Edukira joan

jatetxeen pintxoak

Sei jatetxek hartuko dute parte:

Jarri Toki jatetxea

Pintxoa. Berdel Karraskatua.

Osagaiak. Berdela, tipula, porrua, piper berdea, azenarioa eta pasta brick.

Urratsak. Tipula, piperra, azenarioa eta porrua juliana erara moztu eta oliotan egiten laga. Bitartean, berdela egosi eta ondo garbitu. Azkenik, pasta brick zati baten gainean berdel zati bat eta berdura batzuk jarri eta pastarekin bildu. Ondoren, frijitu.

Kai jatetxea

Pintxoa. Berdel pudina.

Osagaiak. 6 arrautza, 1/2 litro esnegain, tomate frijitua,berdela, intxaur muskatua, piper hautsa.

Urratsak. Arrautzak, esnegaina eta tomate saltsa nahastu. Berdel egosiari azala eta hezurrak kendu eta txikitu. Gehitu nahaskiari. Gatza, piper-hautsa eta intxaur muskatua gehitu. Labeko moldea gurinez eta ogi xehetuaz igurtzi eta labean maria bainua erara egin ordubetez, 140 gradutan.

Urgain jatetxea

Pintxoa. Tipula, gatza, ozpina eta olioz ondutako berdela, espinakadun ozpin olioarekin.

Osagaiak. Berdela, espinaka, tipula, piper berdea, perrexila, gatza, olioa eta ozpina.

Urratsak. Berdela egosi eta ondo garbitu. Aparte, espinaka konfitatu olio pixka batekin. Ondoren, binagreta egin tipula, piper berdea, olioa, ozpina eta perrexilarekin. Osatzeko, berdela ogi gainean jarri, kofitatutako espinaka gainean duela eta binagretarekin gozatu.

San Juan Jatetxea

Pintxoa. Berdel kutizia pikiloarekin.

Osagaiak. Berdel egosia, piper pikiloak, oliba olioa.

Urratsak. Berdela egosi eta garbitu. Piperrak tiratan moztu. Aurkezteko, piper zati bat jarri, ondoren berdela, eta gainetik oliba olio berdearekin eginiko saltsa bota.

Ormazabal jatetxea

Pintxoa. Hojaldrea tomate konfitatuarekin.

Osagaiak. Berdela, piper berdea, tipulina, tomatea, hojaldre otarrak.

Urratsak. Tipulina eta piper berdea txikitu eta egiten laga. Tomateak eskaldatu, zuritu eta txikitu. Guztia elkartu, eta azukrea gatza eta albahaka pixka bat bota. Ondoren, berdela gehitu, eta dena bere puntuan dagoenean, hojaldre otarrak bete.

Cantabrico

Pintxoa. Berdel lomoak olio errearekin.

Osagaiak. Berdela, yogourt naturala, baratxuria, olioa.

Urratsak. Baratxuria oliotan beratu. Yogurtarekin nahastu. Berdelari lomoak atera, garbitu eta plantxan egin. Saltsa gainetik bota.



 


Jatetxeen errezetek dakarte berritasuna Berdel Egunera

Jaiak

Berdel Egunean pintxoak eta musika izango dira protagonista; 70.000 pintxo banatuko dituzte, egun guztiko ekimenetan.

garbiñe garagarza



Berdelezko pintxo berriak eskainiko dituzte XIII. Berdel Eguneko ospakizunean parte hartuko duten jatetxeetako batzuk. Euren pintxoak izango dira jaialdiaren berrikuntza.

Berdel Eguneko ospakizunak aurreko egunetako ekimenekin hasten diren arren, zapatua izango da, ohi bezala, aurtengo egunik handiena. Musika eta batez ere, berdela izango dira eguneko protagonistak. Izan ere, goizean zein arratsaldean banatuko diren berdel pintxoak kontuan hartuta, 70.000 pintxo inguru egongo direla kalkulatu du turismo teknikari Marta Amonarrizek. «Sei jatetxeetako sukaldarien artean, 22.000 pintxo egingo dituzte. Horretaz gain, 15.000 kroketa, piperradazko 5.000 anoa, 18.000 txaka pintxo eta 8.000 marmitako anoa egingo dituzte. Gainera, berdel erre platerak eta kontserbak eskainiko dira, eta goizean, ere pintxoak jateko aukera egongo da tabernetan. Ez da berdel pintxorik faltako, ez!».

Bakoitzak bere pintxoa

Arratsaldeko dastaketan hainbat lagun ariko dira lanean; tartean, sei jatetxeetako sukaldariak (bakoitza bere lan taldeaz inguratuta).

Pintxo guztiak prest egoteko, ordea, herriko hainbat lagun aritzen dira lanean. Marmitakoa, esate baterako, herriko elkarteetako kideek prestatzen dute. Deialdia Ziñua, Etxe-kalte, Hogar del Marinero, Txoko-Eder eta Narruperi egiten diote. Txaka Kai-gain elkartearen esku gelditzen da, Xabi Mendiguren buru dutela. Piperrada, berriz, Valentin Zumalabek prestatzen du, eta berdel errea, herriko marinel ohiek zuzendutako lan taldeak prestatzen du. Egunean banatzen diren kontserbak Nardin (keztatua) eta Ortiz (eskabetxea) enpresek emandakoak izaten dira. Tabernariek, berriz, Udalak emandako berdel freskoa jasotzen dute, eta bakoitzak aukeratzen du ze pintxo egin.

