| « Komunismoaren garaipena | Ondarrutar intoleranteak » |
“La teva manera de viure dia a dia. Aquesta és la clau per a decidir com serà la teva llar.”. Nolabait esateko, norbere eguneroko bizimoldea dela erabakigarria norbere etxea era batera edo bestera eraikitzeko. Ez diot nik, Peter Betzelek dio, eta katalanez, Ikea Ibéricaren arduradunak.
Uda hasieran Ikearekin haserretu nintzen. Barakaldoko Ikean izan nintzen eta ez zidaten etxea era batera edo bestera eraikitzen utzi. Gazteleraz egin behar izan nuen, nahi eta nahiez. Egia esan, makinaz ordaintzerakoan bi aukera eman zizkidaten: gazteleraz edo ingelesez. Harantzago zegoen Ikeako beharginari galdetu nion, gazteleraz jakina, ez ote zegoen euskaraz ordaintzeko aukerarik. Ezetz erantzun zidan, baina irribarre batez gaineratu zuen “proposamen polita” izango litzatekeela, eta nahi izanez gero joateko bezeroentzako arreta zerbitzura. Han joan nintzen nire “proposamen politarekin” arreta zerbitzura. Berrogeita hamar bat laguneko ilararekin egin nuen topo, bakoitza aldatu beharreko altzariarekin. Eta bizi-molde honen martxa biziak bultzatuta alde egin nuen. Burokraziaren geldotasunak beti irabazten du.
Ikeatik kea negiola atera nintzen.
Bartzelonara bizitzera etorri naiz ikasturte berri honetan, eta etxe berriko zenbait gauza erostera urreratu naiz berriz Ikeara (zin dagit ez naizela ez ikeamorratu ez ikeadikto, kontrakoa iruditu badaiteke ere), Bartzelonan oraingo honetan. Eta konturatu naiz oker nengoela, nahastuta nenbilela. Errua ez zen Ikearena.
Hemen, Bartzelonako Ikean, guztia zegoen katalanez: kartelak, azalpenak,…baita detailerik txikienak ere. Eta aldi berean, katalanaren ondoan, txikixeago, gazteleraz. Ordaintzerako orduan ere langile guztiek egiten zuten katalanez zein gazteleraz, arazo barik. Hau da, bezeroak aukeratzen du hemen hizkuntza, normaltasunez.
Ez da Ikearen kapritxoa Bartzelonan katalanez zein gazteleraz aritzea eta Barakaldon soilik gazteleraz (edota ingelesez, makinaz ordainduz gero) ematea zerbitzua. Tokian tokiko gobernuen hizkuntza politika igartzen da nabarmen. Badirudi euskal gobernuak ez duela borondaterik.
Baina, erruaren harria goikoari botata ere ez da askorik konpontzen. Goikoak ez baitu inoiz errua bere gain hartzen eta berriz ere geure gainera jausten da harria. Geuk, norbanakook, goazen lekura goazela, sortu behar dugu zerbitzua euskaraz eskaintzeko beharrizana. Lehen hitza, eta bigarrena, eta hirugarrena euskaraz eginez saltzaileari (administrazioari, etab.). Geldixeago agian, keinuren batekin lagunduta agian, baina euskaraz. Izan ere, erabili ez arren jakin jende askok daki (edo behintzat hizkuntza horretan hezi da eskolan) euskara. Bada, konturatu daitezela euskarazko zerbitzua eskaini behar dutela bezerorik galdu nahi ez badute.
Badakit jakin neuk ere, txatxukeri edo txikikeri bat dela Ikearen adibide hau (eta horrelako beste mila). Baina txikikeriak garrantzitsuak dira oso. Gure eguneroko bizitzan ere txikikeriek egiten gaituzte zoriontsu.
Aukeratzeko aukera izatea da askatasuna. Euskaraz bizitzeko aukera izan nahi dut nik.
Interneten ikearketa lanak egiten ibili naiz, eta berriz topatu nahiz Peter Betzel jaunarekin. Bartzelonako katalogoan katalanez irakurri niona oraingoan euskaraz irakurri diot. Bada zerbait, edo agian ez da ezer. Pausotxo bat behintzat. Txikikeriatxo bat. Barakaldoko Ikean euskaraz berbetan ikasten dutenean, agian, askeagoak izango gara.
“Egunerokoa bizitzeko zure modua. Horren arabera erabakiko duzu nolakoa izango den zure etxea.”. Betzelen esaldia buruan bueltaka darabilkit oraindik.