Orain dela ehun urteko Euskal Herrian haurrak dozenaka jaiotzen ziren, eta bat hiltzen bazen ere bazegoen bere lekua hartuko zuenik. Lanerako gai izanez gero, berdin zen ume hori begiokerra, maingua edo buruhandia jaiotzea: bizi zen, eta aurrera! Ez zegoen beste erremediorik. Gaur egun, ostera, gauzak asko aldatu dira: lehengo aldean aberatsak gara, gure bizitzako gutxieneko premiak aseak ditugu, eta ez dugu nahikoa bizitze hutsarekin: horrez gain, ondo bizi nahi dugu. Testuinguru honetan ulertzen da ume gutxiago izatea eta haiek gehiago zaintzea.
Deskriba dezagun azaletik erditze prozesu arrunt bat. Haurdunaldiak bere epea betetzen duenean, sabeletik kanpora irteteko bidea hasiko da. Lehenengo umeak pelbiseko hezur-eraztunaren aurrean egokiro kokatu behar du gorputza, buruz behera eta ahuspez. Umetokiko giharren kizkurdurak lagunduta, burua zuloan sartuko da gero; hau konplikatua da berez, amaren pelbisaren diametroa burua baino txikiagoa izaten delako. Naturak badaki hori, eta umearen buruko hezurrak horretarako prestatu ditu: bigunak izateaz gain, bata bestearen azpian irristatzeko ahalmena dute abaniko baten xaflen modura. Horretara, buruak tamaina txikiagoa hartuko du amaren pelbis hezurren artetik errazago pasatzeko.
Hor dugu beraz, gure kumea tunelaren barruan estu-estu eginda; hemen dator hurrengo oztopoa. Izan ere, tunel hau ez da zuzena eta bihurguneak ditu. Hori dela eta, haurrak burua makurtu beharko du lehenengo, bekoki-aurpegia amaren sakroaren kontra zapalduta. Horrela kokatuta, alde bateko biraketa egin beharko du pasabidearen diametro zabalenaren bila. Behin hori lortuta, amaren pelbisaren tunel horretan behera irristatzen hasiko da zentimetroz zentimetro. Hurrengo oztopoa pubisa izango da: lepoa zuzen jarri beharko du lehenengo, eta buruaren atzeko partea hezurraren azpitik pasatuko da 20 kilotako presioa jasanda –okzipital hezurra plastilinazkoa balitz bezala moldatuko da–. Azkenik, burua atzerantz botata umeak kanpoko argia ikusiko du. Baina oraindik sorbaldak eta gorputz osoa atera beharko dira buruak jarraitu duen bide bihurri beretik: bihurritze eta tentsio gogorra jasango dute hauek ere... Espeleologorik trebe eta ausartenak ere praketan kaka egingo luke halako haitzuloan trabatuta geratuz gero. Eta ez da gaitza: askotan geratzen dira umeak irten ezinda, eta sendagileen laguntza ezinbestekoa bihurtzen da.
Trabatuta geratu gabe ere, erditze normalaren prozesuan jasaten diren tentsioak umearen gorpuzkeran eragiten dute beti. Horren ondorioz, oso ugariak dira jaioberrien artean plagiozefalia edo buruko forma “arraroak”, garezurreko kirioetako arazoak, mokorreko errotazio desorekatu edo luxazioak, aurpegiko hezurren simetria falta, lepo ornoen blokeoak, digestio hodien bihurketak... Disfuntzio hauek ez dira larriak eta ezin ditugu lesiotzat hartu; kasu gehienak, gainera, bere kabuz zuzentzen dira jaio ondorengo lehen asteetan. Baina hala gertatzen ez bada, kontuz: umearen hazkundean hain sarri gertatzen diren arazo askoren jatorri izan daitezke-eta. Estrabismoa, kolikoak, urduritasuna, gonbitoak, sudur-mamien edo malkoen kanaleko oztopoak, mihia denbora guztian kanpoan izatea, otitisa, tortikolia... askotan jatorri ezezaguna dutela uste bada ere, gehienetan zuzendu gabeko buruko hezurren desorekarekin lotura estua dute, eta bizitza osorako ondorioak uzten dituzte. Ohikoa izaten da , paziente nagusiekin lan egiten dugunean, kasua aztertzen hasi eta duten mina jaiotze traumatiko batean egindako lesio txikiengatik dela ohartzea; baina orduan beranduegi izaten da konpontzeko.
