
Euskal Herriko Itzuliaren bigarren etapa bertoko errepideetatik pasatuko da
Lea-Artibai
Barinagatik sartuko da martitzenean, eta Munitibartik irtengo; Amets Txurrukak hartuko du parte lehian.
leire akarregi
Astelehenean abiatuko da Euskal Herriko Itzulia Legazpitik (Gipuzkoa), eta egun bat bakarrik itxaron beharko dute bertoko txirrinduzaleek, punta-puntako txirrindulariak errepideotan ikusteko. Martitzenean pasatuko da lasterketa bertotik, bigarren etapari ekinda. Barinagatik sartuko da, eta Munitibartik irten.
Eguerdian, berton
Legazpi-Erandio zatia hartuko du itzuliaren bigarren etapak, bertotik pasatuko denak. Aurreikuspenen arabera, 14:30 inguruan ailegatuko da Markina-Xemeingo Barinaga auzora. Handik, Marki- na-Xemeinerako norabidean jarraituko dute txirrindulariek, Etxebarritik pasatuta. Markina-Xemeindik Ziortza-Bolibarrerantz egingo dute. 14:50 bueltan ailegatuko dira Gontzagarinaga gainera, eta handik, Munitibarrera jaitsiko dira, Bizkaiko Begiratokirako norabidea hartzeko.
«Ondo ibiltzeko ahalegina»
Amets Txurrukak (Euskaltel-Euskadi) ilusioz ekingo dio txirrindularitzako hitzordu garrantzitsuenen artean daukan lasterketari. Mallorkan min hartu zuen etxebarritarrak, baina hobetuz doala azaldu du: «Gaztela eta Leongo lasterketa izan dut lesioa osteko lehenengoa, eta nahikoa ondo moldatu naizela uste dut; hasieran deseroso ibili arren, aurrera egin ahala hobeto sentitu nintzen; gaur, Lizarrako lasterketan parte hartuko dut, eta ikusi beharko da...».
Euskal Herriko Itzuliari dagokionez, taldea lan on bat egiteko helburuagaz joango dela aitatu du Etxebarrikoak. «Ahalegin guztia egingo dugu ondo ibiltzeko; kontuan hartuta gainera etxean gabiltzala... ondoen egiten ahalegindu behar gara». Taldeko hainbat txirrindulari ondo-ondo dabiltzala eta eurei laguntza ematea izango duela helburu dio Txurrukak.
Etapa gogorrak edukiko dituzte aurretik. «Gehienak ere gogorrak izango dira; Aiakoa ikusten egon gara, eta benetan gogorra izango dela dirudi». Etxeko zatia, ostera, gogotsu egingo du. «Bertoko etapa polita izango da niretzat», dio. Faboritoen artean daudela dio Cortador, Evans edota Rebelin, «baina orokorrean txirrindulari on-onak egongo dira».
Tourrera begira
Aurretik daukan denboraldian begiak ipinita, aurten ere Tourrean egotea da Txurrukaren helburu nagusienetakoa. «Hasieran egindako plan batzuk aldatu beharra egon da lesioaren ostean. Orain, ahalik eta ondoen egoteko egin beharko da lana», azpimarratu du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.