Teorixa ofizialari buruzko informaziñua Elhuyar fundaziñotik etaratakua da, eta bestia webgune desbardiñetatik etaratako “refritua”. Bakoitzan esku geratuko da gero, gaixan sakontzeko eta konklusiñuak etaratzeko biharra.
TEORIXA OFIZIALA
MINBIZIA, ZELULA GAIZTOEN INBASIOA
Gorputzean zelula anormalak kontrol barik hazten eta hedatzen direnean, eta zelula horiek ehunak eta organoak hondatzen dituztenean, minbizia eragiten dute. Gaixotasun bakarra balitz bezala aurkezten badute ere, minbizia ez da gaixotasun bakarra. Minbizia izendapenean gutxienez 100 gaixotasun biltzen dira, antzekoak baina ez berdinak. Minbizien eragileak bi motakoak izan daitezke, batetik genetikoak eta bestetik kanpoko faktoreak -erradiazioak, birusak, elikadura...-.
Tumorea sortzea txarra da, baina tumorea hedatzea are eta okerragoa. Prozesu horri kartzinogenesi deitzen zaio. Kartzinogenesia osa dadin ezinbestekoa da zelulen metastasia; hau da, zelula gaiztoak beste zelula, ehun edo organoak kutsatzea. Tumorea hazi besterik egiten ez denean, tumorea onbera dela esaten da eta askotan kirurgia bidez ken daiteke; hedatzen denean, berriz, gaiztoa dela esan ohi da. Minbiziaren aurkako tratamenduek huts egiten dutenean, gehienetan metastasia izaten da erruduna.
Giza gorputzean 200 zelula-mota inguru daude. Izatez guztiak dira minbizia garatzeko gai, baina minbizi-kasu guztien % 90 zelula epitelialek sortutakoak dira, kartzinomak; gainerako ohikoenak, berriz, giharretako zelulak -sarkomak-, odolekoak -leuzemiak, linfomak eta mielomak- eta nerbio-sistemako zelulak -neuroblastomak eta gliomak-sortutakoak izaten dira.
Argi dagoenez, zelulan ugalketa nola kontrolatzen den eta kontrol hori nola galtzen den, zelula horiek inbaditzaile nola bihurtzen diren eta gorputzaren erantzun immunologikoari nola egiten dioten ihes jakiten denean, minbiziaren eragina gutxituko duten drogak eta tratamenduak aurkitu ahal izango dira. Dirudienez ezagutza eta teknologia berriak sortzeak eta giza genoma osatzeak, hemendik urte batzuetara lagundu egingo dute minbizi-mota bakoitzean eta gaixo bakoitzean gertatzen diren aldaketa genetikoak identifikatzen eta saihesten. Hori iristen denean detekzioa lehenago egin ahal izango da, diagnosia hobea izango da eta tratamenduak eraginkorragoak izan ahalko dira.
Bien bitartean, aditu guztien arabera prebentzioa da minbiziaren kontrako neurririk eraginkorrena, hau da, gaitza garaiz antzematea.
MINBIZIAREN ERAGILEAK
Azken bi mendeetan minbiziaren arrazoiak ikertzean zientzialariek kanpoko eragileetan jarri dute arreta gehienbat; azken bi hamarkadetan, berriz, etsaia barruan dagoela ikusi da: minbizia geure geneek sortzen dute. Hori bai, kanpoko eragileen ondorioz.
Banan-banan ikusita, barruko zein kanpoko faktoreak kontuan hartuta, nagusiak honako hauek dira:
* Adina: minbiziak gehienbat adineko jendeari eragiten dio, horregatik -bizi-itxaropena gero eta handiagoa denez- minbizi-kasuak gora egitea izango litzateke normalena. Minbizia garatzeko mutazio bat baino gehiago behar direnez, pertsonen adina oso faktore garrantzitsua da. Adituen ustez, minbizia gazteengan agertzen denean, herentziaz jasotako geneen ondorioz izan daiteke edo kartzinogenoen eragina jasan izanagatik.
* Tabakoa: tabakoa biriketako minbizi-kasuen % 90aren arduraduna da, baina eragina du baita ere laringeko, faringeko, ahoko, giltzurrunetako eta beste hainbat organotako minbizietan. Izan ere, tabakoak berez substantzia kartzinogeno ugari ditu eta, gainera, errekuntzan substantzia kaltegarri gehiago sortzen ditu.