Izan ere, kontuan hartu behar dugu hezurrek malgutasun handia dutela umetan eta, beraz, horien disfuntzio edo desorekak konpontzeko une aproposena hori dela. Adibidez, buruko hezurren forma txarrak jaio eta berehala tratatzea gomendatzen da, lehenengo hilabetean ahal bada. Gero ere tratatu daitezkeen arren –gaztaroan edo helduaroan–, emaitzak ez dira hain onak izaten: jaio berri direnean, ostera, tratamendua askoz errazagoa da, eta aukera gehiago daude arazoa zeharo konpontzeko. Fisioterapia arloan, osteopatia teknikak erabiltzen dira gehienbat. Tratamendua leuna eta minik gabekoa denez, gehienetan umea lotan geratzen zaigu besoetan; hala ere, hori gertatu aurretik haurra negar batean hasten da (ez minagatik, tentsioak askatzeko baizik) eta hobe da gurasoak jakinaren gainean egotea.
Hemen dugu beraz, gure gurasoek ezagutu ez zuten beste baliabide bat. Europako beste herrialdeetan bezala, Euskal Herrian ere ohiko bihurtzen ari da umea jaio eta osteopataren kontsultara eramatea azterketa bat egitera. Paranoian jausi gabe –arazorik ez baita ikusi behar ez dagoen lekuan–, orokorrean ohitura ona dela esan dezakegu: haur horren hazkunde egokia bultzatzeko eta gurasoak lasai gera daitezen.
Normalean, pazienteak gorputzeko minen batez kexaka etortzen zaizkigu. Gure eguneroko lana horien jatorria aurkitzea izaten da, eta terapia egoki bat ezartzea. Kasurik gehienetan arazoa konpondu edo baretzen bada ere, beti dago hobera egiten ez duen paziente kopuru bat. Osagile batendako hau baino gauza frustragarriagorik ez dagoenez, nire bizitza profesionalean zehar beti izan dut gero eta gehiago ikasteko grina, paziente guzti-guztien minak kendu ahal izateko. Egia da lehen baino paziente gehiago sendatzen ditudala orain; baina, hala ere, ezin izan dut guztiz ezabatu hobetzen ez diren kasuen kopuru txiki hori.
Zergatik izan daiteke hau? Perfektua inor ez denez, nire jakineza izan daiteke noski: minaren jatorria asmatu ez, eta ezin izan dudala konpondu. Baina hau hala izan daitekeen arren, bada beste faktore garrantzitsu bat: hori azaltzeko, orain dela hiru urte nire paziente talde batekin egindako esperimentu bat kontatuko dizuet.
Lantokian, aspaldi konturatua nintzen paziente batzuek «zerbait» zutela gorputzeko minen azpian. Ustez sinpleak ziren lesioek (sorbaldako tendinitisa, trapezio giharren kizkurdura...) denbora gehiegi behar izaten zuten hobetzeko, eta tratamendua amaitutakoan errazegi agertzen ziren berriro ere. Paziente hauek beti kontsultan sartuta izaten genituen, hilabeteak joan hilabeteak etorri eguneroko tratamendura etorri beharra zuten. Azkarren batek pentsa dezake: «Bai ondo zuretako, horrela gehiago fakturatuko baitzenuen!»; baina hala uste duenak ikuspegi komertzial txarra du. Gorago esandako legez, guretako ez da atsegina paziente bat ezin osatzea; baina horretaz gain... nork nahiko du sendatzen ez duen fisioterapeuta batengana joan?
Paziente hauekin kezkatuta geunden beraz eta, zerbait egin nahian, beraien kasuak sakonago ikertzen hasi nintzen. Aurretik zerbait susmatzen banuen ere, paziente gehienak ezaugarri komunak zituztela egiaztatu nuen: izaera urduria zuten; lan errepikakorrak izaten zituzten, familia eta/edo lagunekin zuten erlazioa ez zen ona; ez zuten beren burua zaintzeko denborarik hartzen... orokorrean, beraien bizimoduarekin pozik ez zegoen jendea zen. Hau ikusita, lan hipotesi hau hartu nuen: guregana gorputzeko minez etortzen baziren ere, min hori gatazka emozional baten somatizazioa zela. Hau horrela izanez gero, terapia fisikoarekin gorputzeko mina gozatu arren, jatorri psikikoan sartu ezean mina beti bueltan etorriko zen. Faktore ezkutu hauetan eskua sartzeko asmoa hartu nuen, honek beraien egoera fisikoan nola eragingo zuen ikusteko.
