Edukira joan

Jesus Mari sarasua ð- Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakaria

«Herrien batasunagaz gauza asko lor ditzake Amankomunazgoak»

Gizartea

Azokak, ingurumena eta gizarte zerbitzuak Amankomunazgoaren «hiru zutoinak» badira ere, Sarasuak ez du baztertzen esparru gehiagotara hedatzea.

Asier alkorta

Egunez egun, Lea-Artibaiko Amankomunazgoan sartuta dauden herrietako zerbitzuak «hobetzen eta berritzen» dabil Jesus Mari Sarasua (Markina-Xemein, 1950), Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakaria. Txosten burokratiko guztien gainetik, «pasientziaz eta arrazonamenduz» jokatzen duela dio eguneroko beharrean. Tarte bat hartu du, paper eta proiektuak albo batera utzi eta Amankomunazgoa zer den eta zer egiten duen azaltzeko.

Zelan hartu zenuen Iñigo Ansolak utzitako testigua?

Pozik hasi nintzen postu honetan lanean. Interesgarria iruditu zitzaidan, eta ilusio handiz egin nion aurre lanpostu berriari.

Motzean esanda, zer da Amankomunazgoa zuretzat?

Eskualde eremuko borondatezko entitate publikoa da. Estatutuen arabera bere helburua obrak egitea eta zerbitzu orokorrak eskaintzea da, beti ere, eskura ditugun baliabideak ahalik eta ondoen kudeatuz.

Eta zer da egiten duena?

Ingurumen, gizarte zerbitzuen eta azoken alorrean egiten dugu behar. Hiru puntu hauek Lea-Artibaiko Amankomunazgoa definitzen duten zutoinak dira. Hiruren baitan behar egiten dugu.

Beste eremuetan ez zarete sartzen?

Gauza guztiak ezin dira batera egin; banan-banan egin behar dira, horrela xehetasunak aztertu eta hobetzen ditugu. Hala ere, ez dugu baztertzen etorkizunean beste eremu batzuetara hedatzea.

Egiten dituzuen lan guztietatik, zein gailenduko zenuke?

Ingurumenean, zaborren kudeaketa daroagu, eta hori ez da edozelako beharra. Azokei dagokionez, lehen bi azoka egiten ziren, eta orain, urtean hamar bat egiten ditugu. Baina kontua ez da bakarrik azokak antolatzea. Bertoko ekoizleei salerosketarako gune edo leku zehatz bat ematean oinarritzen da azoken gaineko beharra. Bertoko produktuak bultzatzeaz gain, eskualdean ekoizten dutenei leku finko bat, hots, esparru zehatz bat ipini nahi izan diegu euren jarduna egin ahal izateko.

Gizarte zerbitzuak ere ez dira nolahalakoak, ezta?

Hasieran gizarte zerbitzuekin hasi zen lanean Amankomunazgoa. Berori izan zen lehen zerbitzua. Gerora, atal honetako premiak asko gehitu dira, eta esparrua zabaltzen joan gara. Urteetan, Lea-Artibaiko Amankomunazgoa aintzindaria izan da gizarte gaietan. Hala ere, oraindik, dena ez dago Amankomazgora bideratuta. Garapen arloa ere berton sartu zen, eta gero, ingurumenagaz hasi ginen. Denboraren poderioz, garapen arloko zenbait gai garapen agentziari pasatu genizkion.

Amankomunazgoak eskualde baten zerbitzuen zentralizazioa bultzatzen du. Zer dela eta?

Eskualdeko herri batzuei zerbitzu berdinak kalitate berdinean eskaintzea ahalbidetzen du Amankomunazgoak, eta hori aberasgarria da bertako bizilagun guztientzat. Herrien batasunagaz gauza asko lor ditzake Amankomunazgoak.

Denboraren poderioz, Lea-Artibain aurrerapauso asko eman dira. Nekez eman dira pauso horiek?

Amankomunazgoa sortzeko prozesu guztiak gogorrak izaten dira. Udalen eskumen bat da Amankomunazgoa, eta gauza berri guztiekin gertatzen den bezala, hasieran zalantzak dira nagusi. Orokorrean, amankumazgora sartzeko prozesuan borondate politikoa oso garrantzitsua izaten da, eta bertoko Amankomunazgoan ere garrantzitsua izan da.

Lohi bilketaren zerbitzua azkena izan da Amankomunazgoan. Zertan datza?

Aldundia birziklapen plana lantzen hasi zenean, guk ere zer edo zer egin genezakeela konturatu ginen, eta horrela, eskualdeko herrietan lohiak batu, bildu eta kudeatzeko ardura hartu genuen gure gain.

Abian ipinitako zerbitzu guztien gainetik zein izan da gaitzena?

Gizarte zerbitzua bera. Kanpotik ez badirudi ere, gizartera begira, gizarte zerbitzua da Amankomunazgoaren zutoin nagusiena, eta ondorioz, xehetasun gehien dituena. Baina zerbitzu honen balioa eta kalitatea jasotzen dutenek bakarrik ikusten dute. Kanpotik gaitza da zerbitzuaren ildoa ikustea.

Amankomunazgoak norentzat lan egiten du, herritarrentzat edo udalentzat?

Printzipioz, udalei eskaintzen dizkiegu guk zerbitzuak. Ondoren, horiek herritarrei helarazten dizkiete. Udaletan leihatilak izaten ditugula esaten dugu: herritarrek bertara jotzen dute arazoren bat badaukate, eta Udalak guregana jotzen du. Azken finean, herritarrengandik gertuago daude Udalak Amankomunazgoa baino, gu zentrala gara.

Gainerako amankomunazgoek zelan bideratzen dute euren jarduna?

Amankomunazgo guztiek ez dituzte gauza berdinak egiten; bakoitzak modu batera edo bestera bideratzen ditu bere zerbitzuak. Eskualdean sortzen diren beharrizanen arabera jarduten dute denek, guk bezala.

Oro har, amankomunazgoek eskualdeen izaera indartzen dutela esango zenuke?

Guztiok dakigu Lea-Artibai zer den, guztiok dakigu nongoak garen. Baina eskualdearen barruan, geure herria gailentzen dugu besteen gainetik. Besteak beste, A- mankomunazgoak herrien arteko batasuna indartzea du helburu.

Aurrera begira, zein berrikuntza duzue prestatuta?

Lanbide Hasiera izeneko programan erabiliko den eraikin berria martxan jarri nahi dugu aurten. Programa honek, Lanbide Heziketara ez doazen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu eta titulazioa lortu ez dutenei, lan munduan barneratzeko prestakuntza zabala jasotzeko aukera emango die.

Eremu honetan lan burokratikoak izaten dira nagusi, ezta?

Paper burokratikoek denbora asko behar izaten dute aurrera egiteko; guk nahi baino gehiago.

Egiten duzuen lana baloratzen dela sentitzen duzue?

Herritarrek udaletara jotzen duten heinean, gure zerbitzuak ondo doazen seinale da. Hala ere, udalen aldetik balorazio onak jasotzen ditugu; hori pozgarria da.

Aurrerantzean ere gogotsu lan egiten jarraitzeko indarrez zaude?

Berton lan egiten dugunok gogoz dihardugu, eta berdin jarraituko dugu egunez egun eta urtez urte.

 


Amankomunazgoak sortzeko prozesuak gogorrak dira; borondate politikoa behar izaten da

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.