Badator Korrika, ezin dut sinistu zelako arin pasatu diren bi urte, oraindik aurrekoa buruan daukat. Emozionatu egiten naiz Korrikarekin, ezin dut agoantatu, eta urte guztian egiten ez dudan kirola (nahiz eta azkenaldian Lekitton arin aringa egitea toka jakun) egun honetan egiten dut, emozinoiak nekeari aurre hartzen dio eta ezin hankak geratu.
Baina aurtengo Korrika notiziaz beteta etorri zaigu. Lehengoa, Euskararen etsai ezagunen eskutik, Nafarroako gobernuaren eskutik. Lehengo aldiz Korrika laguntzeko konpromisoa hartu, baina laster bota da atzera, horretarako aitzakiak erabiliz. Jakina da Sanzen gobernuak urte guztia hauetan Nafarroan aurrera daraman politika glotozida, euskararen desagerpena bilatu nahian, ezagunak dira gobernu honek hartu dituen erabakiak eta egin izan dituenak. Oraingo hau ere politika horren barruan kokatuko nuke, presoan argazkiak agertu direla aitzakiatzat erabilita (hauek ere eskubidea izango dute ba korrika egiteko), aurten lehengo aldiz eman behar zuen dirulaguntza ez ematea erabaki du, aitzakia hutsa. Presoan argazkiak betidanik parte hartu izan dute Korrikan. Presoak herri honen parte dira, eta besteak beste Korrikak dituen helburu berdinak defendatzeagatik daude kartzelan, beraz besteok beste zilegitasun dute, edo gehiago, Korrikan presente egoteko. Baina badakizue, beti aitzakiaren bat behar erasoak estaltzeko eta oraingoan hau erabili behar izan dute.
Nafarroako gobernuarena larria bada, are larriagoa iruditu zait Lekeitioko udalak, edo Ayuntamiento de Lekeitio deitu beharko nioke, hartu duen erabakia. 16. edizioa beteko du aurten korrikak, eta guztietan ez bada ia guztietan Lekeitioko Udalak bere kilometroa izan du, herritar guztiona den kilometroa. Baina aurten gure Alkate Jaun Txit gorenak Korrika ez laguntzea erabaki du, aitzakiatzat krisia eta diru falta argudiatuta. Jarritako aitzakia sinesgarria izango litzateke, Korrikan parte hartzea milioiak kostatuko balu, baina 400 euro inguru kostatzen da kilometroa, eta diru hori udalak ez duela izatea, aitzakia merkea ez ezik lotsagarria ere bada. Makro obretan (faroa, sahiesbidia,…) edo tontokerietan (Turismo bulego mega modernoa, Suspergintza subentzionatzen,…) hainbeste diru gastatzen duen udaletxe batek, eta zer esanik ez alkate eta alkate ordeak dituzten soldata desproportzionatuak ikusita (euren soldatetatik dirua ipini bazuten konturatu be ez ziren egingo diru hori falta zaienik), zelan esan dezakete 400 euro miserable ez dituztela. Lotsagarria iruditzen zait, eta herri osoa be lotsagarri uzten dute.
Egoera Lotsagarri honen aurrean zerbait egin beharra dagoela pentsatzen dut, berriro ere Lekeitioko udalak herrien interesari begiratu beharrean bere poltsikoei eta interesei begiratzen diela argi geratu da, baina modu baten edo bestian Lekeitioko herria korrikaren dagoela erakutsi behar dugu. Horretarako proposamen bi egiten dizkizuet, 40 lagun ia batzen garien bakoitzak 10 euro ipinita, Lekeitioko udalak ipini ez duen diru horri geuk ipini eta Lekitto be Korrikarekin eta euskararekin dagoela erakusteko. Nik lehengo 10 euroak ipintzen ditut, animatzen bazarie bestiok galarrena@gmail.com emailera idatzi eta deituko dizuet. Dirurik ez dutenari, beste proposamen bat, ostiralean goizaldeko 5:20an denok eskolapera bajatzea Korrikari ongi etorria emotera.
HOR DAGO BADA NIRE PROPOSAMENA, LEKITTO KORRIKAREKIN ETA EUSKAREKIN.
Kaixo lagunzarrok:
Aspaldi ez dut idatzi blogean, egia esan liatu xamar nabil, eta horretaz gain aurrekoan idatzi nuenagatik sortutako marejadak eta akusazioak, apur bat horretarako gogoa kendu zidaten, baina hemen nago berriro gerrarako prest.
