Edukira joan

imanol garate ð- Akuikulturako irakaslea

«Birpopulaketa arlo interesgarria izateaz gain, eraginkorra izan daiteke»

Hezkuntza

Akuikultura jardunaldiek bi egunez itsasoko zein ibaietako hainbat espezieren birpopulaketa ezagutarazi diete bertoko zein kanpokoei.

garbiñe garagarza

Akuikultura eskolaren sortzaileetako bat da Imanol Garate (Zumaia, 1964). Eskolaren lau urteko ibilbidean inplikazio zuzena eduki du, eta harekin batera hasi ziren jardunaldiekin ere buru-belarri ibili da, beti. Aurten jardunaldien hirugarren edizioa egin dute, eta bi egunen ondoren pozik daude emaitzekin.

Zein da jardunaldien helburua?

Helburu orokorra hasieratik akuikultura ezagutzera ematea da. Izan ere, gure inguruan ez da batere ezaguna. Hasieran, akuikultura esan eta «zer, apikultura?» erantzuten ziguten. Oso kontu berria eta ezezaguna da hemen. Era berean, herriko Akuikultura eskola, Euskal Herrian zein kanpoan, erreferente izatea lortu nahi dugu.

Aurten birpopulaketa izan da landu duzuen gaia.

Akuikultura aitatzen denean, eta akuikultura zer den ulertzen denean, beti pentsatzen da produkzio fabrika batean. Badirudi akuikultura giza elikagaiak sortzeko produkzio arlo bat dela, eta hala da, hein handi batean. Baina baditu ekoizpen arlo gehiago, eta horietako bat birpopulaketarena da. Birpopulaketa arlo interesgarria izateaz gain, guztiz eraginkorra izan daiteke. Akuikultura bera bezalaxe, ez dago batere garatua.

Hitzaldiak antolatzean zein zen zuen asmoa?

Birpopulaketa ur gazian zein gezatan egiten dela ezagutzera eman nahi genuen. Era berean, garrantzia eman nahi genion birpopulaketan arazoa izan daitekeen genetikaren gaiari. Birpopulatzerakoan, genetikoki oso uniformeak diren izaki arrotzak sartu eta populazio horrek dauzkan berezitasunak estaltzeko arriskua dago. Hori ere landu nahi genuen.

Eta lortu nahi zenutena lortu duzuelakoan al zaudete?

Baiezkoan gaude. Hitzaldiak maila oso altukoak izan dira, oso didaktikoak eta pedagogikoak. Eta hori ikusi egin da. Hitzaldien ondoren, galderez gain, eztabaidak sortu dira. Balorazioak egiteko oso adierazle ona dela iruditzen zait.

Eskolara begira, aplikagarritasunik eduki al dute jardunaldiek?

Inolako dudarik gabe. Ikasleek ikasi dute eta irakasleok ere ikasi dugu. Horretaz gain, harremanak sendotu ditugu inguruko akuikulturako agenteekin. Arlo horretan, interakzioa derrigorrezkoa da.

Partaidetzari dagokionean, gustura gelditu al zarete?

Egunero 30-35 pertsona izan ditugu. Sektoreak barneratzen dituen arlo guztietatik etorri da jendea. Entzuteaz gain, jende horrek bere ekarpenak egin ditzake. Eta azken finean, hori da lortu nahi duguna. Horrelako ekintzak norabide bikoitzekoak izateak berebiziko garrantzia du.

Birpopulaketa akuikulturak landu dezakeen arloa izanda, eskolan lantzen duzue?

Eskola hainbat proiektutan sartuta dago, eta horietako batzuk lotura zuzena dute birpopulaketarekin, edo behintzat, populazioaren kudeaketarekin. Teknikaren bitartez, aingiren inguruko proiektu batean gaude Europa mailan, eta Azti eta unibertsitatearekin elkarlanean aritzen gara. Proiektu horiek ikasleen parte-hartze zuzena edukitzen dute. Horretaz gain, beti ari gara etorkizunean birpopulaketarako interesgarriak izan daitezkeen espeziekin lanean; esaterako, abakandoarekin.

Akuikultura arrantzari lekua kentzera datorren ustea dutenei zer esango zenieke?

Zaila egiten zait pentsatzea jendeak hori benetan sinisten duenik. Akuikultura zer den benetan ulertzen dutenek akuikultura eta arrantza osagarriak direla ikusten dute, eta gainera, hala behar dute izan. Arrantzarekin ezin daiteke dagoen egungo eskaera asetu. Gainera, hemen ustiatzen diren espezie gehienak gainustiatuta daude. Hori ez da jasangarria. Akuikultura nekazaritza edo arrantza bezala da, baina uretan eginda. Ehiza ala abeltzantza edo nekazaritza ala fruitu bilketa eztabaidatzen aritzea bezain zentzugabea iruditzen zait akuikultura eta arrantza aurrez aurre jartzea.

Bi sektoreen osagarritasunaren adibiderik jartzerik?

Produktibitate aldetik, uretako izakien produktibitatea hobetzeko teknikak biltzen ditu akuikulturak. Eta arrantza horretaz baliatu daiteke. Horretaz gain, birpopulaketa lantzea arrantzaleei lana emateko bidea da. Zenbait lekutan mixtoan ere aritzen dira. Mediterraneoan, esaterako, arrantzaleek hegalaburrak kaioletara garraiatzen dituzte, han loditzeko. Kasu horretan, akuikultura gabe arrantzarik ez dago, eta arrantzaleek etekin hobeak lortzen dituzte akuikulturari esker .

Jardunaldiak amaitzeko akuikulturako produktuen dastaketa antolatu duzue. Zein da helburua?

Zortzi produktu dastatatu dituzte. Alde batetik, akuilkulturako produktuak daude: urraburua, erreboiloa, olagarroa... Helburua zein da? Akuikulturako produktua jateko moduak direla ikusaraztea. Beste alde batetik, hemen produktu berriak direnak dastatu dituzte: sopaberoak, itsas-zakilak, itsas-trikuak... Munduan zehar jaten diren produktuak dira. Guk arraina jaten kultura handia dugulakoan gaude, baina zenbait espezietara mugatzeko joera daukagu, eta kultura hori zabaldu nahi genuen.

Jango dutenek desberdinatasuna nabarituko al dute?

Ziur aski, Mutrikun, Ondarroan, Lekeition eta kostako herrietan egongo dira zenbait pertsona aldea nabarituko dutenak. Baina desberdintasuna nabaritzeak ez du esan nahi bata bestea baino hobea denik. Ekoizten urte asko daraman espeziea bada, itsasokoarekin antzekotasun handiagoa dauka. Azken finean, hazkuntzan dauzkazun izaki horiei etengabe ari zara dieta aldatzen, hobetzen... Ekoizten duenak saldu egin nahi du, eta ona ez balitz ezingo litzateke. Baina ez da bat bestearen aurka ipintzea, baizik eta aukera bi izatea.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.