| ZORIONAK AITTITTA TXIKI » |
Berria hartu eta harrituta geratu naiz Erramun Osaren artikulua irakurtzerakoan. Harrigarria da Ondarrutar honek emandako giroa, euskalgintzako kide aktibo izatetik (azken urteetan jada zein bide hartuko zuen bagenekien) jaurlatzirlako poltrona betetzera pasatu da eta honen defentsa sutsua egitera.
Eusko Jaurlaritza omen da orain euskararen alde gehien egin duena, eta jendartea da atzetik datorrena, lotsa behar da gero Erramun!. Zuk ni bezain ondo ezagutzen duzu historia, baina noski diruarekin dena ahaztu ezta???.
Euskarak aurrera egin badu euskalgintzak urte hauetan egin duen lanari esker izan da, jaurlaritzaren lana behin da berriz lan hau oztopatzea eta zangotrabatzea izan da, eta zuk hori ondo dakizu, bestela errepasatu AEKren historia hurbila.
Hemen duzue bere artikulua irakurri eta zuek epaitu, denborak bakoitza bere lekuan ipintzen du.
Kontseilua: aingura astuna euskararentzat
Erramun Osa
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendaria
Euskararen indarberritze kontuetan ia dena da eskas, herri aginteen jarduna tartean denean batez ere. Horregatik doa, batzuen aburuz, hizkuntz normalizazioa motel, atzera ez doanean, han hemengo herri erakundeek oro har, eta Eusko Jaurlaritzak bereziki, utzikeriaz jokatzen dutelako, euskararekiko interes epela dutelako eta ez direlako gauza hartu beharko liratekeen erabakiak tinkotasunez hartzeko. Izan ere, euskararen indarberritzearen kontua, herritarren borondatea gorabehera, erraza da bideratzen Kontseiluaren ustean: herri erakundeek gogoa izatea, legearen bidez han-hemen euskararen ezagutza -eta akaso erabilera- ezinbestekoa bilakatzea, euskara orokortzeko epe laburrak, bitartekoak eta adierazleak finkatzea, eta kito! Makina baten botoiari sakatzea balitz bezala, horra, buelta emanda, eta hamarkada gutxi batzuetako ekinaren bidez, mendeetako atzerakada.
Bost axola zaio estrategia politiko jakin baten uztarriari erabat lotua den Kontseiluko zuzendaritzari euskararen lur eremuko errealitate juridikoa, politikoa, kulturala, soziala eta linguistikoa, eta herritar gehienen borondatea. Kontseiluko zuzendaritzak alboratu du erabat sorreran hartutako konpromisoa -hau da, euskararen eremura euskaratik urrun dauden sektoreak erakartzeko diskurtso eta jardun erakargarri, ireki, berritzaile eta integratzailea, eraikitzearen aldeko konpromisoa-, eta, bere ibilbidearekiko autokritika oro saihestuta, badirudi herri erakundeek egiten dutena edozelan epaituz nabarmentzea beste zereginik ez duela, harmailetan jesarritako zale amorratu horietako bat bailitzan.
Gizarte demokratiko eta aurreratuen ezaugarrietako bat da politika publikoak oro eztabaidagai izatea. Horien artean, euskara indarberritzearen aldeko jardun publikoa dago noski. Baina zilegi da eskatzea, baita ere, kritika, dena dela ere, gehiegikeriarik gabe eta gutxieneko zorroztasunez egitea. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen dekretuari edota argitaratu berri den IV. Inkesta Soziolinguistikoari buruz, nahiz bestelako gaietan, Kontseiluko zuzendaritzak esan dituenak agerian uzten dute iritziak eta juzkuak ematen dituenean darabilen arinkeria, fede gaiztoa ez bada.
Onartu den dekretuaz hau esatea, adibidez, gezurretan aritzea da: «Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak Vascuencearen Legean bezala, lurraldearen zonifikazioaren alde egin du (...) euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzeko bidea ezarriz». Gezurra, horren sinple eta horren gordin. Hari berari tiraka, fede gaiztoz aritzea da, ezbairik gabe, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Legean aurreikusitako aurrerakortasun printzipioa eta Nafarroako eremuen araberako politika identifikatu nahia. Halaber, herritarren hizkuntza eskubideak hizkuntza politikaren erdigunean kokatu nahi izateak, errealitate oro bazterrean utzirik, adierazten du Kontseiluak ez duela ulertu sakoneko gizarte aldaketaz ari garela gutxiengo batek ezagutzen duen hizkuntza gutxiagotu bat indarberritze kontuez aritzean, eta ez du ulertu, era berean, ezinezkoa dela prozesu hori bururaino eramatea egun batetik bestera eta herritarren gehiengo zabalaren atxikimendurik gabe, kontuan izanik, gainera, herritar horien gehienak erdaldunak direla.