Hauteskunde kanpainan bete betean sartuta gaude, martxoaren 1ean bozkatzera deitu gaituzte, eta bitartean hor dabiltza politikariak direnak eta bi eskaintzen gure botoa bereganatu nahian, gezurra nagusi beraien ahoetan.
Gezur eta promesa antzu guzti horien artean, euskarak ere protagonismo bitxia hartu du. PNVkoak beldur dira Patxik poltrona kenduko ete dien, eta hori dela eta duela zortzi urte bezala beldurraren estrategiari heldu diote, euskararen kontra egingo dutenaren estrategiari besteak beste.
Egia esan harridura sortzen didate halako baieztapenek, batez ere azken urte hauetan PNVren gobernu "abertzaleak" euskararen alde egin duen guztia ikusi ostean, hau da, hutsaren urrena egin dutela ikustean. 30 urte daramatzagu gobernu nazionalista delakoarekin eta urte guzti hauetan euskararen normalizazio eta garapena oso txikia izan da. Administrazioan erdaldunak dira nagusi lanean (en erderaz mesedez!), unibertsitatean euskaraz ikasketak burutzea gaur egun ezinezkoa da, euskaraz eskatzeagatik ertzaintzak atxilotu egiten zaitu, osakidetzan ere euskarak begiratu zelako egoera daukan, eta zerrendarekin luze jarraitu badezakegu ere oso grabea den beste bat baino ez dut aipatutako, eskolak ez du euskalduntzen oraindik.
Zer egin du bada PNV-ek 30 urte hauetan, orain sozialistak egingo luketen berdin berdina. Oso erraza da errealitatea ezkutatu, eta besteek egingo luketena salatzea, ea jendea beldurtzen den, baina zuek berdin berdina egin duzue. 30 urte hauetan euskararen alde egin beharrean, elebitasun delakoaren alde egiteagatik, euskara alboratu eta galbidean ipini duzue (hizkuntza minorizatu batek aurrera ez egiteak atzera egitea esan nahi du).
Hori da beraz gertatuko dena, PSOE badator berdinetan jarraituko dugu, beraz ez erabili euskara beldurra sartzeko, egoera berdin berdina izango da eta desgraziaz.
Beste egunean Lehendakari denari entzun nion euskara mundura zabaldu nahi duela. Ibarretxe jauna, hasi zaitez lehenengo euskara etxean zabaltzen eta administrazioan, mundua ere gero hor egongo da eta.
Berria hartu eta harrituta geratu naiz Erramun Osaren artikulua irakurtzerakoan. Harrigarria da Ondarrutar honek emandako giroa, euskalgintzako kide aktibo izatetik (azken urteetan jada zein bide hartuko zuen bagenekien) jaurlatzirlako poltrona betetzera pasatu da eta honen defentsa sutsua egitera.
Eusko Jaurlaritza omen da orain euskararen alde gehien egin duena, eta jendartea da atzetik datorrena, lotsa behar da gero Erramun!. Zuk ni bezain ondo ezagutzen duzu historia, baina noski diruarekin dena ahaztu ezta???.
Euskarak aurrera egin badu euskalgintzak urte hauetan egin duen lanari esker izan da, jaurlaritzaren lana behin da berriz lan hau oztopatzea eta zangotrabatzea izan da, eta zuk hori ondo dakizu, bestela errepasatu AEKren historia hurbila.
Hemen duzue bere artikulua irakurri eta zuek epaitu, denborak bakoitza bere lekuan ipintzen du.
Kontseilua: aingura astuna euskararentzat
Erramun Osa
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendaria
Euskararen indarberritze kontuetan ia dena da eskas, herri aginteen jarduna tartean denean batez ere. Horregatik doa, batzuen aburuz, hizkuntz normalizazioa motel, atzera ez doanean, han hemengo herri erakundeek oro har, eta Eusko Jaurlaritzak bereziki, utzikeriaz jokatzen dutelako, euskararekiko interes epela dutelako eta ez direlako gauza hartu beharko liratekeen erabakiak tinkotasunez hartzeko. Izan ere, euskararen indarberritzearen kontua, herritarren borondatea gorabehera, erraza da bideratzen Kontseiluaren ustean: herri erakundeek gogoa izatea, legearen bidez han-hemen euskararen ezagutza -eta akaso erabilera- ezinbestekoa bilakatzea, euskara orokortzeko epe laburrak, bitartekoak eta adierazleak finkatzea, eta kito! Makina baten botoiari sakatzea balitz bezala, horra, buelta emanda, eta hamarkada gutxi batzuetako ekinaren bidez, mendeetako atzerakada.
