
Atxilotutako gazteak aske uztea eskatu dute ehunka herritarrek
Politika
Eskualdeko zortzi gazte atxilotu ditu Espainiako Poliziak, eta hainbat mobilizazio egin dira gertaera gaitzesteko.
erredakzioa
Mobilizazioak egin ziren, atzo, zortzi gazteen atxiloketak salatzeko. Etxebarrian elkarretaratzea egin zuten eta Ondarroan manifestazioa. Markina-Xemeinen, ostera, ertzainek ez zuten utzi egiten. Gaurko ere protesta bilkurak deitu dituzte herriotan.
Atzo goizaldean atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Sei markinarrak dira: Estebe Gandiaga (20 urte), Urko eta Ainhoa Pagoaga (23 eta 20 urte), Borja Oregi (22 urte), Iban Etxebarria (21 urte) eta Eneko Ostolaza (25 urte); eta beste biak Etxebarriko Zaloa Zenarruzabeitia (19 urte) eta Ondarroako Eneko Etxaburu (18 urte) dira.
Atxilotuen senideek atzo iluntzean azaldu zutenez, abokatuek ere ez dakite zergatik atxilotu dituzten. «Komunikabide batzuen arabera eskualdeko kale borroka ekintzak leporatzen badizkie ere, oraindik ez dakigu ezer».
Mobilizazioei dagokienez, Lea Artibai Ikastetxeko ikasleak izan ziren kaleratzen lehenengoak. Zaloa Zenarruzabeitia eta Eneko Etxaburu bertako ikasleak dira, hori dela eta, 65 lagun batu ziren goizean ikastetxearen aurrean, elkarretaratzean. Gainera, greba ere egin zuten hainbat ikaslek.
Ondarroako Institutuko ikasleek ere bat egin zuten, eguerdian, Alamedan egin zen elkarretaratzeagaz eta manifestazioagaz. 100 lagunetik gora batu ziren Etxaburu eta beste gazte guztiak aske uzteko aldarrikatzeko.
Manifestazioa egin aurretik, manifestariak udaletxera joan ziren baimena eskatzera eta gertakarien aurrean gestorak ze jarrera hartuko duen galdetzera. «Berak dakien moduan, guk ere badakigula bere autoa zeinek erre duen esan digu Felix Aranbarrik, eta atxiloketen aurrean zer edo zer egitea ez dela euren ardura», esan zuen Unai Urruzuno EAE-ANVko hautetsiak. Horretaz gainera, atxiloketak ez direla gertaera isolatu moduan hartu behar azpimarratu zuen, eta gazteentzako babesa eta elkartasuna eskatu zituen. «Atxiloketok gainerako auziekin lotuta daude. Espainiako Estatuak ezker abertzalea desagertzeko aurrera daroan apustu politiko horri erantzuten diote operazio polizialek, lehengoek, oraingoek eta aurrera begira egingo direnek».
Beste alde batetik, zenbait gaztek deialdia egiteko kartelak ipintzen zeudela jasotako mehatxuak salatu zituen. «Ertzainek identifikatu egin dituzte, eta egunean zehar zer edo zer gertatuz gero, euren kontra neurri judizialak hartuko dituztela esan diete».
Gernikako Institutuan ere 100 lagun baino gehiagok elkarretaratzea egin zuten.
Iluntzean, berriz, 250 bat lagun batu ziren Markina-Xemeinen, baina ertzainek ez zioten utzi manifestazioa egiten. Ondarroan 300 lagunek egin zuten protesta, eta Alde Zaharrean amaitu behar izan zuten, Zubi Barrian Ertzainen furgonetak zeudelako.
Atxiloketa gehienak etxeetan izan baziren ere, Borja Oregi J. L. French Ansola enpresan atxilotu zuten, lanean ari zela. Hori dela eta, enpresa komiteak euren lankidearen eta beste atxilotuen egoeraren aurreko kezka adierazi du, eta polizia enpresara sartzeagatik zuzendaritzari azalpena eskatuko diotela jakitera eman dute. Gaur elkarretaratzeak egingo dira enpresaren aurrean, 10:00etatik 10:20ra eta 18:00etatik 18:20ra.
Gandiagak beharra egiten duen Ikotek SL enpresako lankideek ere haren eta gainerako atxilotuen egoeraren gaineko kezka agertu eta senideekiko elkartasuna adierazi zuten. «Egunotan horren ageriko izan diren tortura kasuak ikusita, gazte horiek bizi duten inkomunikazio egoera salatu eta askatasuna eskatzen dugu».
LAB sindikatuak ere atxiloketak gaitzetsi ditu. «Berriro ere, Audientzia Nazionalak, Espainiako Estatu zapaltzaileak sortu zuen gerra auzitegiak, gure herritarrak eta lankideak atxilotzeko agindua eman du», adierazi zuten, eta atxilotuak, orain, torturatuak izateko arriskuan daudela gehitu. «Badakigu komisaldegietan inkomunikazioa erabiltzen dutela euskal borrokatzaileak torturatzeko». Horregatik, LABek dei egin die langile eta herritarrei egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko.
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak ere adierazpenak egin zituen: «Kale indarkeria ez zaio inori doan aterako». Azken sei hilabeteetan kale borrokaren inguruan egin den bostgarren operazio poliziala dela atzokoa azpimarratu zuen, eta zortzi gazteei «kale indarkeriaz lotutako hainbat ekintza» leporatzen zaizkiela. Beste batzuen artean, Markina-Xemeingo bake epaitegia eta zenbait banketxe erasotu izana.
Operazioa
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, operazio poliziala 02:00ak aldera hasi zen eta 08:00etan amaitu. Atxilotuen etxebizitzak arakatu zituzten poliziek. Zenbait etxebizitzatan indarra erabili zutela aitatu dute atxilotuen familiek. Ustez, atxilotu bitartean, bilurrak jarrita eduki zuten senide bat, eta hormara begira beste batzuk. Lea Artibai Ikastetxea jartzen duen Espainiako bandera utzi zuten itsatsita beste gazte baten etxeko ordenagailuan.
Gazteen lokal bat, gaztetxea eta herriko taberna ere miatu zituzten Markina-Xemeinen. 03:45 aldera sartu ziren herriko tabernara, eta paper eta txostenak eroan zituzten. Poliziek etxebizitza batean esandakoaren arabera, hasiera batean, Bilboko komisaldegira eroatera zihoazen, eta gero, Madrilera.
Hori guztia salatzeko mobilizazioak egingo dira Markina-Xemeinen gaur 19:30ean, bihar ordu berean eta etzi 18:30ean; Etxebarrian bihar 19:00etan; eta Ondarroan ere inkomunikazioak iraun artean batuko dira egunero, 19:30ean.
Abokatuak egunero egongo dira Madrilen, eta komisaldegian Baltasar Garzon epailearen protokoloa aplikatzeko eskatu dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12
JAIA
EUSKARAREN EGUNA
ETXEBARRIA, UDALETXEAN 17:00etan - 2008-12-06
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.