
agustin egurrola ð- Bidaiaria eta idazlea
«Oraindik, astoagaz Palos de Moger-Mutriku egiteko esperantza dut»
Gizartea
Gazte gaztetatik izan du Agustin Egurrolak bidaiatzeko zaletasuna. Munduari buelta ematea bururatu zitzaion, eta kontinente guztiak bisitatu ditu.
eider mugartegi
Bere motxila kontu, istorio, papel eta argazkiz beteta ekarri du oraingoan ere Agustin Egurrolak (Bartzelona, 1933). Pilotariaren semea izanik, Bartzelonan jaio zen, zazpi urterekin Etxebarriara etorri eta han bizi izan zen 27 urte zituenera arte. Gero, Markina-Xemeinera mugitu zen bizitzera, eta 32 urte zituenetik Ingalaterrako Shefield hirian bizi da. Hala ere, erretiratu zenetik kontinente guztiak zeharkatzen dabil, batetik bestera. Osorik egin duen azkena Asia izan da.
Zelan erabaki zenuen Asiako bidaia egitea?
Ni lehen ere asko ibilitakoa naiz. Urtean hiru lau asteko bidaiak egiten nituen Europan zehar. Autonomo nintzen, eta aukera hori neukan. Gero, erretiratu ondoren, pentsioa kobratzen hasi nintzen. Pentsio txikia, baina niretzat nahikoa, eta ekitaldi bakarrean munduari buelta ematea akordatu zitzaidan. Horrelakorik eginda zegoela banekien. Juanjo Alonso Checa Kapitan pedales-ek munduari buelta eman zion bizikletan, eta urte bi eta hile bi behar izan zituen. Bera sasoian zegoen, indartsu, eta nik horrelako edo antzeko bat egiteko, gutxienez, hiru urte edo gehiago beharko nituzke. Eta orduan, pentsatu nuen ez nuela nire semeengandik urrunduta horrenbeste denbora egin nahi, eta nire polola-gaz ¬Chileko berbetean neskalaguna¬ nuen hartu-emana ere amaitu egin zitekeela hor zehar ibilita. Beraz, joaldi baten egin barik, kontinente bakoitza banaka-banaka egiten joatea erabaki nuen.
Horrela, kontinente guztietan egon zara.
Denak egin ditut, bakarrik edo nire polola-gaz batera, baina Europa amaitzea falta zaigu. 66 urte egin nituenean, Hego Amerika egin nuen; gero, hiru urtean, ez nuen ezer egin; hurrengo, 70 urterekin Canadara joan nintzen; 71rekin Australiara; 72rekin Afrika zeharkatu nuen; 73rekin Asia; eta 74rekin Europa erdia.
Baina bizikletan zeu bakarrik ibili zara.
Kontinente guztietan, bizikletan ibili naizenean, bakarrik ibili naiz, baina kontinente bakoitzean, nire urteguna elkarregaz pasatu dugu. 66. urtebetetzea (1999) Hego Amerikan pasatu genuen, Uyunin, Bolivian; 70. urtebetetzea (2003) Revelstocke herrian edo Rocky Mountainsen ospatu genuen, Canadan; 71. urtebetetzea (2004) Kimberly National Parken, Australian; 72. urtebetetzea (2005) Uptonen, Hegoafrikan; 73. urtebetetzea (2006) Xianen, Txinan; eta 74. urte betetzea (2007) Pazinen, Croazian.
Nondik nora ibili zinen Asian?
Lehenengo, bizikletaz pasatu nuen Turkia osoa batetik besteraino, eta gero, Turkiako mugatik Iraneko hiriburu den Teheranera arte. Teheranen bisa ateratzeko asmoa nuen, baina bero handiak egin zituen, nire tripak ez zeuden ondo eta hizkuntzagaz arazoak nituen, beraz, indarrik ez nuenez, Ingalaterrara bueltatu nintzen.
Baina gero, jarraitu egin zenuen.
Ingalaterran hilabete egin ondoren, polola eta biok Txinara abiatu ginen. Lehenengo, Pekin edo Beijingeera, hiriburura, joan ginen nire bizikleta eta guzti. Bertan, mutil gazte bategaz berba egin eta bere etxean bizikleta gordetzeko eskatu nion. Horrela, trenean eta autobusean ibili ginen batera eta bestera, baita hegazkinean ere, Tibetera joateko. Guztira, bost aste egin genituen Txina eta Tibet ezagutzen, turista independente moduan. Gero, polola Ingalaterrara bueltatu zen.
Zuk aurrera egin zenuen.
Polola Ingalaterrara joan zenean, bizikleta hartu eta hegazkinez Urumchira joan nintzen, eta handik Pakistango Islamabad hiriburura. Gero, handik, Pakistango mendi handietan zehar, ostera ere, Txinarako bidea egin nuen bizikletan.
