
Taldearen helburuen berri eman dute Batzar Nagusian
Lekeitio
Tximistak joan den denboraldiko lorpenak ere errepasatu ditu kultur etxean batutako 50 lagunen aurrean.
edurne burgaña
Tximista Atletismo Taldeak Batzar Nagusia egin zuen joan den zapatuan, Kultur Etxean. 19:00e-tan zeukaten hitzordua ipinita, eta 50 lagun inguru batu ziren han esango zirenak entzuteko. Besteak beste, joan den denboraldiko lorpenak eta materialetan eta instalazioetan egindako inbertsioak izan ziren han berba egindakoak.
Tximista Atletismo Taldeak aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak eta infantilak batzen ditu eskola umeen artean. Eta aurtengo denboraldian, herriko ikastetxeak arduratzen dira maila horietaz.
Federatuen artean, beste bost maila daude: kadeteetan hiru atleta daude, neskak hirurak; jubeniletan hamasei: hamaika neska eta bost mutil; juniorretan hamaika: bost neska eta sei mutil; promesa mailan sei atleta: bi neska eta lau mutil; eta azkenik, senior mailan bi atleta daude, mutilak biak. Talde horien arduradunak Jose L. Salio, Iratxe Gutierrez, Lolo Garzia eta Antonio Cid dira.
Neskek lortutakoak
2006-07 denboraldian lortutako lorpenen errepasoa ere egin zuten batzarrean. Emakumeen taldearen emaitzak aipatu zituzten: Bizkaiko Junior Kross Txapelketan eta Euskadiko Kadete Kross Txapelketan, adibidez, lehenengo postua lortu dute; Euskadiko 19 Urte Azpiko A Txapelketan eta Euskadiko Kadete Kross Txapelketan bigarrena, eta Bizkaiko Kadete Kross Txapelketan, hirugarrena.
Taldeak helmuga hauetara ailegatu nahi du: «Nesken taldea mantendu eta mutilena handitzea nahi dugu. Eskola mailan, ikastetxeekin harreman onak eduki nahi ditugu, taldeak mantendu ahal izateko. Horretarako, koordinatu egin behar gara, eta elkarri lagundu. Horretaz gain, entrenatzaile asko eta ondo prestatutakoak lortu nahi ditugu, baita eskualdera zabaldu ere. Horrela, Lekeitio, Ispaster, Amoroto, Ondarroa, Munitibar, Mendexa, Berriatua, Gizaburuaga eta Ermuako atletak biltzea nahi dugu. Eta azkenik, Bidezabal taldearen filiala izaten jarraitu», azpimarratu zuten.
Materiala eta instalazioak
Beste alde batetik, materialen arloan lortutakoak aipatu zituzten: «Furgoneta bat daukagu bidaiak egiteko, eta arropa berria ere erosi ditugu. Koltxonetarako estalkia ere badaukagu, eta pertika bat, lau mailu eta gimnasiarako beste material batzuk ere erosi ditugu: barrak, pisuak eta mankuernak».
Instalazioetan ere hobekuntzak egin dituzte: «Aldagelak, bulegoa, garajea, gimnasioa, biltokia eta zuloetarako hondarra hobetu ditugu», gogorarazi zuten Tximista Atletismo Taldekoek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
DEIALDIAK
PODOLOGO ZERBITZUA
MARKINA-XEMEIN, - 2008-10-01
DEIALDIAK
Elkartasun Eguna
MARKINA-XEMEIN, - 2008-10-09
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.