Onartu berri den dekretuak ez du euskararen erabilera inposatu nahi, are gutxiago eragotzi ere. Hizkuntza-aukerak era progresiboan areagotzea bilatzen du, herritarren esku egongo baita izango dituzten aukerak baliatzea. Horiek horrela, enpresa pribatuak dekretuak ezarritako betebeharretara egokitzeko bi eta lau urte arteko epea zehaztu da, baina, txundigarria bada ere, Kontseiluak ez dio batere erreparatu xedapen horren sakoneko edukiari -prozesu eragingarri bezain egingarria bideratzea, alegia-, eta, lau urte barru gerta litezkeen ez betetzeen araberako neurriei erreparatu die. Hori da Kontseiluaren buruzagien hizkuntza politikaren eredua? Zigorra proposatzen al dute atxikimendua erraztu ordez?
Dekretuaren eraginpean dauden askotariko enpresen zailtasunak ezagututa, esku-esku jardun nahi du Eusko Jaurlaritzak lau urte barruko errealitatea egungoa baino askoz hobea izan dadin. Herritarren hizkuntza-aukerak ahalik eta berdinkideago izan daitezen etorkizun hurbilean, gizarte kohesionatuagoa eraikitzeko xedearekin, betiere.
Dekretuaren eraginpean dauden enpresa eta establezimendu gehienen aldeko borondatearekin ez ezik, urteotan eremu sozio-ekonomikoan pilatutako eskarmentuarekin dihardu Eusko Jaurlaritzak. Alferrikakoak dira lege, dekretu eta agindu guztiak, ezinbestez abiapuntutzat hartu behar den errealitatea eraldatzeko prozesuaren egiazko protagonistak diren herritar, elkarte eta erakundeen atxikimendua bidelagun izan ezean.
Baina, burugabekeria haratago doa Kontseiluaren zuzendaritzaren eskutik, euskararen bilakaera bost urtez behin aztertzen duen inkesta soziolinguistikoaz ari dela: «Iparraldean hizkuntza galbidean dago, Nafarroan erritmo honetan 834 urte beharko ditugu, eta EAEn 175 urte»; «elebidunen artean euskara erabiltzeko dagoen motibazio faltak zerbait gaizki doala erakusten du. Hizkuntza politika desegoki baten fruitua da»; «inkesta soziolinguistikoak desmuntatu egiten du erabat erabilerari buruz Eusko Jaurlaritzak duen diskurtsoa» -Eusko Jaurlaritzak berak inkesta burutu eta argitaratu duenean-, eta abar. Esandako guztiak aski ez iritzirik, inkesta soziolinguistikoaren metodologiaz zalantzak agertuz errematatzen du diskurtsoa, erreparorik gabe, azterketa soziolinguistikoak egiten eskarmentu eta ezaguera handiko enpresen landa-lana zalantzan jarriz, bidenabar. Hamaika entzuteko eta irakurtzeko jaioak gara!
Gizarteko aldaketen abiadura kontuan hartuta, nekez esan liteke, Kontseiluko azti horietako bat izan ezean, zein izango diren berrogeita hamar, ehun edo berrehun urte barruko euskal gizartearen ezaugarriak. Bai diskurtsoan bai jardunean iraganean aingura botata duen Kontseilua ez da konturatu gizartea bera arian-arian aldatzen ari dela eta egungo elebidunen ezaugarriak eta sasoi batekoenak ez direla inondik inora berberak.
Goazen bidetik abiatuta -eta ez neke eta ahaleginik gabe-, datozen hamabost urteetan Iparraldean galerak apalduko dira (gazteetan ez da galerarik izango); EAEn, 50 urtez azpiko elebidunen ehunekoak gora egingo du nabarmen, eta epe berean 30 urtetik beherako gazteen bi heren baino gehiago -Gipuzkoan ia %100- elebidunak izango dira; eta aurreikuspen gertagarria da, halaber, Nafarroan, hazkundea izango dela iragartzea 25 urtez azpikoen multzoan. Dena den, arian-arian gorpuzten diren hizkuntza politikek bizkor eraldatzen ari den gizartearen hizkuntza joerei eta beharrei erreparatu beharko diete, eta aparteko ahalegina eskaini beharko diote hiztunen unean uneko beharrizanei erantzun egokia eta neurrikoa emateari.
Bukatzeko, zinez eskertuko nioke gainerakoen jarduna epaitzen horrela jarduten duen Kontseiluko zuzendaritzari adieraziko balu zer egin beharko litzatekeen, oinak lurrean, herritarren atxikimendua zubi eta boluntarismoa baztertuz, euskara indarberritzeko. Izan ere, hizkuntza politikarik txarrena baita egin daitekeenaren mugak gainditzen dituena, edota egin behar denari eta egin daitekeenari bizkar emanda gauzatzen dena.