Chi-kung izeneko terapia aukeratu nuen, ikuspegi holistiko baten barruan arlo emozionalean duen eragin handiagatik. Lehen aipatutako ezaugarriak biltzen zituzten paziente guztiei gutunak bidali eta 60 bat lagunek erantzun zuten. Hauendako chi-kung ikastaroak antolatu nituen urtebetean zehar, Jose Manuel Embid irakaslea ekarrita. Azalpen luzeetan sartu barik, esan dezagun chi-kung saio batean pazienteak «bere baitan pizten diren bazter miresgarriak» ikusten dituela, eta batzuetan ikuspegiok ez direla gozoak izaten. Izan ere, terapia holistikoetan barru-barruan ditugun arazoak azaldu ohi dira; haiek ezagutzea izaten baita osatzeko bidearen lehenengo pausoa. Batzuetan erraz konpontzeko modukoak izango dira, beste batzuetan ez hainbeste; baina herensugeari begietara begiratze hutsa arazoa gainditzeko aurrerapauso handia izaten da. Gure kontsultako lan-eremura itzulita, chi-kung egiten ziharduten paziente gehienak bere gorputzeko minetatik nabarmen hobetzen hasi ziren.
Oso pozik geratu nintzen nire hipotesia berretsita ikusirik. Hala ere, denbora pasatu ahala gure pazienteak chi-kung terapia uzten hasi zirela ikusi nuen harriduraz. Zer arraio gertatzen zen? Ez al ziren ba beren gorputzeko minez hobetzen ari? Urte baten buruan, hasierako hirurogei pertsonetatik bostek baino ez zuten ariketekin jarraitzen. Arazoa ezin zen terapia izan: chi-kung egiteko egunero 15 minutu baino ez dira behar izaten, norbere etxean eta dohainik. Etsipenez benetako arrazoiaz jabetzen hasi nintzen: honek senarra ez duela maite deskubritu zuen; horrek lana gorrotatzen duela; hark koadrilako lagunak ez dituela jasaten... «benetako» arazoei aurre egitea gogorregia zitzaien nonbait, eta aukeran nahiago zuten sorbaldako edo lepoko minez kexatzen jarraitzea. Terapeutaz terapeuta erromes ibiltzera kondenatuak, erradiografiak, erresonantziak, operazioak behin eta berriro eginez... Eta noski, ez osatzearen errua beti guri botaz.
Esperimentu hau guztiz etsigarria izan bazen ere, ez zen antzua izan: pazienteen barrunbeak hobeto ezagutzeak lehentasunak jartzen lagundu zigun. Pertsona batzuen kasuak dramatikoak dira: nahiz eta kontrakoa esaten ari, begietan «ez dut sendatu nahi» idatzita izaten dute. Gogorra da, baina pertsona hauei ezin izaten zaie denbora gehiegi eskaini; minak apur bat baretu baino ezin izaten da egin, sendatzea baztertuta. Gainontzeko denbora eta indarrak benetan osatu nahi duten pazienteekin eman behar dugu. Eta hau jarrera kontu bat da: minbizidun gaixo terminalak bizipozez beteta ikusi izan ditut nik.
Gaur egun denon ahotan dabilen terapia da osteopatia. «Bizkarreko krakadekin» jende asko txundituta geratzen da, ondo erabiliz gero emaitza paregabeak ematen baititu. Hala ere, osteopatia bisturia bezalakoa da: zirujau trebeak mirakuluak egingo ditu berarekin, baina ezjakinaren eskuetan dagoenean... hobe paretik kentzea.