* Elikadura: adituen ustez elikadurak eragina izan dezake minbizia garatzeko orduan. Diotenez, oro har gantzetan aberatsak diren elikagaiak kalte nabarmena egiten dute. Hala ere, oraindik ez da frogatu dieta zehatz bat prebentzio-neurri gisara erabil daitekeenik, nutrizioan adituak direnek dieta mediterranearra aholkatzen duten arren.
* Alkohola: dirudienez asko edateak zerikusi zuzena du ahoko, laringeko, faringeko, hestegorriko eta gibeleko minbiziekin.
* Infekzioak: infekzio batzuk minbizi-mota jakin batzuk areagotzeko arrisku-faktoreak dira: Epstein-Barr birusa, herpesa, B hepatitisa, Helicobacter pylori bakterioaren infekzioak, hiesaren birusak eta abar.
* Erradiazioak: ez dira oso ondo ezagutzen, baina zientzialariek uste dute X izpien eta gamma izpien eraginpean egoteak minbizia sor dezakeela. Ikerketa asko egin dira horren inguruan, baina oraindik ezin izan da erabat frogatu etxetresna elektrikoek igortzen dituzten erradiazioek, goi-tentsioko lineek sor ditzaketenak eta abar minbiziaren eragile direnik. Jakina denez, eguzki-izpien erradiazio ultramoreek dira azaleko minbizia garatzeko arrisku-faktore nagusiak.
MINBIZIAREN FASEAK
Zelula kontrolatzen duten geneetariko batean mutazioren bat sortzen denean, zelularen ugaltzeko gaitasuna aldatu egiten da. Hori edozein tumoreren lehen fasea da; hasiera deitzen zaio eta eragiten duenari hasiarazle.
Minbiziaren bigarren faseari promozio deitzen zaio. Fase horretan hainbat faktorek hasierako mutazioa areagotzen laguntzen dute. Hestegorriko minbizian, adibidez, alkoholaren eragina horrelakoa izan daiteke. Bigarren fase honen iraupena, dena den, oso luzea da, zelularen bigarren aldaketa genetikoa eragiteko, mutazioa izan duten milioika zelula behar baitira.
Bigarren aldaketa genetikoa gertatu eta gero, minbiziaren tumore-progresioa hasten da, eraldaketa genetiko gehiagoren bidez. Ondorioz, kalte egiteko gaitasuna handiagotu egiten da, zelulek inbaditzaile-izaera hartzen dute eta metastasia eragiten dute.
Zientzialariek badakite minbizia mutazio-pilaketaren ondorioa dela, baina ez dakite ezer asko zelulak inbaditzaile bihurtzen dituzten mutazioei buruz. Adituen ustez, zelula inbaditzaileak hasierako tumorearekin batera sortzen dira; tumoreak detektatzen direnerako zelula inbaditzaile potentzialak hor egoten omen dira. Horregatik, hasierako tumorea kenduta ere, askotan gaixotasuna berriro agertu egiten da, aurrez zelula inbaditzaileren batek tumoretik odolera, inguruko ehunera edo/eta linfara "ihes" egiten duelako.
MINBIZIAREN AURKAKO TRATAMENDUAK
Kirurgia, horixe minbiziaren aurkako borrokan erabiltzen den tekniketariko bat. Azaleko tumoreak, biriketakoak eta digestio-aparatukoak ei dira kirurgiaren bidez emaitzarik onena ematen dutenak.
Erradioterapia gorputzeko toki jakinetara bideratzen da, eta tumorea ondo identifikatuta eta hedatuta ez dagoenean erabiltzen da, gongoiletan adibidez.
Kimioterapiaren bidez zelula tumore-zelulak biderkatzeko sistema hautsi nahi izaten da. Kimioterapiaren alderdi txarrena albo-ondorioak dira: zelula guztiei erasotzen baitie, gaixoei zein osasuntsu daudenei.
Hormonoterapiaren bidez -kimioterapiaren kasuan bezala-, zelula bikoizteko sistema hautsi nahi izaten da. Ez dute albo-efekturik izaten. Minbizi-motaren araberakoa izaten da hormonoterapia egitea edo ez egitea, bularrekoa, umetokikoa eta prostatakoa esate baterako oso egokiak dira hormonoterapia bidez sendatzen saiatzeko.