Bost axola zaio estrategia politiko jakin baten uztarriari erabat lotua den Kontseiluko zuzendaritzari euskararen lur eremuko errealitate juridikoa, politikoa, kulturala, soziala eta linguistikoa, eta herritar gehienen borondatea. Kontseiluko zuzendaritzak alboratu du erabat sorreran hartutako konpromisoa -hau da, euskararen eremura euskaratik urrun dauden sektoreak erakartzeko diskurtso eta jardun erakargarri, ireki, berritzaile eta integratzailea, eraikitzearen aldeko konpromisoa-, eta, bere ibilbidearekiko autokritika oro saihestuta, badirudi herri erakundeek egiten dutena edozelan epaituz nabarmentzea beste zereginik ez duela, harmailetan jesarritako zale amorratu horietako bat bailitzan.
Gizarte demokratiko eta aurreratuen ezaugarrietako bat da politika publikoak oro eztabaidagai izatea. Horien artean, euskara indarberritzearen aldeko jardun publikoa dago noski. Baina zilegi da eskatzea, baita ere, kritika, dena dela ere, gehiegikeriarik gabe eta gutxieneko zorroztasunez egitea. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen dekretuari edota argitaratu berri den IV. Inkesta Soziolinguistikoari buruz, nahiz bestelako gaietan, Kontseiluko zuzendaritzak esan dituenak agerian uzten dute iritziak eta juzkuak ematen dituenean darabilen arinkeria, fede gaiztoa ez bada.
Onartu den dekretuaz hau esatea, adibidez, gezurretan aritzea da: «Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak Vascuencearen Legean bezala, lurraldearen zonifikazioaren alde egin du (...) euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzeko bidea ezarriz». Gezurra, horren sinple eta horren gordin. Hari berari tiraka, fede gaiztoz aritzea da, ezbairik gabe, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Legean aurreikusitako aurrerakortasun printzipioa eta Nafarroako eremuen araberako politika identifikatu nahia. Halaber, herritarren hizkuntza eskubideak hizkuntza politikaren erdigunean kokatu nahi izateak, errealitate oro bazterrean utzirik, adierazten du Kontseiluak ez duela ulertu sakoneko gizarte aldaketaz ari garela gutxiengo batek ezagutzen duen hizkuntza gutxiagotu bat indarberritze kontuez aritzean, eta ez du ulertu, era berean, ezinezkoa dela prozesu hori bururaino eramatea egun batetik bestera eta herritarren gehiengo zabalaren atxikimendurik gabe, kontuan izanik, gainera, herritar horien gehienak erdaldunak direla.
Onartu berri den dekretuak ez du euskararen erabilera inposatu nahi, are gutxiago eragotzi ere. Hizkuntza-aukerak era progresiboan areagotzea bilatzen du, herritarren esku egongo baita izango dituzten aukerak baliatzea. Horiek horrela, enpresa pribatuak dekretuak ezarritako betebeharretara egokitzeko bi eta lau urte arteko epea zehaztu da, baina, txundigarria bada ere, Kontseiluak ez dio batere erreparatu xedapen horren sakoneko edukiari -prozesu eragingarri bezain egingarria bideratzea, alegia-, eta, lau urte barru gerta litezkeen ez betetzeen araberako neurriei erreparatu die. Hori da Kontseiluaren buruzagien hizkuntza politikaren eredua? Zigorra proposatzen al dute atxikimendua erraztu ordez?
Dekretuaren eraginpean dauden askotariko enpresen zailtasunak ezagututa, esku-esku jardun nahi du Eusko Jaurlaritzak lau urte barruko errealitatea egungoa baino askoz hobea izan dadin. Herritarren hizkuntza-aukerak ahalik eta berdinkideago izan daitezen etorkizun hurbilean, gizarte kohesionatuagoa eraikitzeko xedearekin, betiere.
Dekretuaren eraginpean dauden enpresa eta establezimendu gehienen aldeko borondatearekin ez ezik, urteotan eremu sozio-ekonomikoan pilatutako eskarmentuarekin dihardu Eusko Jaurlaritzak. Alferrikakoak dira lege, dekretu eta agindu guztiak, ezinbestez abiapuntutzat hartu behar den errealitatea eraldatzeko prozesuaren egiazko protagonistak diren herritar, elkarte eta erakundeen atxikimendua bidelagun izan ezean.
