
Esperantza alboko eraikina erre da
Gertaera
Suhiltzaileen bost kamioi behar izan ziren sua amatatzeko; alboko eraikina hustu egin zuen Ertzaintzak, «langileen segurtasunerako».
edurne burgaña
Markina-Xemeingo Esperantza eraikuntzaren alboko eraikinak su hartu zuen atzo arratsaldean. 17:30ak aldera ailegatu ziren suhiltzaileak, eta 19:00etan amaitu zuten beharra. Bitartean, Esperantzako behargin guztiak irtenarazi zituen Ertzaintzak.
Markina-Xemeingo alkate Jabier Alberdi azkar joan zen eraikina dagoen lekura. Azaldu zuenez, eraikina hutsik dago gaur egun, eta botatzeko proiektua martxan dago udaletxean: «Sua Ekoaktiba enpresaren alderdian izan da, eta kalteak badaude, baina txikiak. Horren alboan, Osteolan enpresa dago, eta hango makineria ez da kaltetu, ez suarekin, ezta amatatzerakoan ere. Gehiago izan da keak sortu duen alarma, suarena baino».
Ke asko eta su gutxi
Alberdik azaldu duenez, eraikina botatzeko proiektua udaletxean dago, onartuta: «Baimen baten zain gaude botatzen hasteko, egunotan botatzeko ginen».
Suhiltzaileen bost kamioi joan ziren Xemein etorbidean piztutako sua itzaltzera: Markina-Xemeingo hiru lehendabizi, eta apur bat geroago, Iurreta eta Basauriko beste bana.
Bost kamioi behar izatearen arrazoia azaldu zuen suhiltzaileetako batek: «Protokolo berezi bat jartzen dugu martxan horrelako kasuetan: lehendabizi, gertuen dagoen parkeko suhiltzaileak joaten dira sua amatatzera; kasu horretan Markina-Xemeingoak; eta atzetik, inguruko beste bi parkeetakoak joaten dira».
Suhiltzaileek eurek azaldu zutenez, segituan lortu zuten sua itzaltzea. «Kea oso ikusgarria izan da, erretako gomak ke asko sortzen duelako, baina su gutxi eta ke asko egon da. Aparra erabilita segituan lortu dugu sua amatatzea», jakin eragin zuten.
Zergatia aztertzen
Sutearen zergatia jakiteko goizegi zela azaldu zuten suhiltzaileek, baina sua hartu zuten materialak neumatikoa eta plastikoa izan zirela gaineratu zuten: « Ekoaktibako lokaletan motorzaleentzako babesgarriak aztertzeko esperimentu bat egiten ari dira. Neopreno birrindua plastiko bategaz nahasten dute beroaren bidez, 160 gradutara. Horregaz, molde bat egiten dute babes modura erabiltzeko, eta bazter babesean ipintzen da. Modu horretara, motorzaleek moldea jotzen dute, eta ez, bazter babesa».
Eraikina, gaur egun hutsik
Suak eragindako kalte materialak, beraz, txikiak izan ziren atzokoan, eraikina erdi hutsik zegoelako. Baina, sasoi batean, enpresa gehiago egon izan dira Esperantza alboko eraikin horretan. «Holtek eta Tekniplast enpresak Gizaburuagan daude orain, baina hortxe zeuden lehenago, hasierako urteetan; Kidek ere eduki zuen proiektu bat martxan, eta orain, Azaro Fundazioaren Azpiri eraikinean daude, eta Osteolan enpresa, itxita dago gaur egun», aditzera eman zuten eraikinaren alboan beharra egiten dutenek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.