Tratamendu biologikoen helburua zelulen ezaugarri genetikoetan eragitea izaten da. Zainetik hartzen diren tratamenduak dira eta orain asko ikertzen ari omen dira. Tratamendu biologikoen terapia pasiboa edo aktiboa izan daiteke. Terapia pasiboen artean erabiliena antigorputz monoklonalena da. Botika zainetik sartu eta gero, ezaugarri genetiko zehatz batzuk dituzten zeluletan eragiten du, gainerakoak bakean utzita. Horregatik teknika honek ez du albo-ondoriorik, proteina zehatzen aurka eragiten duelako. Immunoterapia aktiboa denean, bi helburu bilatzen dira: batetik, sistema immunologikoa bera suspertzea; bestetik, sistema immunologikoari, ez dituen substantziak sorraraztera behartzea. "Horrelakoetan tumoreen aurkako txertoez hitz egiten dugu".
PREBENTZIOA NEURRIRIK ERAGINKORRENA
Minbiziaren aurkako borrokan prebentzio-maila bat baino gehiago bereizten dira.
Lehen mailako prebentzioak arrisku-faktoreen eragina gutxitzea du helburu. Minbizia norberaren aldez aurretiko joerak eta kanpoko faktoreek eragindako gaixotasuna da. Lehen maila honetan medikuen lana arrisku-faktore horiek murriztera bideratuta dago. Kanpoko faktore horiek fisikoak, kimikoak edo biologikoak izan daitezke.
Minbizia sor dezaketen faktoreak zaintzeak eta ahal dela saihesteak garrantzia handia duen bezala, gaitza denboraz antzemateak ez du gutxiago balio. Izan ere, minbizi-kasu batzuetan gaixotasunaren sorraldia luzea izan daiteke, eta gaixotasunaren lehen sintomak agertzen direnerako beranduegi izan daiteke. Horregatik, prebentzio-lanaren bigarren mailari, diagnosi goiztiarrari, berebiziko garrantzia ematen zaio. Minbiziaren zailtasunik handiena hori da, tumore batzuetan gaitza garaiz antzematea ia ezinezkoa izaten dela.
Prebentzioari dagokionez, aipatutako bi lanak -faktoreak saihestea eta diagnosi goiztiarra egitea- izango lirateke garrantzizkoenak, baina hirugarren bat ere badago, askotan prebentzio baino gehiago terapia izaten dena. Tumoreren bat agertzean edo sintoma jakin batzuk agertzean gaiztoak edo txarrak ez izan arren, tumorea kentzen ahalegintzen dira medikuak, onbera dena txar bihurtu baino lehen. Terapia izan daiteke, baina, prebentzio-neurritzat ere har daiteke. Aurrera begira hartutako neurria, gerora okerrik gerta ez dadin.
Dena den, hori baino urrutirago begiratzen duten teknikak ere abian daude dagoeneko, nolabait prebentzio-lanaren etorkizuna nondik norakoa izango den markatzen dutenak, ikerketa genetikoa, adibidez. Hemen oraindik ez da egiten eta beste toki batzuetan ere oraindik esperimentazio-fasean dago. Ikerketa genetikoan pertsonek minbizia garatzeko duten joera edo aukerak aztertzen dira. Kostu handiko teknika da, bai ekonomiaren ikuspegitik -pertsonak banan-banan eta beren arbasoen historia aztertu beharko litzatekeelako-, baita psikologiaren ikuspegitik ere. Pentsa gutako bakoitzarentzat nolako kolpea izango litzatekeen jakitea minbizi-mota jakin bat garatzeko aukera handia dugula! Horrekin bizitzea gogorra izango litzateke, baina aldi berean horrek lagundu ahal izango luke minbizia-mota hori eragin dezaketen kanpoko faktoreak saihesten.
TEORIXA ALTERNATIBUA
1956ian, Pariseko Villejuif ospittaleko hormetan agertutako graffitixa: "Minbizittik askoz be jente gehixago bizi da, minbiziz hiltzen garanak baiño"
HAMER DOKTORIAN HISTORIXIA
Minbizixan sorrerari buruzko teorixa alternatibuak Hamer Doktorian biharren inguruan sortutakuak dira. Hórrek teorixok azalduko doguz jarraixan, baiña modu sinple baten esateko, minbizixan azpixan trauma afektibo haundi bat dagoela diñue.
Alemaniako Ryke Geerd Hamer esperientzia luzeko Doktore eta Irakaslia zan, minbizixan ikerkuntzan prestigixoduna. 1978 urtian, bere semia erahil egin zeben. Hamer eta bere emaztia -medikuak bixak- sufrimendu haundixa jasan zeben, eta handik gitxira, minbizi bana etorri jaken. Hamerreri barrabilletako kantzerra etorri jakon; bere emaztiak barriz, kantzer prozesu txiki ugari pasatu zittuan harik eta 1985ian bihotzekuak jota hil.
