08.06.28

18:38:59 , Oier , 615 hitz, 112 aldiz ikusia  
Atalak: Uncategorized

Gaixorik zaude, ez al zenekien?

Gaurko Gaur8 suflementorako idatzittakua.

***

Behin batean, mediku berria heldu zen herri txiki batera. Knock doktore gazteak lelo berezia zuen: «Osasun onekoak, gaixorik daudela ez dakiten pertsonak dira». Denbora gutxian, medikuarenean sekulan egon barik zeuden nekazari sendoak zerbitzu medikuen kontsumitzaile sutsuak bihurtu ziren. Gaixoak kontsultan pilatzen hasi zitzaizkion, eta guztiak artatzeko osasun etxe eder eta handia eraiki zuen, inguru hartako bizimodu lasaiari astinaldi ederra emanda. Dendak, ostatuak, zerbitzuak... nonahi loratu ziren eta eskualde osoko ekonomia suspertu zen.

Knock doktorerik sekula ez da egon; aipatutakoa Jules Romainsek 1923an idatzitako antzezlan baten argumentua da: «Knock edo medikuntzaren garaipena». Modu satirikoan, Romainsek osasuna eta negozioa nahastearen arriskuak erakusten dizkigu. Ia ehun urte geroago, Knocken leloa oso hedatua dago osasungintzan: sektoreko enpresek fakturatzen duten dirutzaren zati handi bat beharrezkoak ez diren zerbitzuetatik dator.

Loditasuna, azaleko zimurrak, ile falta, tristezia, sexu nahieza... ez dira gaixotasunak, pertsona baten bizitzako gorabehera normalak baino. Hala ere, osasun merkatarien helburu nagusi bihurtu dira; eta benetan, industri farmazeutikoa arrakasta handia lortzen ari da prozesu normal horiek gaixotasuntzat hartzean. Knock ustelaren jarraitzaile fidelak diru asko irabazten ari dira arazo horien kontrako botikak salduta. Zer esanik ez garrantzi gehitxoago duten osasun prozesuekin: odolaren tentsioa, diabetesa, sindrome bipolarra, depresioa, osteoporosia... Horiek guztiak aintzat hartzeko arazoak diren arren, publizitateak badaki mezu alarmistak zabaltzen. Zertarako? Beldurraren eraginez botika gehiago saltzeko, jakina.

Prozesu normalak medikalizatzeko joera aberrante horretan markak egunero hausten gabiltza: lotsatia izatea, ikasteko gogo falta, etorkinen Ulysse sindromea, senide bat hil osteko tristezia, bikotearekin banatzea, emakumeen hileroko umore aldaketak... patologikotzat hartzen hasiak gara eta noski, horiek tratatzeko botikak ekoizten ari dira; gero eta gehiago saltzen dira gainera, bai behintzat gure lehenengo mundu zibilizatu honetan.

Publizitatea diogunean ez dugu ahaztu behar kazetarien papera. Titular ikusgarrien gosez, askotan kontrastatu gabeko informazioak argitaratzen dituzte, nahita ala nahi gabe laborategien marketin sailetako aliatu onenak bihurtuta. Artikulu alarmistek botiken salmentak ikaragarri jasotzen dituzte osasunaren azokan, eta zer esanik ez satanizazio kanpainek. Esate baterako, herritar gehienendako kolesterola Infernuko Patxi baino txarragoa bihurtu da urteetako propaganda kanpaina mediatikoen ondorioz. Gehiegizko beldur hori probestuz, kolesterol mailak jaisteko jaki eta edari bereziak etengabe promozionatzen dira, botika natural eta artifizialez gain. Dietetikoki hori guztiz zalantzazkoa da, ez baitago frogatuta kolesterol mailaren jaisteak heriotzak ekiditen dituenik. Hori gutxi balitz, tratamendu proaktiboak bizi guztirako kondena bihurtzen dira: oraindik gaixorik ez zaudenez, ezin duzu jakin noiz zauden sendatuta eta, beraz, tratamendua bizi guztirako bihurtzen da, badaezpada. Beste adibide bat sildenafilo zitratoa dugu: orain dela urte batzuk zakila tentetzeko botika hori sortu zenean, gaixotasun batzuk dakarten sexu arazoei aurre egiteko erabiltzen zen, diabetesean esate baterako. Orain ordea, bere sexu ahalmena gehitu nahi duen edozein gizoni gomendatzen zaio. Enpresa munduan, «merkatu hedapena» deitzen zaio horri.

Osasunari buruzko literatura ere ez da industria makala: gero eta gehiago saltzen dira autolaguntza liburuak eta osasun aldizkariak, publizitate zuzen edo subliminalez beteta. Mila teoria, bizitzeko arau, elikatzeko dietari buruzko argitalpenak aurkituko dituzu apaletan, eta horiek erosteko prest dagoen publiko ugari. Izan ere, ezeren faltarik ez duten aberatsetan ere «Paradisuko Sindromea» deskribatu da, eta bere frustrazio eta huts existentzialean bezero bikainak dira: behar diren botika eta terapia garesti guztiak kontsumitzeko prest baitaude, bere bizitza kalitate maila mantentzeko bada...

Momentuz Knocken dizipuluak pozik daude: herritar askok bere burua gaixotzat jotzea lortu dute eta medikuen kontsultak botika eske dauden pazientez bete dira. Hori baino arrakasta handiagorik? Etika kontuak alde batera utziko bagenitu, industria farmazeutikoaren marketin arduradunek ikerkuntza eta garapen sari guztiak mereziko lituzkete, negozioa handitzen erakutsi duten trebeziarengatik.

