Edukira joan

Azken txanpari ekingo diote

Futbola

Liga amaitzeko partida gutxi gelditzen zaizkie Lea-Artibai eta Mutrikuko taldeei; helburuak betetzeko ahaleginak egingo dituzte.

erredakzioa

Egoera desberdinean ekingo diote Lea-Artibai eta Mutrikuko nagusien taldeek ligaren azken txanpari. Batzuek, mailaz igotzea helburu duten bitartean, mailari eustea izango da beste batzuen ardura.

Aurrera (Preferente maila)

Sailkapenaren bosgarren postuan daude Aurrerako nagusiak 48 puntugaz, lehenengotik (Ordizia) 8 puntura. Lehenengo buelta ondo joan zaio taldeari, eta denboraldia hasi aurretik ipinitako helburu nagusi biak bete ditu: lehenengo helburua estutasunik ez pasatzea zen, eta hori bete da. Taldea gaztea izanik, bigarren helburua etorkizunerako taldea egitea zen, ondarrutarrez osatua, eta hori ere «ondo baino hobeto» lortu da.

Izan ere, emaitza onak lortu ditu Aurrerak lehenengo bueltan, eta talde sendoa osatu du Bittor Lekunberri entrenatzaileak. Liga amaitzeko zortzi partidaren faltan, Aurrerak goiko postuetan mantentzeko helburua dauka, eta azken jardunaldietan hor egonez gero, mailaz igotzeko ahalegina egingo du. «Beti ere, helburua baino gehiago, mutilentzat oparia izango da», esan du Eladino Gonzalez taldeko lehendakariak.

Gaur jokatuko dute zortzi partidetatik lehenengoa, Zumaiakoren kontra, 19:30ean. 15. postuan dago Zumaiako, eta partida berezia izango da, Bittor Lekunberri Aurrerako nagusien entrenatzaileak igo zuen-eta Zumaiako taldea mailaz.

Berriatuko (Preferente maila)

Momentu honetan hamairugarren postuan dago Berriatuako taldea (18 postu dira guztira). Azken bost partidak galdu egin dituzte, eta momentu txarrean daude. «Bost partida hauek galtzeak burua jaitsiarazi digu. Gure mailan dauden hiru talde mailaz jaitsiko dira, eta gu muga horretatik hurbil gauden arren, dena aldatu daiteke azken momentuan», aitortu du Jagoba Arrasatek. Izan ere, gainontzeko mailak zelan dabiltzanen arabera, jaitsi egin daitezke edo ez. Aste Santua heldu arteko tartea nahiko txarra izan da Berriatukorentzat.

Hurrengo partida Berriatuan jokatuko dute Umore Onaren kontra, eta emaitza ona lortzea espero dute. Guztira, asteburuan jokatuko dutenagaz gainera, zortzi partida falta zaizkie, eta horietan dena ematen saiatuko dira. «Ez dugu teknikaz aldatuko, guk orain arte bezala jarraituko dugu futbolean jokatzen: zuhurtziaz eta umore onagaz. Izan ere, guk abantaila bat daukagu, oso ondo moldatzen gara taldekideok elkarren artean, eta hori gure aldeko daukagu zelairatzen garenean; ez dago haserrerik», adierazi du Arrasatek. Momentuz, jokatzen dakitela buruan sartu, sinestu eta aurrera egiten saiatuko dira. Bestalde, jokalari batzuk lesioak ere izan dituzte, eta hori ere ez da euren alderako izan. Orain, denak osatu dira, eta aurrera egiteko prest daude.

Lekeitio (Preferente maila)

Lekeitioko nagusien taldea 14. postuan doa, 18 taldeetako multzotik. Joseba Goikoetxea da entrenatzailea, eta orain arte lortutako emaitzak uste baino txarragoak izan badira ere, geratzen zaizkien partidetan hobeto ibiltzea espero du. Gainera, normalean, denboraldia amaitzerakoan, mailako bi edo hiru talde jaisten direla azaldu du, baina aurten, lau edo bost ere jaitsi daitezkela dio, «eta gu izango ginateke horietako batzuk». Beraz, taldeak puntuak lortu beharko ditu hori ez gertatzeko. «Helburua etxeko partidak ateratzea da, eta horrela mantentzea», esan du Goikoetxeak.

Etxean irabazi egiten ditu partidak Lekeitiok, baina kanpoan galdu. «Etxean, adibidez, Loiuren kontra irabazi genuen, eta hirugarren postuan dago taldea. Kanpoan, baina, galdu egiten dugu, eta hori hobetu egin behar da», adierazi du entrenatzaileak. Horrela, kanpoan jokatutako partiden artean bakarra irabazi dute. «Asko aldatzen da taldearen itxura kanpoan jokatzen duenean: urduri-edo ibiltzen dira eta ezin irabazita. Taldea oso gaztea daukagu, eta kategoria eta heldutasuna hartzea da egin behar duguna», aitortu du Goikoetxeak. Asteburu honetan etxean jokatuko dute, eta datorren astean, Urdulizen aurka jokatuko du Lekeitiok, kanpoan. «Gure atzetik doan taldea da, eta irabazi beharra daukagu», azpimarratu du entrenatzaileak.