Prozesu honetan murgilduta zeguala, Hamerrek hipotesi barri bat garatzen hasi zan minbizixan bere ikerketetan: bere buruan eta emaztian kasuan, kantzerran sorreriak zerikusixa izan zeikiala hille batzu lehenago jasandako kolpe larrixakin. Semian herixotziak eragindako miña bakardadian pasatu zeben gurasuak, eta bere bizitzako gertakari larrixena izan zan duda barik.
1981ian, bere tesi hau Tübingen-eko Unibertsitatian aurkeztian, tribunal medikuak Fakultadetik bidaltzeko mehatxua egitten detza, tesi hori mantendu ezkero. 1982ian Unibertsitatiak bere tesiko dokumentuak bueltan emoten detzaz, ezelako ikerketarik egitteke.
1986xan, Coblenceko Tribunalak mediko legez lan egittia debekatzen detza Hamerri. Atxekixa: bere tesia ez dabela ukatu nahi, eta ez dabela kantzerrari buruzko teorixa ofiziala onartzen. 1988xan, Tribunalak burutik ondo ez dagoala eta azterketa medikuak egitten detze Hamerri psikiatriko baten sartzeko asmuakin. Ez dabe lortzen.
1988xan, Vienako Unibertsitateko Jörg Birkmayer irakasliak Hamerren tesiak experimentatu eta baieztatzen dittu. Hurrengo urtietan gauza bera egingo dabe Munich, Düsseldorf, Chambery, Austriako ikertzaille taldiak...
1997xan Coloniako epaille baten aginduz Hamer atxilotzen dabe, "medikuntza legiak apurtziangaittik" eta "Alemaniatik kanpora igez ez deixan egin". Gaiñera, bisitta neurri zorrotzak jartzen jakoz (ordu erdi, hillian birrittan eta taldeka) gaizkille arriskutsu bati legez.
MINBIZIXAN SORRERIARI BURUZKO TEORIXA ALTERNATIBUA
Teorixa hauen arabera, paziente batek minbizixa desarrollatuko dau:
* Bizitzian zentzua galtzian.
* Norbere herixotziakin bere inguruko egoera bati ordaiña emon nahixan.
Kasu honetan, euren guraso izatia bera semiari zuzenduta zeguan, eta berau hiltzian geratutako hutsunia eta norabide eza izango zan, goixan aittatutako teorixen arabera, gurasuen minbizixan sorreria.
Hau da teorixa ofizial eta alternatibuan arteko desbardinttasun nagusixa. Izan be, batzu nahi bestiak onartzen dabe faktore hontaz aparte ba dagozela bai, beste eragille batzu. Hau da: radiaziño ionizantiak, jateko eskasak, tabakua, toxikuak… be minbizixa sortu leikiela. Baiña, esandako moduan, hortan ados egonda be, trauma afektibuen papela ez da kontuan hartu izan orain arte, medikuntza ofizialan aldetik.
Horregaittik, teorixa alternatibua komentatzian azken faktore hau aztartzen zentratuko gara; beste faktorien kasuan, zientzilari guztiak ados dagoz eta teorixa ofiziala komentatu dogunian esandakuak balio dabe.
D H S KONTZEPTUA
DHS: ingelesezko sigla hónek "shock haundi, dramatiko eta isolamenduan bizittutakua" esan gura dabe. Pertsoniak DHS bat jasatzen dabenian, organismuan aldaketa zelular garrantzitsuak gertatzen dira. Segun eta garunan ze partek jasaten daben kolpia, ondorixuak (minbizixa edo dana dalakua) korputzeko parte baten edo bestian gertatuko dira.
Pazientia oso ondo gogoratzen da DHS-an momentuakin: normalian izututa, berba barik, hotzak geratzen dira. Garunetako TAC baten oso ondo ikusi leikez momentu horretako aldaketak eta momentu horretan bertan gertatzen da, Hamerren teorixan araberan, zelulen degeneraziño kanzerosua. Sistema nerbiosua alerta permanente baten geratzen da. Stress egoera haundi hau konfliktuari aurre egitteko azken aukeria da, pertsona horren indar guztiak jokuan jartzen dittuana. Epe baten buruan pertsoniak ez ba dau lortzen konfliktuari buelta emotia, organismuak amaiñ emoten dau eta hil egitten da pertsoniori.
