Abortatzeko eskubidearen alde, autoinkulpatzeko deia egin du Uxuk
Gizartea
Gaztetxean eta lau tabernatan laga ditu taldeak agiriak, herritarrek sina ditzaten; domekan kalean egongo dira.
larraitz ibaibarriaga
Sinadura bilketatik haratago doan ekimena ipini du martxan Uxuk egunotan, «konpromisoa eskatzen duena». Abortatzeko eskubidearen alde, autoinkulpazio kanpaina hasi du.
Anaitasunan, Kulixkan, Basatin Jai Braian eta Gaztetxean autoinkulpatzeko orriak ipini dituzte taldeko kideek herritarren eskura, emakumeek sinatzekoak batzuk, gizonezkoek sinatzekoak besteak, «emakume batek bere burua autoinkulpatzea eta gizonezko batek egitea» gauza bera ez delako. Hartara, «gizonezkoek andreari abortatzen lagundu izatearen errua egotziko die euren buruari sinadura ematean».
Informazioa, kalean
Domekan sinadura mahaia kalera aterako du Uxuk. Taldekideek jakin eragin dutenez, 12:00etatik aurrera egongo dira, Itsasaurre inguruan ¬tabako dendaren aurrean ahal bada¬, abantean ipini duten kanpainaren berri ematen.
Ekimenagaz «emakumeen eta gizonen arteko berdintasun harremanak modu askean garatzea ahalbidetuko duten eredu berriak» bultzatu nahi ditu Uxu emakume taldeak, «kontzientzia, ideologia eta praktika feminista hedatuta».
autoinkulpazio agiria
Agiriaren pasarte batzuk:
«Elizako agintariek eta eskuindar sektoreek familia tradizionala eredu posible bakarra bailitzan inposatu nahi digute. Baina eredu horrek sexuen arteko hierarkia harremanak ezartzen ditu eta emakumearen dependentzia emozional eta ekonomikoa bultzatzen du. Zera exijitzen dugu:
a)Abortatzeko eskubidea. 1979tik 1984ra, mugimendu feministak gizarte-sektore ezberdinen laguntzarekin batera, abortatzeagatik epaitu zituzten Basauriko hamaika emakumeen defentsan borrokatu zuen. Andreak aske geratu ziren, baina abortua ez zen kode penaletik kendu. [...] Azkenaldian, hainbat pertsona atxilotu eta ustez legez kanpoko abortuak egiten zituzten klinikak itxi dituzte. [...]
b)Emakumeen eskubidea da, nahi duten harreman afektibo-sexual mota aukeratzeko. Emakumeok gure gorputzagaz eta bizitzagaz zer egin erabakitzeko eskubidea daukagula pentsatzen jarraitzen dugu. Eta eskubide hori beste pertsonekin ditugun harreman afektibo-sexual mota guztietara eta sortu nahi ditugun elkarbizitzarako ereduetara (nahitaezko amatasuna behartzen ez dutenak) hedatu behar da.
d)Sexu-heziketa edukitzeko eskubidea, emakume bakoitzak askatasunez erabaki dezan. [...]Kontrazepzioa hala sexualitatea eta amatasuna desberdintzeko nola nahi ez diren haurdunaldiak ekiditeko berme bakarra da.
Eskakizun orokorrak hauek dira:
1.- Emakumeek euren gorputzarekin zer egin erabakitzeko eskubidea izatea eta hau bermatzen duen lege bat onartzea. Lege bat haurdunaldien eteteak Osakidetzan era normalizatu baten egitea ahalbidetuko duena eta askatasunez abortatzen duten emakumeen eta kliniken aurkako jazarpena geldiaraziko duena.
2.-Emakumeen eskubide sexualen eta ugaltze eskubideen alde egingo duen prebentzio programak ezartzea, baita sexu-heziketa zabal eta eraginkor bat abian jartzea ere. [...]