Arorik zikiñena bizitzen zeguala, Europak Amerikako konkista kanpaiñiari ekin zetsan. Kontraste modura, “indixo” batzuen higiene ohitturak ezagutuko doguz, gizatasuna ukatzen zetsen konkistatzaille “zibilizatuen” ohitturekin alderatu ahal izateko.
Konkistatzailliak harriduraz hartu zebezen mexica indigenen ohitturak: “Jaixotzetik, umiak pobre eta ixa billuzik hezten zittuezen, ez erropa faltiangaittik baizik eta gogortu eta sendo hazi zeixezen” (Torquemada).
Mexica kulturan, umiak etxeko garbiketian partehartzen zeben, modu oso disziplinatuan. Ahua garbittu eragitten zetsen, batzutan erlijiñuakin lotuta: “erratza pasatu eta intzensua errearazten zetsen umiei, ahua garbitziakin batera” (Sahagun).
Zugaitz bateko erretxiñaz egindako ore bat be erabiltzen zeben ahua garbitzeko (“tzicli”). Kronisten arabera, Tenochtitlaneko biztanliak baiñu asko hartzen zittuezen aintzira edo kanaletan, ume eta nagusi, beti ur hotzetan. Arropak sarri garbitzen ei zittuezen, eta honetarako (baitta korputzerako be) xaboian ordezko vegetalak zerabixen (saponaria...). Honetaz gain, sauna itxurako zeremonia bat egitten zeben (“temazcal”) helburu terapeutiko eta erritualekin.
Ameriketako zibilizaziño zaharren Higiene kontzeptua ez zan bakarrik korputzeko garbittasunera mugatzen: pertsonian sendotasun fisiko eta mentala bultzatzen zeban be. Esate baterako: mexicak umiei jatekua neurriz emoten zetsen eta lantzian behin baraurik egotera derrigortu. Aztekak barriz, ikastegi haundixak zittuezen: bertako apopilluak gabardixan baiñu hotzak hartzen zittuezen penitentzi edo disziplina legez, baiña baitta helburu gimnastiko edo higieniko modura.