FISIOPATOLOGIA
Teorixa ofiziala deskribatzian esan dogun modura, zelula-sorrera prozesu kaotiko bat dogu kantzerra. Minbizi prozesu baten, zelulak ez dira suntsitzen. Kontrara gertatzen da: zelulak kontroleka erreproduzitzen hasten dira. Gaiñera, sortu barriko hórrek zelulok ez dabe funtzionatzen. Sorkuntzako momentuan embrioian zelula guztiak bardiñak dira; fetua garatzen juan ahala, zelula hórrek espezializatuz doiaz eta korputzeko organu desbardiñak sortzen dira. Tumore baten kaotikoki sortzen dirazen hórrek zelula barrixok embrioianak morokuak diraz; horretara, ez dauke funtzionatzeko ahalmenik eta traba baiño ez dabe egitten.
DHS dalako horrek eragindako konflikto fase horretan, organismua alerta eta hiperaktibidadian dago, beraz, eta atsedenik ez dau hartzen. Etenik bako stress honek desgaste haundixa ekartzen detza pertsoniari, eta tumorrak honen ondorixua izango litzakez, bakarrik. Etara kontuak: esaten da, minbizi kasu batian, tumorra prozesu guztittik parterik inofensibuena dala, biologikoki kontsideratuta.
Prozesu honetan errai "zaharrak" gehixago afektatzen dira, errai "barrixak" baiño. Neurologixan, garunian, parte bi bereizten dira: sistema limbikua eta cortexa. Sistema limbicua gizakixan oiñarri-oiñarrizko funtziñuak gobernatzen dittu (lua, itzartzia, gosia, emoziñuak...) eta prehistoriatik aldatu barik mantentzen da. "Cerebro de reptil" esaten jako bebai, edo garun "zaharra". Cortexa edo garun "barrixa" azken millurtietako eboluziñuakin etorri da, gizakixan adimena garatziakin batera. Garun zaharrak gobernatzen dittuan korputzeko errai edota funtziñuak bizitzeko ezinbestekuak dira; garun barrixanak ostera, ez.
Minbizi prozesu baten hasieran, beraz, errai "zaharrak" gehixago afektatzen dira: pazientiak ez dauka goserik, lo txarto egitten dau, bere arazuan bakarrik pentsatzen dau... Korputzeko stress orokor horrek ondorixo desbardiñak izango dittu segun eta:
* Pertsonia zelakua dan.
* Konfliktuan karakteristikak zelakuak diran.
* Zenbat denpora irauten daben egoeriak. Horretara, ondorixuak be honen arabera izango diraz: tumorra(k), nekrosia, edo beste barik organuan funtzionamendu desegokixa.
Tumorrak garatzeko momentuan be aldia igartzen da:
* Zenbat eta konfliktua orokorrago, tumorra zabalago.
* Zenbat eta konfliktua intentsuago, tumorra bizkorrago hazi, nekrosia eta zelulen aldaketia haundixago.
EBOLUZIÑO NATURALA, PRONOSTIKUA ETA TRATAMENDUA
Kontuan hartu daigun minbizixa prozesu luze baten ondorixua dala. Trauma afektibuangaittik edo beste arrazoi batengaittik izan, korputzeko zelulen mutaziñua oso geldiro gertatuko da kasu gehixenetan, eta kantzerra bera ez da sortuko hille edo urte batzu geruago arte. Orduan hasiko da zelulen ugaltze kaotikua, eta beraz sintomak.
Beste edozein gaisotasunetan legez, minbizixan be tratamendu egokixenak sustraikuak izango dira. Minbizixan kasuan, gatxa izaten da gaixotasunan kausa zehatzik topatu, beraz gatxa izaten da be sustraiko tratamendurik egin. Horretara, minbizixan kontrako tratamendu ezagunenak ondorixuak tratatzekuak dira: zelulen reprodukziño kaotikua geratzia (kimio, radioterapia, tumorren isquemia) eta suntsittutako korputz-atalen molestiak baretzia.
Teoria alternatibuen arabera, baiña, hori baiño gehitxuago egin ahal da. Historia klinikuetan tratamendu konbentzionalian kontuan hartzen ez diran faktoriak baloratzen dira:
* DHS-a ba dagoan edo ez.
* Hala ba da, zein dimentsiño eta intentsidadekua.
* Konflikto horri bueltia emon jakon edo ez.
Faktore hónen arabera (eta minbizixa ze fasetan dagoan kontuan hartuta, jakiña), prozesuan larrittasuna eta eboluziñua susmatu ahal izango da.
Tratamendu sintomatiko eta paliatibuari balixua kendu barik (hori be mesedegarrixa izango da-ta), esfera psikosomatikua ez dogu ahaztu biharko, beraz, minbizixan tratamendu egoki baterako.