Lanerako eskuak

Pintxoak prestatzen ezezik, egunean bertan eta aurretik ere hainbat lagun aritzen dira lanean: batzuk, berdela garbitzen, besteak, pintxoak prestatzen, eta beste batzuk, zerbitzatzen. «Jende guzti horren borondatezko lana da dudarik gabe, jaia aurrera ateratzen duena».

Helburuei begira, berdelaren promozioa egiteko ekintza bezala ulertzeaz gain, herria aitzera emateko bide bezala ikusten du Amonarrizek Berdel Eguna, eta horretan, herrikoen lanak berebiziko garrantzia duela aitortu. Zapatuan lan horren fruitua ikusiko da, eta XIII.a izan arren, «egun berezia» izatea espero dute antolatzaileek.





Birpopulaketa landuko dute III. akuikultura jardunaldietan

Hezkuntza

Bi egunetan banatuta, itsasoa zein ibaiak kontuan hartuko dituzten sei hitzaldi prestatu dituzte.

g. garagarza



Birpopulaketa izango da akuikultura eskolak antolatu dituen III. jardunaldien gai nagusia. Itsasoa zein ibaia landuko dituzte bi egunetan banatutako sei hitzaldiren bidez.

Jardunaldiak Berdel Eguneko ospakizunen barruan izango dira, aurten ere. Ohi den bezala, Zabiel Kultur Etxean izango dira, eta parte hartu nahi duten guztientzat zabalik egongo dira. Izena emateko azken aukera gaur izango da. Parte hartzeko interesa duten guztiek, www.mutrikubhi.net helbide elektronikoa erabili ahal izango dute horretarako.

Bi egunetako jardunak ordutegi berbera edukiko du: 09:00etatik 13:30era. Lehen egunean, Itsas zientzietako doktore Jose Carlos Mariñok Galizian itsasoaren birpopulaketarako dituzten planen gainean hitz egingo du. Mariño da, hain zuzen ere, Galizian aurrera eramaten ari diren planaren koordinatzailea.

Atsedenaldi motz baten ondoren, Azti-Tecnaliako Itsas Ikerketa Saileko zuzendari Lorenzo Motosen txanda izango da. Motosek euskal kostaldearen balizko birpopulaketaren inguruko hausnarketara bideratuko ditu entzuleak. Azkenik, eguneko saioak ixteko, EHUko farmazia fakultateko ikerlari Maria Jose Madeirak ondoko gaia landuko du: amurarrainaren birpopulaketaren eragin genetikoa espeziaren populazio naturalean.

Bigarren eguneko hitzaldiak Azti-Tecnaliako ikerlari Estibaliz Diazek zabalduko ditu. Diazek aingiraren berreskuratze planak eta kudeaketa irizpideak azalduko ditu.

Haren atzetik, ibaietako karramarroaren berreskuratzeari buruzko hitzaldia eskainiko du albaitaritza zientzietan doktore Felix Royok.

Atsedenaldirako tartea egin ondoren, jardunaldiak itxiko dituen saioa eskainiko du Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien sailburu Iñigo Mendiolak. Gipuz izokina berreskuratzeko dagoen planari buruz ariko da Mendiola.



 


egitaraua



XIII. Berdel Eguna ospatzeko prestaturiko ekimenak bihartik aurrera gorpuztuko dira.

Apirila 2, eguaztena

19:30. Zabiel kultur Etxean, Apaizac Hobeto bideo emanaldia eta solasaldia Jon Maiarekin Ternuara egindako bidaiaren inguruan.

Apirilak 3 eta 4

09:00etatik-13:30era. Akuikulturako III. jardunaldiak Zabiel Kultur Etxean.

Apirilak 4, barikua

14:00. Akuikulturako produktuen dastaketa Zabielen.

19:30. Juan Bidegainen Kardala dokumentalaren emanaldia.

Apirilak 5, zapatua

Goizean. Bezeroentzat berdel pintxoak doan herriko tabernetan.

10:00. Bertan dendari elkartearen merkatu txikia Goiko Plazan.

10:00a Kalatxori Bela Elkarteak antolatuta Mutrikuko III. Urrezko Berdela estropada.

12:00. Trikitilari eta txistularien kalejira.

13:00. Herriko abesbatzen kontzertua Zabiel Plazan.

17:00ak aldera. Mutrikuko IV. belauntzien txapelketaren bukaera.

17:30. Berdel pintxo dastaketa herriko portuan.





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ZINEMA


LEKEITIO, Ikusgarri zinema aretoa - 2008-12-05

ZINEMA


LEKEITIO, Ikusgarri zinema aretoa - 2008-12-06

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.