Bizkarreko manipulazioak dira, beharbada, disziplina honen alderdirik harrigarriena. Hala ere, gorputzeko beste giltzadura guztiak ere manipula daitezke, oinetik hasi eta garezurreraino. Izenak adierazten duenaren kontra (izen okerra, oso errotua baldin badago ere) osteopatian ez dira hezurrak eta giltzadurak bakarrik tratatzen. Giharreek osatutako kateak eta beren aukera guztiak ere tratatzen dira; sabeleko eta bularreko organoak ere bai, etorkizuneko patologiak ekiditeko (bihotzekoak, gibelekoak, sabelekoak...). Osteopatia kraneo-sakralean, berriz, garun eta ornomuinaren zuntz-estalkiak tratatzen dira, nerbio sistema osoan eraginez. Hau ez denez leku egokia azalpen teknikoekin luzatzeko, zera esanda laburbildu dezagun: metodo globala dela, eta gaixotasunen sustraia bilatzeko helburua duela.
Osteopatia modan egoteak, ostera, arazoak ekartzen ditu. Terapia fisikoen munduan asko igartzen ditugu modak: 1990. urte inguruan, kontsultan mikrouhin aparaturik gabe jai genuen; gaur egun, ordea, inor gutxi gogoratzen da 3.000 euroko tramankulu haiekin, eta bestelako termoterapia teknikak erabiltzen ditugu. Ariketa terapeutikoei buruz, RPGa baino hoberik ez zegoen garai batean; gaur egun, Pilates da leku guztietan falta ezin den teknika. Esku terapietan, orain dela hogei urte Cyriax masajea crack bat izan bazen ere, gaur osteopatia teknikak daude punta-puntan. Haiek gabe, terapeuta fisikoak mainguak gara ia, antza denez...
Ironiaz nabil, noski: ez da horrela. Osteopatia, Pilates eta infragorriak ez dira hobeak Cyriax, RPG eta mikrouhinak baino. Teknika guztiek dituzte abantailak eta gabeziak, eta ez dago panazearik (balego, berau izango litzateke munduko terapia bakarra). Ez du zentzu handirik osasun arloan modari jarraitzeak. Lehengo eta oraingo gizakiak berdinak gara, eta, beraz, terapien eraginkortasuna ez da aldatzen denboraldi batetik bestera; hori argi geratu behar da. Bakoitzak ibili beharreko bidea da terapiak frogatzea, norbere gorputza zaintzen ikastea eta konstantea izatea. Horretarako, alferregia denak ez du gauza onik: modarik moda saltoka ibiltzera kondenatuta egongo da, Hamelingo terapeutak azken denboraldian jotako doinuarekin dantzan.
Gauza bakoitza bere lekuan jarri eta gero, eman ditzagun gaurko osteopatiari buruz argibide batzuk. Izan ere, osteopatia kontsultak perretxikoen modura loratu dira azkenaldian, eta haien artean prestakuntza egokirik ez duen jendea dago. Hain zuzen ere, horixe da hegoaldeko osteopatak dugun arazo nagusia: Espainian oraindik ikasketa ofizialik ez dagoenez, askok nahi diote osteopatiaren modari etekina atera. Gaur egun, edozeinek diploma bat inpresoratik atera eta osteopatia kontsulta ipin dezake: ez dago inolako kontrolik.
Europan honezkero Osteopatia unibertsitatean sartuta dago; gutxienez zortzi herrialdek aitortzen dute Osasun Zientzietako lanbide independentetzat. Honekin esan nahi da ikasketak homologatuta daudela eta osteopata guztiek oinarrizko formakuntza bera dutela; hau da, gutxieneko kalitate bat bermatuta. Espainian ez da horrela gertatzen oraindik, eta, beraz, hegoaldean anabasa da nagusi: badira sei urteko programa duten eskolak, baita osteopatia urtebetean «irakasten» duten akademiak ere, edo hilabetean, edo asteburu pare batean. Bada, era berean, hori egin gabe ere osteopatatzat iragartzen denik.
Hori ez da beti horrela izango, noski. Halako batean, Espainian ikasketa hauek arautu egingo dira eta lanbide ofizial bihurtu. Orduan helduko zaigu kana ateburura lehendik osteopata lanetan aritu garenoi. Bakoitzaren ikasketak txantiloi ofizialarekin alderatuko dira: batzuek bahea igaroko dute, eta beste batzuek ez. Ordutik aurrera, jende askok kendu beharko du «Osteopatia» txarteltxoa kontsultatik, salaketarik jaso nahi ez badu.