HERIOTZIA
Askotan gertatzen dan kasu baten adibidia: paziente bat, tratamendu konbentzional hutsakin ibillittakua, urtietako minbizi prozesu oso aurreratu batekin, laster hilko dala esan detzena. Desesperatuta, teorixa alternatibuen barri dauka eta probatu nahi dau. ¿Zentzua ete dauka honek? Baietz diñue minbizixan tratamendu alternatibuan bultzatzailliak.
Aurretik aittatutako modura, konflikto psikosomatiko hori tratatzia tratamendu konbentzionalakin batera juan leike. Beraz, interferentziarik ez da egongo.
Korputza oso hondatuta egon arren, konflikto hori topatu eta bueltia emoteko lan psikologikuak beti ekarriko detza mesede fisikua pazientiari; baitta korputzan hondatzia haundiegixa danian be. Kasu hónetan, biharbada ezin izango da herixotzia ekidiñ: baiña alde haundixa dago sufrimentuz hil edo lasaittasunez hiltzian artian.
Euskal Herrian abertzale jendea ugaria da. Askok egunkari hau berau irakurtzen dutela aprobetxatuta, gaur espresuki haiengana zuzenduko naiz. Abertzaleen artean oso zabalduta dagoen “sindrome” hau askotan ikusten dugu kontsultan, eta ziur nago makinatxo batek bere burua erretratatuta ikusiko duela hurrengo lerroetan.
Lantokian, gorputzeko minak kentzen ibiltzen gara gu. Bertan, egunero ikusten dugu gorputza eta gogoa ezin direla bereizi, eta minak ezin izaten direla guztiz kendu, arlo emozionala –gogoa– landu ezean. Hau esatea Mediterraneo itsasoa deskubritzea bezalakoa izango da osagile gehienen ustez, noski. Baina hau oso agerikoa izan arren, oso terapeuta gutxik (ofizial nahiz alternatibo) hartzen dute kontuan pazienteak tratatzerako orduan.
Gehiago zehaztu dezagun. Hurbil gaitezen, bada, euskal militante pare baten kasuetara.
Amaia ondoezaz eta min orokorrez kexuka etorri zen kontsultara. Terapia fisikoen bitartez, bere gorputzeko minak erraz baretu genituen, baina egun gutxiren buruan, berriro etortzen zitzaizkion. Amaia euskalgintzan aritzen da lanean. Bere denbora kudeatzeko arazoak zituen, lanetik irtendakoan beharrean jarraitzen baitzuen: txosna montatu, kartelak pegatu, euskaltegian lagundu, ekitaldiak antolatu... beti zerbait, lanegun nahiz asteburu. Mingainetik tiraka, jakin genuen ez zituela gorputzeko minak bakarrik: antsietadea, lo egin ezina, nekea, ahulezia... Egotez, depresio zuloaren ertzean zegoen Amaia. Soluzioaren lehenengo pausoa benetako arazoa identifikatzea eta onartzea izan zen. Atzetik etorri ziren eguna hobeto antolatzea, ordutegiak errespetatzea, ezetz esaten ikastea... Azkenik –orduan bai–, gorputzeko minak hobetzen hasi ziren. Ez ezazue pentsa hau guztia egun batetik bestera gertatu zenik: denbora dezente behar izan du Amaiak bere burua hobeto gobernatzen ikasteko. Baina gaur egun, bizi-poza zer den berriro ezagutu du. Eta, berarentzat garrantzizkoagoa dena, euskalgintzan bere etekina hobetu egin da, eta egun militante eraginkorragoa da.
Pentsatzen hasiz gero, laster etorriko zaizkizue burura Amaiaren ataka berean dauden pertsonak: bileraz bilera saltoka, lotarako, atsedenerako, ondo pasatzeko astirik ez dute hartzen. Garai bateko gure lagun alai eta ilusiodunek begietako dirdira galduta dute eta drogak behar dituzte (kafea, tabakoa...) aurrera halamoduz egiteko. Pertsona guztiok behar dugu geure burua zaintzeko eta maitatzeko denbora. Baita zuek ere, oi ene lagun abertzaleok! Ez baitzarete superheroiak.
Osasun txarreko beharginak ez du beharra ondo betetzen; eraikuntza nazionalean badihardu, minez eta larritasunez jarritako masa eta ladrilloekin zer eraikin klase egin dezake? Nahiko kaskarra seguru. Beste modu batera esanda, guretzako denbora gorde behar dugu lehenik; eta soberan geratzen denetik, hortik hartu militantziarako denbora.
