
Hilerria birmoldatzeko lehen pausoak emango ditu Udalak
Hirigintza
Ehorzketarako gunea lurra izan beharrean, aurrez prestaturiko horma-hilobi uniformeak izango dira.
garbiñe garagarza
Hilerria birmoldatzeari ekingo dio Udalak. Lehen fasean, lur emateko modua aldatuko dute. Orain arte, lurra erabili izan da ehorzketetarako; orain, berriz, aldez aurretik prestaturiko gune berdinak erabiltzen hasiko dira; hau da, lurrean kokatuta egongo diren horma-hilobiak erabiliko dira.
Aldaketa zatika egingo dute. Hilerriko elizaren atzeko aldean dagoen sailean hasiko dira obrak. Hiru ilara egokituko dituzte lehenik. Udalak prestatuko ditu gune berriak. Gune horien estalkiak ere Udalak berak jarriko ditu, eta guztiak berdinak izango dira. Hala ere, herritar bakoitzak bere oroitarria jartzeko aukera edukiko du.
Birmoldaketaren arrazoi nagusia langileen segurtasuna eta lan baldintzen hobetzea dela azaldu du Felix Azpiazu alkateordeak. «Orain arte, duela bi mendetako eran egin izan dira ehorzketak. Sistema berriarekin, lur-emaileak lurra zulatzen jardun beharrik ez du izango. Lan hori, astuna izateaz gain, euria egiten duen bakoitzean, asko zailtzen da, lur guztia basa bihurtzen baita».
Lanean hasteko egokiera
Eraldaketa «presazkoa» ez den arren, egoerak eraman ditu Udal agintariak erabakia hartzera. «Eliza atzeko sailen kontzesioak amaitzen zeudenez, birmoldaketarekin hasteko garai egokia zela pentsatu genuen, eta poliki-poliki hilerria egokitzeko lehen pausoak ematea hobetsi genuen».
Hasieran zein aurrera begira egingo dituzten aldaketekin lortu nahi dena argi dute Udal aginteriek: «Herriko hilerriak izate eta izaera propioa ditu. Gure asmoa, hori aldatu gabe, gunea ahalik eta egokien eta txukunen jartzea da».
Aldaketa gehiago
Ehorzketen sistema aldaketa hilerriaren egokitzeko lanen lehen fasea besterik ez da izango. «Hilerriarekin lotuta dauden kontu guztiak arautzea da azken helburua», azaldu dute Udalean.
Araudiarekin batera, hurrengo urteetarako beste zenbait ekintza aurreikusten dira; tartean, errautsak gordetzeko hormako-hilobiak. Horretaz gain, hilerriaren azpiegiturak ere hobetuko dira. Izan ere, urteekin hainbat arazo hauteman dituzte; esate baterako, sailen artean dauden bideen baldintzak eta egoera.
Aldaketak egiteko erabakia hartu ondoren, aldaketak zuzenean eragiten dien herritarrekin batu ziren Udal ordezkariak. Bileran, Udalaren asmoa zein zen agertzearekin batera, herritarrei sortu zitzaizkien galdera guztiei erantzun zieten.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
DEIALDIAK
Argazki zaharren erakusketa
LEKEITIO, - 2008-11-25
JAIA
EUSKARAREN EGUNA
ETXEBARRIA, UDALETXEAN 17:00etan - 2008-12-06
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.