
Zaldi-mando probetarako izen ematea egongo da bihar
Aulesti
Sari nagusia emateaz gain, Lea-Artibai eta kintope mailakoakere banatuko dituzte antolatzaileek.
Asier alkorta
2008ko zaldi mando proben txapelketa egingo da Aulestin, Aste Santuan. Parte hartu nahi dutenek bihar eman beharko dute izena . Aurten, ohiko sarietaz gain, beste bi sari emango direla iragarri dute antolatzaileek.
Urtero bezala, aurten ere, zaldi mando proben txapelketa antolatu du Aulestiko Udalak. Probak egiteko egunak, martxoaren 19, 20, 21, 22, 23 eta 24 izango dira. Hala ere, parte hartu nahi dutenek izena ematera joan beharko dute bihar, 12:00etan, udaletxera.
Abereen baldintzak
Probak egiteko, 900 kilo dituen Aulestiko Harri Barria erabiliko dute. Abereen pisuari dagokionez, oinarrizko pisua 400 kilotan ezarri dute antolatzaileek. Oinarrizko neurri hori gainditzen duten abereei, kiloko beste kilo bat gehituko diote arrastatuko duen harrian.
Abereen pisaketa probak hasi baino ordu bete lehenago egingo dute. Bizkaiko Kirol Federakundeko kideren bat egongo da bertan, saiook egoki egin direla kontrolatzeko.
Hiru sariketa
Sariak ere ez dira nolanahikoak izango. Lehenengo postua lortzen duenak, 750 euro, Aulestiko Udalaren manta eta urdaiazpiko oso bat eroango ditu; bigarrenak, 700 euro eta ardo kaxa bat; hirugarrenak, 650 euro eta txanpan botila bi; laugarrenak, 600 euro. Gainerakoak ere ez dira esku hutsik geratuko. Izan ere, aurten, saria eroango dute lehenengo hamarren artean sartzen diren guztiek; bosgarrenetik aurrera, 550, 500, 450, 400, 350 eta 325 euro irabaziko dituzte hurrenez hurren.
Horrekin nahiko ez balitz, aparteko sariketa bi ere egongo dira. Kintopekoetan hiru sari banatuko dituzte; gainerako opariak aipatu barik, 200, 150 eta 115 eurotako sariak banatuko dituzte antolatzaileek atal horretan.
Zaldi mando probak Aulestin izanda, Lea-Artibai mailan ere saria emango zaie bertokoei. Irabazleek, kintopekoetako saridunen sari berberak eroango dituzte etxera.
Proba orduei dagokionean, egun guztietan, hilaren 22an izan ezik, 18:00etarako ipini dute hitzordua; 22an 21:00etan hasiko dira probak.
Nolanahi ere, abereen indarra eta kemena agerian egongo da egun horietan Aulestin. Tankera horretako kirol probak ikustea atsegin dutenek, bertara joatea baino besterik ez dute izango. Parte hartu nahi dutenek, ostera, izena emateko aukera izango dute asteburu honetan. Zalantzaren bat izanez gero, 946279006 telefono zenbakira dei daitekeela gogora ekarri dute antolatzaileek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.