Entzuten ditut honezkero zuen kexak: «Nola sobrako denbora militantziarako? Dana emon biar yako matte dan askatasunari, barren!...», «guk ez badugu egiten, ez du inork egingo», «Hay hombres que luchan un dia y son buenos... bla bla bla». Lasai, lagun abertzaleok. Nork egin du lan gehiago: hiru urtean %100ean ibili eta gero erre denak, ala 20 urtean egunero ordu gutxi sartuta inurri lanean aritu denak?
Asier baserritarraren prototipoa da; alegia, lanari emanda bizi da. Politikan ere, halatsu: buru belarri eta ardura handiekin dihardu. Hainbeste, ezen bere afizioak, barne bizitza eta gorputzaren zainketa utzita dituen aspaldi, eginbeharren mesedetan. Orain dela urte batzuk, arrazoi barik, erreuma mota berezi bat hasi zitzaion gorputz osoan, eta horregaitik hasi zen gurera etortzen. Laster konturatu ginen erreuma horren garapenak eta txartze faseak estresaren gorabeherekin lotura zuzena zutela. Bera ere ohartu zen bizimodua aldatu beharko zuela, hobetuko bazen. Baina aberriak behar omen zuen, eta berdin jarraitzea aukeratu zuen. Guk ezin izan ditugu bere erreumak osatu, noski, eta osasunaren hondatze prozesuak aurrera egin du, poliki-poliki. Bere gorputza, kotxeko olioaren argi gorritxoa bezala, abisuak ematen aritu zaio urteetan, baina jaramonik ez. Eta azkenean, olio gabeko kotxearena gertatu zaio: 45 urte dituela, minbizia aurkitu diote. Aurki hilko da, baina berak oraindik ezin du sinetsi. Ez du onartu nahi bere mila proiektuak amaitu gabe geldituko direla.
Aberri baten alde hiltzeak merezi duen edo ez... hori bakoitzak erabaki behar, noski, baina hiltzekotan, heriotza hori mesederako izan dedila, behintzat. Ideal batengatik osasuna galtzea eta alferrik izan dela deskubritzea baino gauza tristeagorik... Aukeran, hobe bizirik egotea eta lan jasangarriago bat egiten.
Natura ederra da, baina gupidagabea ere bai. Ez da batere ulerkorra gure eginbehar zintzo eta idea jasoekin. Gorputzaren eta gogoaren premiei entzungor egiten badiegu, lehenago edo geroago faktura etorriko zaigu. Ostera, haren arauak errespetatzen ikasten badugu, bizitza luze eta oparoa gozatu ahalko dugu. Jarraitu Amaiaren eredua.
"Caca, culo, pedo" gaixa duda barik arrakasta gehixen dakana da (higienian artikulu sortan, atal horren ikusketak bestien laukotxa izan dira). Aste honetan Gaur8'rako idatzittakua be bide horretatik doianez, plazerrezkua izan deizuela!
*****
Badira hamaika terapia eta erremedio zahar, mesedegarriak izanagatik baztertuta geratu eta ahaztu egiten direnak. Halako batean, norbaitek libururen baten aurkitu eta berreskuratu egiten ditu. Emaitzak onak izaten dira, noski (terapia tradizional gehienetan legez), eta askotan gertatzen da, izen bat asmatu, eta berri modura saltzen digutela; eta ez merke, gainera.
Terapia zaharren berraurkitze hauek ziklikoak izaten dira, eta modarekin zerikusi handia dute. Adibide asko ekarri ahal izango genituzke, baina gaurko honetan uzki bidezko ureztatzeari buruz arituko gara, alegia: labatiba, enema, kolon hidroterapia edo kolemei buruz, dena bat da-eta.
Uzki bidezko ureztatzea antzinako kulturetatik erabili izan da; Egipton eta Indian ezagutzen zuten. Hidroterapiaren oinarri bera du, hau da: uraren bitartez gorputza hoztea edo berotzea -premien arabera- eta honekin, osatze prozesuak piztu.
Hidroterapia arruntean azalean aplikatzen bada ere, ura heste lodian sartzean eragin sakonagoa lortzen dugu erraien gainean: zain nagusi, peritoneo, gibel, bare, are, giltzurrun, diafragma, birika eta bihotzean adibidez. Baita digestio tutuan ere, noski; baina hemen, tenperaturaz gain, uraren eragin mekanikoa sartzen da jokoan. Tenperaturarengatik, uzki bidezko ureztatzeak eragin handia du digestio aparatuan (idorreria), zirkulazioan (hanken edo sabelbehearen handitasuna), infekzio-sukar prozesuetan eta buruko minetan. Eragin mekanikoarengatik, ostera, labatibekin heste lodiaren hustuketa osoa lortzen da, eta hau oso garrantzitsua da.
