Edukira joan

Lea Ibarreko lehendakaria izango da Iker Belaustegi, berriro ere

Politika

Amorotoko Udalak ez du parte hartu hautaketa prozeduan, baina quorum-a egon denez, bozketa egin ahal izan da Gizaburuagan, mankomunitatean.

asier alkorta

Atzo goizean, Iker Belaustegi Munitibarko alkatea Lea Ibarreko lehendakari hautatu zuten Aulesti, Gizaburuaga eta Munitibarko udalek eta Mendexako Batzorde Kudeatzaileak. Amorotoko ordezkariak ez ziren Lea Ibarreko Mankomunazgora agertu, lehendakaritzarako hautagai bi zeudela eta hautaketa prozesuan ez zutela parte hartu nahi arrazoituz. Iker Belaustegi (Munitibarko alkatea) zen bata, eta hamabost boto eskuratu zituen; Jon Bollar zen bestea (Aulestiko alkatea), eta hamabost boto izan ziren bere alde. Beste boto bat zuria izan zen.

Iazko urrian zen egitekoa lehendakaria aukeratzeko batzarra, baina ordezkari guztien faltan, atzeratu egin zen. Harrez gero, Iker Belaustegi izan da jarduneko lehendakaria.

Mankomunazgoak Gizaburuagan duen egoitzan egin zen lehendakaritzarako bi hautagaien aukeraketa. Bertara, Lea Ibarra osatzen duten bost herrietatik hiru udaleko ordezkariak eta Mendexako Batzorde Kudeatzaileko ordezkariak agertu ziren; Amorotok ez zuen hautaketa prozesuan parte hartu nahi izan. «Jon Bollar eta Iker Belaustegi, biak ala biak, hautagaiak dira, eta ez dugu bien artean bat aukeratuko», zioen Amorotoko Udalak helarazitako oharrak. Izan ere, orain arte, adostasun batera ailegatu, eta hautagai bakarra egon izan da.

Amorotarrak falta arren, gutxieneko partaidetza bermatuta zegoela ikusita, eta Mendexako EAE-ANVko zerrendaburu Aitor Idoiagabeitiak hautaketa bertan behera lagatzeko eskatu ostean, bozketa egin zen. Maria Angeles Aldekogarai Gizaburuagako alkateak hemeretzi botorekin lau urtez luzatu du diruzain kargua. Lehendakariordea Jon Bollar izango da.

Ertzaintza inguruan

Laster baten eta arazo barik amaitu zen hautaketa prozesua. Belaustegi lehendakari postuan ipini ondoren, hilabeteko epea eman dute gainerako karguen izendapena egiteko.

Ertzaintzaren autoak ere goizean goizetik Mankomunitatearen aurrean egon ziren, Aldekogaraik urruntzeko eskatu zien arte.

Izan ere, iazko urrian, lehendakaria hautatu behar zen egunean, Lea Ibarreko bizilagun batzuek hautaketa prozesuan «Mendexako eta Munitibarko herritarrek aukeratutako ordezkariek ez zutela bozka eskubiderik izango salatzeko, eta, beraz, lehendakaria hautatzeko prozesua ez zela zilegizkoa adierazteko» elkarretaratzea egin zuten Mankomunitatearen aurrean. Orduan, Mendexako Batzorde Kudeatzaileko ordezkariak eta Munitibarko Udalekoek alde egin zuten, eta, ondorioz, gutxieneko partaidetzarik ez zegoenez, aukeraketa bertan behera geratu zen, atzoko egunera arte.

 

«Herrietako ordezkari guztien parte-hartzea bermatzen ahaleginduko naiz»

Iker Belaustegi ð- Lea Ibarreko lehendakaria

Munitibartarraren ustez, herri txikiek bakarka lortu ezin dituztenak lor daitezke Mankomunitateko batasunean oinarrituta.

a. alkorta



Lehendakari izendatu bezain pronto, ideiak argi dituela agerian utzi nahi izan du Iker Belaustegik (Munitibar, 1979).

Zein da lehendakari zaren aldetik egingo duzun lehen gauza?

Momentuz, Lea Ibarreko herrietan dagoen arazoa konpontzea izango da lehendabiziko eginkizuna. Ahal den neurrian, forma legal bat topatzen saiatuko naiz; ordezkari guztien parte hartzeko eskubidea bermatzen saiatuko naiz.

Lau urtera arazoak egongo al dira lehendakaria hautatzeko?

Printzipioz, denei laguntzeko prest nago, eta egoera hobe bat lortzen ahaleginduko gara. Horretarako, batzarrak egin nahi ditut denekin; denen asmoak eta kezkak jakin nahi ditut.

Beste alorrei dagokienez, zer dago egiteko Lea Ibarran?

Azpiegitura aldetik ere gauza asko daude hobetzeko, telefono mugikorren seinalea eta errepide sarea, esate baterako.

Zer ekarpen egiten die Lea Ibarreko Makomunitateak bost herriei?

Badira zenbait gauza herriek bakarka ezin dituztenak egin, ostera, denak batuta, bideratu daitezke. Horrek garapenean jarraitzeko aukera ematen digu. Kanpora begira ere, gauza asko landu behar ditugu; turismoa, adibidez.



 

«herri batzuetako arazoa lea ibarrera zabaldu da»



Lehendakaria aukeratzeko bozka hasi baino arinago, Aitor Idoiagabeitia Mendexako EAE-ANVko zerrendaburuak hautatze prozesua ez dela zilegizkoa esan zuen. «Mendexako lau zinegotzik eta Munitibarko bik ez dugu bozketa horretan parte hartzeko aukera izan, eta ondorioz, lehendakaria Lea Ibarra osatzen duten herri guztietako bizilagunen berme barik egongo da».

Egoera horren aurrean, proposamen bat mahaigaineratu zuen Idoiagabeitiak: «Gaurko ¬atzo¬ bilera bertan behera utzi eta batzar berri bat egiteko deia proposatu nahiko genuke legez kanpo gauden herritarren ordezkariok. Batzar horretan, Lea Ibarreko Mankomunitatean gure parte-hartzea forma legal baten bidez bermatzeko ideiak pentsatu ditzakegu, eta ondoren, lehendakaria hautatuko dugu».

Horrela izan ezean, Mendexa eta Munitibarko herrietan dagoen arazoa Lea Ibarreko gainerako hiru herrietara hedatuko zela aurreratu zuen Idoiagabeitiak.

Ostean, Txomin Aurrekoetxea Mendexako Batzorde Kudeatzaileko ordezkariak ondokoa esan zuen: «Egitarau bat betetzera etorri gara hona, eta hori egingo dugu; beraz, jarrai dezagun hurrengo puntuagaz, lehendakaria hautatzea».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12

ZINEMA


LEKEITIO, Azkue aretoan - 2008-12-05

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.