
Hezkuntza eta generoa batzen dituen hitzaldia antolatu dute
Kultura
Herritar guztientzako irekia den arren, bereziki hezitzaile, guraso eta irakasleei zuzenduta dago.
g. garagarza
Astelehenean Genero rolak eta bere igorpena hezkuntzan izenburua daraman hitzaldia egongo da Zabiel Kultur Etxean. Kultur Batzordea izan da antolatzailea. Herritar guztientzat irekia izango den arren, batez ere, hezitzaile, guraso eta irakasleei zuzenduta dago.
Luisa Mari Puertas Peña informazio zientzietan lizentziatua gonbidatu dute hezkuntza eta generoen arteko harremanaren inguruan hitz egiteko. Puertas Peñak lehen eta bigarren hezkuntzan lan egin du eta Adarra Elkarte pedagogikoko kidea da. Elkartearen bidez, zortzi urtetan genero ezberdintasunak gainditzeari eta feminismo dialogikoari buruzko mintegian parte hartu du.
Koheziketa izan da Puertas Peñaren interesguneetako bat, bai lan egin duen zentruetan, baita ezagutu dituen irakasleen hobekuntza eta berrikuntza guneetan ere.
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean ari da lanean eta hezkuntzaren berrikuntza alorrean generoen arteko berdintasunaren arduradun nagusia da.
Lan munduan daukan esperientzia zein esperientzia pertsonala kontuan hartuta, Kultur Batzordeak Puertas Peña hizlaria «ezin egokiagotzat» definitu du. Gainera, martxoaren 8an Emakumeen Eguna izanik, zentzu horretan egingo den lehen ekimena izango dela aurreratu dute.
Hitzaldia doan izango da, eta 19:00etan hasiko da.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.