Izan ere, jaiotzen garen unetik hiltzen garen arte, heste lodiak ez du atsedenik hartzen: digestiogaia beti dago heste itsuan sartzen edo ondestean pilatzen. Idorreria arazoak baditugu, gainera, gorotzak egunak egin ditzakete ondestean geldi. Gai ustelekin etengabeko kontaktuak hestearen hormen hondamena ekar dezake -polipoak, dibertikuloak, minbizia-; horretaz gain, gorotzen hondakinak odolera itzul daitezke, eta autointoxikazio prozesu baten sartu -inmunitate sistema ahulduz-. Halako kasuetan, laguntza handia izaten da baraualdi eta uzki bidezko ureztatzea; heste lodia zeharo husten baitugu, eta «atseden» hori berebizikoa izaten baita aipatutako arazoen osatze prozesua bultzatzeko.
Labatiba tradizionalak grabitatea baliatzen du hestea ureztatzeko. Litro bateko poltsa bat du, eskegitzeko modukoa; poltsatik gomazko tutu bat irteten da, giltzadun iturri baten amaitzen dena. Ondoren, gomazko madaria edo enema dago, kantitate gutxiago hartzen duenez, ume txikiendako egokia. Hauek edozein botikatan eros ditzakegu.
Praktika pixka batekin nork bere buruari egin diezaiokeen arren, hasieran errazagoa da labatiba laguntzaile batekin egitea. Horixe izango da hemen azalduko duguna. Pazientea albokera etzanda jarriko da, eskuineko aldearen gainean, fetu jarreran. Lehenengo, tutua haizez hustu behar dugu (giltza ireki eta urari irteten utzita). Iturria koipeztatu eta gero, uzkian sartuko dugu modu leunean. Posizio erosoa hartuta giltza poliki irekiko dugu, uraren sarketa erritmoa geldia izan dadin (honetan poltsa eskegita dagoen garaierak ere badu eraginik).
Urtebete bitarteko umeetan, litro laurdena sartzea nahikoa izaten da; sei urtekoetan, berriz, litro erdia; eta hamabi urtetik aurrera, litro bat erraz-erraz sartuko dugu. Behin guztia sartuta, iturria ateratzen dugu; pazienteak barruan eutsiko dio urari ahalik eta luzeen (hesteari itsatsita dagoen gorotza biguntzeko). Gutxi gorabehera, ordu laurden pasatu eta gero, komunean eseri, eta dena botako du. Prozesu hau bizpahiru bider errepikatu ahal izango dugu, hestea guztiz husteko beharrezkoa bada.
Hau da oinarrizko labatiba, baina badaude kontuan hartzeko elementu batzuk. Ur beroa (37º) erabiliko dugu idorreria espastikoetan (hestea erlaxatzeko) edo sukarra etortzear dagoenean (tenperatura igotzeko). Ur hotza, ostera, hobea izango da idorreria atonikoan (peristaltismoa bizkortzeko), sukarra altuegia denean (hura jaisteko), buruko kongestioetan (odola hesteetara erakartzeko).
Benetan penagarria da uzki bidezko ureztatzea hain baztertuta egotea gaur egun. Bere eragin terapeutikoa hamaika aldiz frogatua dagoen arren, inor gutxik du interesa terapia merke eta autogestionatuak bultzatzeko, hauekin ez baita inor aberasten.
Horretaz gain, oso progresistak izanda ere, paradoxikoki lehen baino gehiago lotsatzen gara gure gorputzaren ekoizpenez. Horregatik, azkenaldian, ponpaketa makinak asmatu dira (kolon hidroterapia); azken finean, tutu bikoitzen bitartez ura hestean sartu eta zurrupatu egiten duten sistemak dira, pazienteak ez dezan kakarik ikusi. Saioak klinika espezializatuetan egiten dira, eta jendeak dirutza ordaintzen du 45 minutuko saio baten truke.
Aberats lanpetua bazara, agian nahiago izango duzu azken aukera hau; pertsona normala bazara berriz, nahikoa izango duzu botikara joatea eta labatiba bat eskuratzea. Hainbesteko glamourrik ez du, baina tradiziozko terapia natural hau etxean bertan izango duzu bere onura guztiekin. Lau ogerlekotan, eta bizitza osorako.