Eskola batzuek aspalditik dakite hori, eta bere formakuntza Europako estandarretara moldatua dute. Batetik, fisioterapeutak bakarrik onartzen dituzte ikasletzat –esku terapietan espezialistak haiek direlako– eta, bestetik, 4.200 orduko gutxieneko curriculuma bermatzen dute. Madrileko Osteopatia Eskolan (EOM), adibidez, ikerkuntzari garrantzi handia ematen zaio eta seigarren urtean tesi bat burutu behar izaten dugu Europako D.O. titulua jasotzeko. Nahiz eta gaur egun hau guztia legez beharrezkoa ez den, osteopatia ikasi nahi duten guztiek hartu beharko lukete kontuan ikasketak aukeratzerako orduan; ez baita gozoa dirua alferrik gastatzea.
Pazienteen ikuspegitik, ondorioa argia da. Ikasketak legeztatu arte, tratamendu hau frogatu nahi duenak osteopataren curriculuma aztertu beharko luke gutxieneko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko: Fisioterapian Diplomatua izatea eta bere Osteopatiako trebakuntzaren ezaugarriak (zer erakundetan ikasi duen eta ordu kopurua).
Osasun arloko profesionalon arteko berriketa informaletan, tratamendu bat gutxietsi nahi denean,«placebo hutsa» dela esan ohi dugu. Berba erromaniko horren esanahia «pazienteak atsegin duena» da, eta antzinatik ezagutzen den fenomenoa deskribatzen du: gaixo bat badugu, eta jasotzen ari den tratamenduaren eraginkortasunean bete-betean sinesten badu, bere sintomek hobera egin ohi dute.
Placebo efektuak ez du zerikusirik tratamenduarekin berarekin: pazientearen jarrera soila da erabakigarria. Horregatik, esperimentuak terapia «faltsuekin» egiten dira: paziente talde batek fisiko-kimikoki eraginik ez duen tratamendu bat jasotzen du (azukrezko pilulak, berariazko ez diren masajeak...) eta beste batek berriz, «benetako» tratamendua (botikak, esku terapia berariazkoak...). Era honetan neur dezakegu pazientearen osasunaren hobekuntzaren arrazoia zein den, tratamendua ala placebo efektu hori.
Zientzialariek antzinatik dute placebo efektuaren berri. Hala ere, berorren aurrean, jarrera bat baino gehiago har dezakegu. Aurretik esan dudan legez, osasun arloko profesional gehienek gutxiespena aukeratzen dute: placeboak bigarren mailako tratamenduak ei dira gaur eguneko teknologia eta terapia aurreratuen aldean; pazientearen jarrerak ez du aintzat hartzeko moduko eraginik tratamenduaren arrakasta edo porrotean, eta eraginik izatekotan, gaixotasuna asmatutakoa izan dela ondorioztatzen dute askotan.
Sasi-profesionalen aldetik, alderantzizko egoera aurkitzen dugu. Osasungintzaren anabasari etekina atera nahian aurpegihandi asko dabil, beraien prestakuntza zientifikorik eza lotsagabekeriaz konpentsatzeko lanean maisu. Hartara, petrikilo, masajista eta bestelako terapeuta intuitiboen artean oso ugariak dira placebo efektuan oinarritutako tratamenduak. Eta lehen aipatutako moduan, placebo efektuak eragina izan baduenez, askotan emaitzak onak izaten dira. Hori zilegi ote den, ez den? Gure ustez, placebo efektuari berea kendu barik, ez dugu uste norberaren prestakuntza falta ordezkatzeko erabiltzea inondik ere etikoa denik.
Pazientearen ikuspegitik begiratuta, placebo efektuaren planteamendua aldatu egiten da, eta, hala ere, garrantzi handia izango du. Hau hobeto ulertze aldera, pertsona estereotipo bi deskribatuko ditugu; mutur batetik besterako adibideak dira, gehienetan bietatik hartzen baitu pazienteak, hein batean edo bestean. Alde batetik, kolaboratzaile optimista daukagu: lehenbailehen osatzeko gogoa du, osagileon aholku guztiak aditzen eta betetzen ditu, bere aldetik ahal duen gehiena ematen du, umore onik ez du galtzen, laguntza eskertu egiten du, eta lesionatutako bere gorputz atala maitasunez begiratzen du.