Baina, burugabekeria haratago doa Kontseiluaren zuzendaritzaren eskutik, euskararen bilakaera bost urtez behin aztertzen duen inkesta soziolinguistikoaz ari dela: «Iparraldean hizkuntza galbidean dago, Nafarroan erritmo honetan 834 urte beharko ditugu, eta EAEn 175 urte»; «elebidunen artean euskara erabiltzeko dagoen motibazio faltak zerbait gaizki doala erakusten du. Hizkuntza politika desegoki baten fruitua da»; «inkesta soziolinguistikoak desmuntatu egiten du erabat erabilerari buruz Eusko Jaurlaritzak duen diskurtsoa» -Eusko Jaurlaritzak berak inkesta burutu eta argitaratu duenean-, eta abar. Esandako guztiak aski ez iritzirik, inkesta soziolinguistikoaren metodologiaz zalantzak agertuz errematatzen du diskurtsoa, erreparorik gabe, azterketa soziolinguistikoak egiten eskarmentu eta ezaguera handiko enpresen landa-lana zalantzan jarriz, bidenabar. Hamaika entzuteko eta irakurtzeko jaioak gara!
Gizarteko aldaketen abiadura kontuan hartuta, nekez esan liteke, Kontseiluko azti horietako bat izan ezean, zein izango diren berrogeita hamar, ehun edo berrehun urte barruko euskal gizartearen ezaugarriak. Bai diskurtsoan bai jardunean iraganean aingura botata duen Kontseilua ez da konturatu gizartea bera arian-arian aldatzen ari dela eta egungo elebidunen ezaugarriak eta sasoi batekoenak ez direla inondik inora berberak.
Goazen bidetik abiatuta -eta ez neke eta ahaleginik gabe-, datozen hamabost urteetan Iparraldean galerak apalduko dira (gazteetan ez da galerarik izango); EAEn, 50 urtez azpiko elebidunen ehunekoak gora egingo du nabarmen, eta epe berean 30 urtetik beherako gazteen bi heren baino gehiago -Gipuzkoan ia %100- elebidunak izango dira; eta aurreikuspen gertagarria da, halaber, Nafarroan, hazkundea izango dela iragartzea 25 urtez azpikoen multzoan. Dena den, arian-arian gorpuzten diren hizkuntza politikek bizkor eraldatzen ari den gizartearen hizkuntza joerei eta beharrei erreparatu beharko diete, eta aparteko ahalegina eskaini beharko diote hiztunen unean uneko beharrizanei erantzun egokia eta neurrikoa emateari.
Bukatzeko, zinez eskertuko nioke gainerakoen jarduna epaitzen horrela jarduten duen Kontseiluko zuzendaritzari adieraziko balu zer egin beharko litzatekeen, oinak lurrean, herritarren atxikimendua zubi eta boluntarismoa baztertuz, euskara indarberritzeko. Izan ere, hizkuntza politikarik txarrena baita egin daitekeenaren mugak gainditzen dituena, edota egin behar denari eta egin daitekeenari bizkar emanda gauzatzen dena.
Aste bukaera hau berezia izango da Lekeition, Aittitta Txiki Kultur Elkarteak bere zilarrezko ezteiak ospatuko ditu, ametsez, lanez eta ilusioz betetako 25 urte mando.
Badakit nire blog honetan euskara gaitzat hartuta idatzi behar dudala, baina ez nuen aukera hau pasatzen utzi nahi nire omenaldi xumeena egiteko hainbeste eman didan talde honi.
Nork esango zuen duela 25 urte Joxe Mielek eta Mari Terek martxan ipini zuten talde txikia hain handi bilakatuko zenik. Helburu xume batekin jaio zen taldea, gazteei alternatiba ematea, eta urteen eta lanaren poderioz instituzio bat bihurtu da herrian, bera gabe gaur egun Lekeitio eta bertako kultur mugimendua ulertzea ezinezkoa da. Gaur egun bizi dugun jendarte indibidualistan halako proiektu batek aurrera egin izana eta hainbeste errotu izana benetan txapela kentzekoa da, azken urteetan Joxe Mielek eta bere “ekipoak” era desinteresatu baten eman duten guztia omentzekoa da benetan.
Futbola, asto karrerak, zaldiak, txalaparta, elkartasuna, mendia, natura, musika, nazio eraikuntza, iparraldeko haizeak, jaia, tanborradia,… guzti hori eta gehiago da Aittitta Txiki. 25 urte arin pasatu dira, asko egin da, baina asko geratzen zaie/zaigu ere egiteko. Har ezazue ba nire zorionik berona eta segi horrela, Aittitta Txiki gabe ezer ez litzateke berdin. Joxe Miel jarraitu zaren bezalakoa izaten.