
EAEk erabaki politikotzat jo du zergak kobratzeko Udalak hartutako erabakia
Politika
Desobedientzia zibila «eskubiderik ez duten herritarrentzat borrokarako frontea» dela dio EAEk; batzarra deitu dute biharko.
larraitz ibaibarriaga
«Erabaki politiko argia». Holantxerik izendatu du Ondarroako EAE-ANVk udal tasak ordaindu barik dauzkatenei kobratzeko enpresa bat kontratatzeko Udal Gestorak hartutako azken erabakia.
Salatu dutenez, Felix Aranbarri buru duen Udal Kudeaketa Batzordeak «bortxaz eta jipoiez geratu nahi du herritarren ahotsa, eta horregaz herritarrak geratu ez eta diru zigorrez zigortu nahi dituzte orain».
Herri iniziatiba
Zordun guztiei «moroso» deituta, herri iniziatibari prestigioa kentzeko asmoa daukate Udal agintariek EAE-ANVko hautetsien berbetan. Horren kontran, «eskubiderik barik dauden herritarrentzat eta herriarentzat desobedientzia borrokarako fronte bat» dela nabarmendu dute, eta kasu honetan, gainera, «herrian bizi den eskubide zapalketaren aurrean dagoen alternatiba bakarra» ari dela bi-hurtzen iritzi diote. «Horrexegatik eduki zuen ekimen horrek arrakasta, eta horregatik daukate golpistek ezker abertzalearen iniziatiba hori gelditzeko interesa».
Herri batzarrera joateko dei zabala
Aurreko legealdian EAJk horrelako pausorik eman ez, eta oraingoan Udal Kudeaketa Batzordea osatzen dutenek egin izatea ere ozen kritikatu du ezker abertzaleak. «Beharbada, urak pribatizatze bidean oztopoa dute ordainketa horiek ez egotea? Beharbada, ez dute nahi jaso herritarren iritzirik?», galdetu dute.
Udal Kudeaketa Batzordearen azkenengo ekimena dela eta, herri batzarra egingo da, bihar, 17:30ean hasita, Kalare Deuna Kofradiako hitzaldi aretoan, desobedientzia zibila egiten duten herritar guztientzat zein interesatuta dagoen edozeinentzat.
Amaitzeko, gogora ekarri dute desobedientzia zergatik hasi zen. «Herriarentzat udal plataforma eta horrek ordezkatzen zituen 2.410 herritarrak Udaletik kanpo atera gintuztenean erabaki zen desobedientziarako bidea hartzea». Orain, EAE-ANVk gehiengo osoa atera duenean ere, ezker abertzalea berriro erabaki guneetatik kanpora lagatzea leporatu diote EAJri, eta azaldu dute horretxegatik jarraitzen dutela herritarrek orain hiru urte hasitako ekimenagaz.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.