Ikuspegi gogaikarri horren aurrean, zer egin? Kazetariek asko lagun dezakete osasungintzako merkatari ustelen goseari eusten: albistearen iturria ezagutzeaz gain, merezi du albiste horrek mesede nori egiten dion frogatzeak. Herritarron partetik, zentzua erabili beharko genuke albisteak eta propaganda bereizteko eta, horrez gain, jaramon gutxiago egin beharko genioke irrati, telebista edo kazetei eta gehiago norbere medikuari.

08.06.19

15:46:45 , Oier , 127 hitz, 93 aldiz ikusia  
Atalak: Uncategorized

Fibro-moraleja

Fibromialgia diagnostikua jaso badozu, edo lehen aittatu doguzen sintoma “ezaugarri” hórretan zure buruan erretratua ikusi badozu, ez estutu. Jakin arazo sakon (baiña ez larri) bat daukazula, urte luzietan inkubatutakua, eta berau konpontzia ez dala izango hille batetik bestera. Prozesu hortan, osasun profesionalok lagungarri izango gara eta egin kasu zure medikuen aholkueri, jakiña. Baiña ez ahaztu sekulan: osatu, zu zeu osatu biharko zara. Zeu bakarrik. Osasun profesionalok bakarrik lagundu egingo zaittugu.

Fibromialgia diagnostiko baten aurrian, beste edozein gaixotasunian legez, ezinbestekua izango da zure burua ondo ezagutu eta obserbatzia; zure arima barruko munduari begiratzia (desioak, frustraziñuak…) eta zure bizitzan aldatu biharreko gauzak aldatzeko ausarta izatia. Zeure korputz eta goguan ugalak zeuk hartzia, azken fiñian, norbere osasunan arduria iñoren eskutan laga barik.

FIN

08.06.12

20:13:16 , Oier , 153 hitz, 105 aldiz ikusia  
Atalak: Uncategorized

Fibromialgikuak antolatzen hasi dira

Esandako moduan, ba da gaur egunian paziente moltzo bat Osasun Sistemiakin bape konforme ez dagoana: miñak daukez, eta medikuak kasurik ez detzela egitten diñue. asmatzen dabizela. Horregaittik, “fibromialgikuak” erakundetan antolatzen hasi dira, Administraziñuan partez errekonozimendua jaso nahixan eta bajak, pentsiñuak, inbalidezak... lortu ahal izateko beste edozein gaixo modura.

Zillegi da, jakiña, diskriminatuta dagoan gaiso batek tratu egokixa eskatzia. Baiña, aurretik esandako guztiak kontuan hartzen badoguz, arazuan kakua beste leku baten dagola konturatuko gara; fibromialgikuen asoziaziñuak eta Administraziñuen arteko auzi hori arazuan sustraittik oso urrin dago.

Txarto pentsatuta, errez ikusi leike zeiñi egitten detzan mesede arazua jokozelai hortan kokatzia: enpresa farmazeutikuei eta botere ekonomikuari. “Fibromialgia” horren azpixan dagoan sustraixan (sistema ekonomikuan) eragin ezkero, diru asko be asko galduko leukie.

Beraz ez litzake harrigarrixa izango, HIES-an aurkako “erakunde popular” askoren atzian moduan, “fibromialgia” gaixuen erakundien atzetik enpresa farmazeutiko edo bestelakuen tentakulo zikiñak topatzia. Inbestigatu bihar...

08.06.03

21:29:21 , Oier , 192 hitz, 103 aldiz ikusia  
Atalak: Uncategorized

Fibromialgixian "deskubrimentua"

Alaitz, beraz, hor dabil: bere lepoko, buruko, artikulaziñuetako miñekin, medikoz mediko. Miñan jatorrixa ez detse topatzen. Bere medikua be larri, Alaitz zarataka hasi jakolako kontsultan, “ezer ez daukala” eta “seguraski buruko gauzia” izango dala esaten detsanian...

Eta ez da Alaitz bakarrik; geruago eta jente gehixago dabil antzerako sintomekin, kontsulta medikuak saturatuta.

Halako baten, Munduko Osasun Erakundiak gaitz barri bat “topatu” dau: fibromialgia. Sindrome misteriotsu eta osatu eziñezko bat ei da, arrazoi ezezagunengaittik gero eta gehixago hedatzen diharduana munduan.

¡Horra azkenian, esplikaziñua! Alaitzen miñak ez dauke zerikusirik, beraz, deskantsu faltiakin, edo stressakin, edo 14 ordu biharra egittiakin, edo beti prisaka ibilli biharrakin. Ez. Alaitzen miñak FIBROMIALGIAK eragindakuak dira, eta gaitz hau sendatueziñezkua da.

¡Akabo ba! Ederra lasaittasuna hartu dabe medikuak, Alaitzen jefiak eta Alaitzek berak. Azkenian topatu dabelako Alaitzek daukana. Osatu eziñezkua dan legez, medikuak ezin dau ezer egin, botika desbardiñak probatu bakarrik, miña kentzen detsana topatu arte; miña kentzeko botikekin, bere 14 orduak sartu ahal izango dittu biharrian; Alaitzek bere bizimodu “normala” jarraittu ahal izango dau ezer aldatu barik.

Horretara, Sistemiak funtzionatzen jarraittu ahal izango dau Alaitzen inguruan. Baiña... ¿noiz arte?

Ekaina 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Unekoa> >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30            

Gure arbasuak 199.950 urte pasau dittuez osasuna autogestionatzen; azken 50 urtiak, ostera, nahikuak izan dira antxiñako etxekoandren irakaspenak galtzeko. Heldu zure osasunaren timoia, iñoren eskuetan laga barik! Hala egitten badozu, ez zaittugu askotan ikusiko gure kontsultan...

Bilaketa

XML jarioak

powered by b2evolution free blog software