru da legeak zehazten duen bakarra. Askoz gehiagorik ez du zehazten. Intentzioa da, teorian, parte-hartzea ahalbidetu behar duela. Aholku Batzorde hori hirigintzako gai guztietan iritzia emateko bidea da».
Baina osatu egin behar da, eta horri arau eta ordenantza batzuk ipini behar zaizkio. «Udaletik esaten da ordenantzen zirriborroa hemen dagoela eta Udalbatzar batean onartuko dela, eta ekarpenen bat egin nahi izanez gero, aukera daukagula. Baina hori guztia ez digute zinegotzi moduan esaten. Hirigintzako teknikariak pasatzen dizkigu dokumentuak, suposatzen delako gu horko partaideak izango garela».
Iradokizunen aurretik, sarrera
Hala ere, partaidetza suposizioa dela diote. «Gure partaidetza ez da ziurtatzen talde politiko moduan, adostasun bat bilatu nahi delako baino. Baina gurea, edozein herritarrek edukiko duen moduko partaidetza izango da. Hortik aurrera, erabakitzeko lekuetan ez gaude».
Ordenantzari iradokizun eta aldaketak egiten dizkiote EAEkoek. «Sarrera bat ere egin diogu, betiko modura, Udalari gogoratuz ordezkaritza politiko bat garela, herritarrek emandako ordezkaritza politikoa, eta erabaki horietan egon egin behar garela. Hau da, pleno aretoan egon behar garela. Bestalde, horren guztiaren inguruko iritzia eta botoa bertan emango ditugu».
Horretaz aparte, partaidetzagaz lotutako kontua denez, EAEkoek pentsatzen dute berrazterketaren prozesua amaitzen denean, batetik, herritarren parte-hartzea ziurtatuta egon behar dela, baina bestetik, herriaren babesa eduki behar duela. «Hori guztia herri galdeketa bategaz amaitu beharko litzatekeela uste dugu. Horrela bermatuta geratzen da benetan herritarren ahotsa entzuna izango dela eta kontuan hartua izango dela, benetan».
Besteak beste, ondoko aldaketak proposatzen dituzte ezker abertzaleko kideek. «Bigarren kapituluko seigarren artikuluan agertzen da zer edukiko duen Aholkularitza Batzordeak. Legeak esaten du alkatea izan behar dela buru, eta guk ez daukagu arazorik hori onartzeko, baina batzordekideez ez du esaten ezer zehatzik. Mugatua dela uste dugu: hirigintzan parte diren zinegotzien ordezkaritza, alkatearena edo ordezkatuko duenaren ingurukoa azaltzen da, baina herritarrena mugatuta geratzen da». Kontua da erregistroan sartuta dauden taldeak kontuan hartzen dituela. «Uste dugu batzordekide izan behar direla antolatuta dauden talde guztietako ordezkariak. Arloka hartu, eta bakoitzetik ordezkari bat egotea».
Baina horretarako erregistratuta egotea ez dute derrigorrezkoa ikusten: «Nahikoa da funtzionamenduan egotea eta egiten duten ekarpena ezaguna izatea. Izan ere, erregistratu barik dauden taldeak ere badaude, eta hirigintzako gaiagaz zerikusia dutenak, gainera. Saihesbidearen inguruko plataforma, Etxebila eta etxebizitzaren gainean egindako mahaiko partaideak, adibidez. Ez daude inon erregistratuta, baina hirigintzako gaian interesatuta daude, herrian ezagunak dira eta euren aportazioak egin dituzte».
«Botoa emateko toki bi»
Bestalde, Lekeiton herritarren antolaketarik ez dagoela ikusten dute alderdikoek, eta lau auzotan banatzea proposatzen dute: «Bakoitzetik ordezkari bat aukeratzea da beste proposamen bat. Horrela, auzoetatik ere hurbilago legoke mahai hori. Bestalde, edozein norbanakok gaian interesa izanez gero, parte hartzeko aukera eduki beharko luke».
«Erabakitasuna ere ez genuen ondo ikusten. Ordezkari politikoek Osoko Bilkuran dute erabakigunea, eta bakoitzak bere ordezkaritzaren arabera ematen du iritzia, boto bidez. Bi aldiz egongo lirateke esaten gauza bati baietza edo ezetza. Batzorde hori herritarren erabakigunea izan behar dela uste dugu, eta hor botoa eduki beharko luketela ordezkari guztiek».
«Azken finean, ez dakigu konturatzen garen momentu honetan Udala zer egitera doan», ohartarazi dute. 2020an zelako herria edukiko duten erabakitzera doazela eta, «kontu garrantzitsua» dela diote. «Plan orokorra berraztertzea hitz potoloa da. Erabakitzera doa zelako herria edukiko dugun: ez bakarrik etxebizitza kopurutan, baizik eta orokorrean, zelako ekipamenduak edukiko ditugun. Denok hartu behar dugu parte, ez soilik erakunde antolatuek».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.