Mutriku F.T

(Lurraldeko 1. maila)

Mutriku F.T. bere taldeko 12. postuan dago, 26 punturekin. Herriko mutilen talde nagusiak joko ona erakutsi duen arren, zorterik ez du eduki. Klubeko presidente Joxe Mari Etxaburuk talde nagusiaren egoeraren arrazoi nagusia jasotako gol kopuruan¬ 35 gol alde eta 45 kontra dituzte¬ ikusten du. «Joko mailan ederki dabiltza, baina partidako bi gol jasota ez da erraza aurrera egitea», azaldu du.

Mutilen talde nagusiak momentura arte jokatu dirtuzten 24 partidetatik zazpi irabaztea lortu du; horietako sei, etxean. Etxean jokatutako partidei errendimendu handiagoa atera diote herrikoek. Izan ere, Mutrikun jokatutako hamabi partidetatik sei irabazteaz gain, lau berdintzea lortu dituzte. Kanpoan , berriz, hamar irabazi, bat berdindu eta hamar galdu dituzte.

Aste Santurako bi partiden faltan, Hamaika Baten aurka jokatutako partidan, kolpe handia jaso zuten mutrikuarrek. Baina geldialdiaren aurrean, egoerari buelta eman, eta taldearen kalitatea agerian laga zuten, Intxaurreri 9-2 irabaziz. Geldialdiaren ondoren, Lagun Onaken aurka jokatu beharko dute. Lehen bueltan Azpeitiko taldea garaitzea lortu zuten, eta bigarrena ere, halaxe egin nahi dute. Liga hasieran gehixeago espero zen arren, liga amaitzeko sei partidaren faltan, mailari eustea da taldearen helburu nagusia.

Aste Santuen ondoren, neskek euren taldeko bigarren postuan ekingo diote kopari. Nesken talde nagusia, 22 punturekin, lehen postuan dago, Mondragonekin berdinduta . Gol kopurua da bi taldeen arteko aldea markatzen duena. Mutrikuarrek talde guztiz eraberrituarekin eta entrenatzaile berriarekin ekin zioten ligari. Horrela, hasieran denbora behar izan zuten jokoa eta taldea finkatzeko. Igoera faserako txartela ezin izan zuten lortu. Orain, berriz, kopa eskuratzea dute helburu, eta bide horretan doaz.

Partida politak eta emaitza ikusgarriak eskaini dituzte. Aste Santuko geldialdiaren ondoren, kanpoan ekingo diote berriz martxari: Zestoaren kontra arituko dira play off-etarako lau partida besterik gelditzen ez direnean.

Artibai F. T. (Lurraldeko 1. maila)

Mutrikuko mutilen taldea baino hobeto dabil Markina-Xemeingoa. Hirugarren postuan dago, 53 puntugaz, eta aurretik, Mungia eta Iurretako ditu, 55 eta 54 puntugaz hurrenez hurren. 26 partida jokatu ditu; azkena, pasa den astean, Leioa Bren kontra. Gauzak ez zitzaion taldeari nahi bezain ondo joan, eta 2 eta 1 galdu zuen taldeak hirugarren postura jaitsiz.

Lehen postua lortzeko lehian ibili da taldea, baina lehen postuetan dauden Iurretako eta Mungia ere ez daude etsitzeko, eta hiruren artean borroka estua daramate aurrera. Beraz, lehenengo hirurek huts egite handirik egiten ez badute, euren artean erabakiko da zeintzuk talde igoko diren mailaz. «Guk, igo nahi dugu, baina ez daukagu inolako presiorik. Talde gaztea gara, ona eta ilusio asko duena», esan du Unai Maiztegi Artibai Ako entrenatzaileak.

Artibai Aren aldeko da bere aurkari zuzen bien kontrako partidak jokatuta dituela. Hala ere, taldea adi ibili beharko da emaitzekin hutsegiteek lehenengo postuetatik aldendu dezakete eta. Bestalde, Mungiari eta Iurretakori elkarren kontra jokatu beharreko partida geratzen zaie. «Lasaien eta beteranotasun gehienaz jokatzen duenak igoko du», dio Maiztegik.

Aste honetan, Errigoitiren kontra jokatuko dute kanpoan. Errigoiti bostgarren doa, 43 puntugaz, eta lehenengo bueltan, Artibaik 2 eta 0 irabazi zion Barroetan. Azkenengoari izan ezik, Errigoitiren ondorengo guztiei ere irabazi egin zien taldeak lehenengo bueltan.

Nagusiez gainera, Artibaiko kadeteen mailak ere igotzeko aukera handia dauka. Taldea, lehenengo postuan dago, 57 puntugaz, eta atzetik Zaldua dauka, 5 puntura. Kadeteak, denboraldi ikaragarri ona egiten dabiltza: 21 jardunalditan 19 partida irabazi dituzte eta beste bi galdu. Artibaiko neskak justu taularen erdian daude, 34 puntugaz. Lau jardunaldi falta zaizkie amaitzeko, eta ez dute ezer jokoan. Hurrengo partida etxean dute, La Merced taldearen kontra.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.