Zenbat denbora behar izan zenuen hori guztia egiteko?
Hilabete.
Bidean zelan konpondu zinen?
Bide bakarra dago mendi itzeletan zehar. Ez dago galtzerik. Gainera, bidea ona da, batez ere, Txina partekoa.
Eta lo egiteko?
Batzuetan hoteletan, besteetan kanpin dendan. Askotan arazoak izan nituen, Tibet eta Xinjiangen, batez ere. Gaur egun, arazoak dauden lekuak dira. Bertako jendeak aparte egon nahi du, hemen Euskal Herrian gertatzen den moduan. Horregatik, arazoak izan nituen. Hotel batera joan, eta «hemen ezin zaitezke egon» esaten zidaten. Europearra nintzenez, beste leku batera joan behar nuela, hotel garestira. Nik ez nuen garestia nahi, baina euretara joanda ere batzuetan arazoak egoten ziren. «Beteta dago, ez dugu nahi...», hainbat arazo. Txinako beste leku batzuetan ez da hori gertatzen.
Zelako esperientzia izan da Asiakoa?
Alde batetik, gorputzari dagokionez, sekula izan dudan txarrena. Karranpa asko izan ditut bernetan eta tripak nahastuta. Baina, beste alde batetik, gauzarik onena Asian jende ona, sinpatikoa aurkitu dudala da. Gainera, nahiko segurua da, eta sekula ez dut beldurrik izan. Hainbat bider gonbidatu ninduten afaltzera, kafea hartzera. Esperientzia itzela izan da.
Espero zenuen modukoa izan da kontinentea?
Gehiena bai. Aurretik irakurri eta entzun dudan modukoa izan da. Hala ere, Txinaren irudi eskasa nuen, iluna zela uste nuen, baina pentsatu baino hobeto ibili ginen. Jendea lagunkoia da, eta norberak barre eginez gero, eurek ere irribarrea ateratzen dute. Esperientzia ona izan nuen Txinan, nahiz eta agintariekin arazoak izan ditugun.
Zer da gehien gustatu zaizuna?
Jatekoa, pertsonak eta, esperientzia guztiak kontuan hartuz gero, Turkia.
Arazorik izan duzue?
Hizkuntzagaz arazoak izan genituen askotan, baina jendea lagunkoia da. Ezin elkar ulertu, baina intentzioak asko balio du, eta horrela, ez dizu ardura nekeak ere. Batazbeste uste baino inpresio hobea eman genuen. Bestalde, ohitura bitxiak ere ezagutu ditugu. Europearrei asko gustatzen ez zaigun bat esate baterako: txistua atera eta botatzearena. Orain irakurri dut, Pekingo Olinpiar Jokoak datozenez, kaleak garbitzen dabiltzala txistu horiek batzeko. Bestalde, komunak ere beldurgarriak dira. Hotel onetan komun garbiak daude, baina komun arruntak zikin-zikinak dira. Txinatarrak desberdinak dira horretan.
Liburua ere idatzi duzu Asiaren gainean.
Iaz idatzi nuen liburua, nire apunteekin lagunduta. Ez da lehenengoz idatzi dudana, aurretik ere idatzita dauzkat: euskaraz bat, gazteleraz bi eta lau ingelesez. Denak ekarri ditut Markina-Xemein eta Etxebarriko biblioteketara, baita Asiakoa ere. Ni autore handia banintzateke, liburua nahi zuenari «joan dendara eta erosi» esango nioke, baina ez naizenez, nik egin, nik entregatu, eta gero, lagunei «nahi baduzu ikusi han dago» esan behar diet.
Zeintzuk dira zure hurrengo asmoak?
Itsaso Adriatikotik Pragara egin genuen iaz polola eta biok, eta maiatzean berriro Pragatik hasi eta Itsaso Baltikorainoko tartea egiteko asmoa daukagu. Iaz erdia egin genuen, eta orain, beste erdia egingo dugu.
Orduan bidaiatzen jarraitzeko asmoa daukazu. Noiz arte?
Ahal dudanera arte. Palos de Moger(Huelva)- Mutriku egiteko esperantza daukat oraindik astoagaz. Aspaldi, Markina-Palos de Moger egin nahi izan nuen, eta Urkiolan amaitu zen ibilbidea, astoak aurrera egin nahi ez zuelako. Hiru egun egin nituen bidean, baina abentura piloa bizi izan nituen. Bidaietaz aparte, bizitza normala daroat, bidaia horiek apartekoak dira. Ez dira garrantzitsuak, garrantzitsua osasuna da; horiek luxuak dira, apetak, entretenimendua... Berdin da Asian zehar ibiltzea edo estanpa bilduma egitea, bata zein bestea ez dira premiazko gauzak, ez dira osasuna eta jatekoa legez. Gozatzeko dira.
Asiako bidaiaren proiekzioa emango dute
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.