Beste aldetik, eszeptiko pesimista dugu: ez du osatzeko motibaziorik, tratamenduaren eraginkortasunean ez du sinesten, osagileoi ez digu jaramonik egiten, tratamendua pasibotasunez hartzen du, eta umore txarrez, bere gorputz gaixoa dela-eta madarikazioka ari da etengabe. Demagun pertsona bi hauek adin berberekoak direla, lesio bera egin dutela, gorputz atal berean, aldi berean, eta tratamendu berdina jasotzen ari direla. Bada, osasun arloko edozein profesionalek esango dizu (eguneroko lanean mila bider frogatuta baitugu), lehenengoa bizkorrago sendatuko dela, eta ez hori bakarrik: baita hobeto sendatu ere. Hezur bat hautsi badu, hobeto eta sendoago batuko zaio; nerbio-zuntzen baten ebakia badu, arinago birsortuko zaizkio; lokailuren bat bihurritu badu, lehenago jaitsiko da hantura... eta zeresanik ez, tartean ariketak egin beharra badago. Baina hori beste gai bat da.
Gaurkoan nabarmendu nahi dugun gauza bakarra da, placebo efektuak (bestela esanda: pertsona batek osatzeko duen gogo biziak) eragin organikoa duela. Minari dagokionez, neurotransmisioa eta sentikortasuna eraldatu egiten da eta, nahiz eta lesioa hor egon, garunak ez du hainbeste minik hartzen.
Hormonen ekoizpena aldatu egiten da, eta honek eragin zuzena du lesioaren hanturan. Motibazio eta bizi-gogo handia duen pertsonaren odolaren biokimika ere aldatu egiten da: osatzeko behar diren gaiak ugaritu, eta hondakinak bizkorrago jaurtitzen dira. Funtsean esan nahi duguna zera da, placebo efektuaren eragina ez dela ilusiozkoa, organikoa eta neurgarria baino. Neurofisiologoentzat oso ikerketa eremu interesgarria den arren, ez dut uste ikerketak finantzatzeko dirurik aurkitzea lan erraza izango denik, betiko arazoarengatik: lan hauek botika gutxiago saltzeko balioko lukete, eta industriari hori ez zaio komeni...
Ikusten duzuen moduan, placebo efektua interesgarria da osasun kontuetan eta ezin dugu beste barik gutxietsi eta ahaztu. Betiere, modu etikoan erabili behar dela argi utzita (hau da: inondik ere ez jakinduriarik eza konpentsatzeko), osasun arloko profesionalok gure tratamenduetan modu naturalean integratu beharko genuke. Pazientearen aldetik, berriz, gogo-jarrerak, autosugestioak, norbere osasunean duen eragin sendoa ulertzea eta erabiltzen ikastea oso lagungarria izan daiteke.
Gaurko Hitzan argitaratu biharreko publierreportaia
***
Oporraldiaren ostean, indarberrituta dator lanera Oier Gorosabel. Abuztuaren 4-tik aurrera, FisioLanTaldeko zentruetan pasatuko ditu osteopatia eta fisioterapia kontsultak.
Opor luzeak aurten, ezta Oier?
Ia-ia eskolako umeenak lakoxeak! Ekainean koba batean hezurra hautsita bajan egon nintzen; Uztailean berriz, oporretan: semetxo berria etorri zaigu eta ongi etorria eman behar zitzaion!. Hile biren ostean lanean hasteko desiatzen nago; gauza ederra da hori gero...
Besteok oporretan gaudenean lan egingo duzu.
Hala egiten dugu beti; lankideok oporrak txandaka hartuta, kontsultak uda osoan zabalik izaten ditugu. Gainera, niri Abuztuko lan-giroa bereziki gustatzen zait: oso hile lasaia da.
Urte osoa lanean pasatu duenarentzat ongi beraz.
Bai, urte osoan etorri ezin izan denak orain aprobetxatzen baitu etortzeko. Bueno, denak ez: etxekoandre batzu urte osoan lana egin, eta orain lan bikoitza egiten dute etxea jentez beteta dutelako.
Horixe da marka!
Horraitiok! Eta denak oporretan egonda. Ni etxekoandre banintz, etxeko lanetan jarriko nituzke denak; edo bestela kalera bidali ogitartekoa jatera.
Hiru kontsultetan egoten zara, ezta?
Bai. Neuk egiten ditudan tratamenduak globalak direnez, pazienteak ez dira egunero etorri behar izaten eta horregaitik txandaka egon naiteke Markinan, Mutrikun eta Ondarroan.