
Dikea urte amaieran bukatzeko asmoa agertu dute Jarraipen Batzordean
Ekonomia
Mutriku Biziriken eskaeraz, eta obrarekin erlazioa duten guztiak batuz, bilera berri bat egin zuten herenegun.
garbiñe garagarza
Babes dikea urtearekin batera bukatzea da herenegungo Jarraipen Batzordean azaldutako helburua. Batzordea Mutriku Biziriken eskaeraz bildu zen, dikeari eta energia plantari buruz hitz egiteko.
Azken Jarraipen Batzordea 2007ko abuztuan egin zen. « Mutriku Biziriketik genituen kezkak azalduz eta bilera eskaera eginez, 2008ko martxoaren 6an eskutitza bidali genuen Jaurlaritzara», azaldu zuen Mutriku Bizirikeko kide Joxe Agustin Elezgaraik.
Bileran, obrarekin erlazioa duten erakunde eta enpresetako ordezkariak bildu ziren: alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Andoni Idoiaga; Udalaren izenean, eta Joseba Etxearte aparejadoreak lagunduta, Josebe Astigarraga alkatea; eta Berdeak-Independenteak plataformaren izenean, Iñigo Agirre. Bestalde, obra zuzendari Elizabeth Jauregi eta Natxo Lopez de Aguileta injeniaria; Euskal Eneregiaren Erakundetik (EEE), bi teknikariren laguntzarekin, Javier Markez; eta Mariezkurrena enpresako lau ordezkari ere han izan ziren. Mutriku Biziriken izenean, berriz, Domeka Lasarte, Anton Ibarrola eta Joxe Agustin Elezgarai izan ziren bileran.
Ahotan erabilitako gaietako bat babes dikearen martxa izan zen. Amaierarako data posiblea emateaz gain, hurrengo pausoak zeintzuk izango ziren azaldu zituzten Jarraipen Batzordean. «Energia plantarekin bukatu nahi dut apirilean, eta ondoren, dikea luzatzen jarraitu». Horretarako, lehenik, neguari aurre egiteko babes dikearen muturrean jarritako harrizko errefortzua kenduko dute.
Informazioa zabaltzen
Jarraipen Batzordean ukitutako beste gaietako bat eraikitzen ari diren energia planta izan zen. Mutriku Bizirikeko kideek plantari buruzko «informazio zabalaren beharrezkotasuna» azpimarratu zuten.
«Aurrez EEErekin izan genituen kontaktuetan, informazioa etxeetara helarazteko asmoarekin zebiltzala esan ziguten. Horretaz gain, hitzaldi bat edo antzeko zerbait egitea ere hobela zela proposatu genien. Horren guztiaren berri azaroko Osoko Bilkuran eman genuen. Ana Agirre eta Nuria Lopez de Gereñuk herrira egindako azken bisitalditik, ordea, ez genuen aurrerapenik ikusten. Gure kezka nagusia herritarrei eskaini beharreko informazioa sailburuek esandakoan gelditzea zen».
Bileran, ordea, etxez etxeko informazioa banatzear dela azaldu zieten, eta hitzaldiaren ideia ere aurrera eramatekotan gelditu ziren. «Hitzaldia apirilean egiteko asmoa agertu zuten, eta ahotan erabili genituen daten artean, hilaren 17a zegoen. Baina zehazteke gelditu zen».
Hondartza, 2009rako nahia
Kosten Zuzendaritza Nagusiari aurkeztuko dioten hondartzako guneko proiektua erakutsi zuten herenegungo bileran. Kosten Zuzendaritzak hondartzaren adskripziorako eskatutako egonkortasun proiektuari erantzuten dio.
Egonkortasun proiektuaren aurkezpena Kosten Zuzendaritzak jarritako derrigorrezko baldintza zen hondartzaren esleipenerako. Aurkeztuko duten proiektua udal arkitekto Agustin Erreak egindakoa da. «Eusko Jaurlaritzak ontzat eman du arkitektoak egindako lana, eta horixe izango da Kosten Zuzendaritzak onar dezan bidaliko dutena».
Proiektuan, gaur egun Danbor atzean dagoen zabalgunea zerbitzugune bihurtzen da. Gainontzeko gune guztia hondartza litzateke, babes dikeak L forma hartzen duen gunea izan ezik. Han 50x40 metrotako igerilekua jartzea aurreikusten da.
Proiektuarekin batera, Kosten Zuzendaritzari beste eskaera bat egitea ere adostu zuten bileran: hondartza gainean gelditzen den Burumendiko malda sendotzea eta gaur egun bigarren hondartzaraino doan paselakua hirugarren hondartzaraino luzatzea.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.