| « 'Popatik Hartzera Eguna' | Bizkaiko Venezia » |
Noizbait entzuna nuen bazegoela Londreseko Hyde Parken hizlarien txoko bat, Speakers' Corner delakoa. Adierazpen askatasunaren txokoa omen da. 1872an, 1855ean hasitako matxinada, erreforma demokratikoen eskaera eta langile iraultzaileen presioen eraginez, "Royal Parks and Garden's Act" dekretuaren bidez legeztatu zen Hyde Parken hitzaldiak eta eztabaida publikoak egitea. Harrezkero edozeinek izan du, ezagun zein ezezagun, txoko horretara joan eta bere ideiak modu askean azaldu eta defendatzeko aukera. Besteak beste, Karl Marx, Vladimir Lenin, George Orwell edota William Morris pasa dira Speakers' Cornerreko aulkitxotik.
Izan ere, aulkitxo gainetik aritzen dira han hizlariak beti. Batzuk diote aulkitxo honek antzinagoko heriotz zigortuei egiten diela erreferentzia. Gaur egungo Hyde Parken lekuaren inguruetan antzina urkamendia omen zegoen, Tyburn zeritzona, eta kondenatuek aulkitxo gainean heriotza jaso aurretik azken hitzak esateko eskubidea zuten. Alabaina, beste batzuk esanahi ezberdina ematen diote aulkitxoaren erabilerari. Aulki gainera igotzen denak jada ez du Erresuma Batuko lurra ikutzen, beraz, eskubidea du askatasunez hitz egiteko edozertaz, inorena ez den lurraldean dagoelako, aulki gainean alegia, airean.
Kontua da, egunotan halako zerbait ikusi dudala Italiako hainbat plazetan. Bolognan bertan zein Paduan: plaza erdian zutik dago gizona, aulkitxo bat ondoan duela baina oinak lurrean dituela. Ez da ez Marx, ez Lenin, ez Orwell, ez Morris, beste barik, kaleko gizon bat da. Jendea inguratzen zaio eta zera esaten du: "nire asmoa kalean, hiritarren artean, eztabaida sortzea da, ideiak trukatzea, hiritarrari pentsaraztea". Horretantxe ari da Italiako iparraldean plazarik plaza. Eta halaxe, apurka apurka, kaleko jendea biltzen hasten da, zahar nahiz gazte, lanetik irten berri dena, ume zainean dagoena, unibertsitatera doana, mandatuak egiten dabilena zein paseoan dabilena. Gizonak eztabaidaren metxa pizten du aktualitateko gairen bat aipatuz eta eztabaida berez berez sortzen da. Gizonak bizikletako otzaran dituen eguneko egunkari guztiak (italiako prentsa idatziko abaniko osoa) eskuragarri jartzen ditu irakurri nahi dituenarentzat. Politikaz hitz egiten dute, egoera ekonomikoaz, eskuin zein ezker ideologiez, ideologia berriak sortu beharraz, demokraziaz, iraultzaz... edozertaz. Eta ideia guztiz kontrajarriak agertzen dira, eta bakoitzak berea defendatzen du baina entzuten du bestearena ere, eta halaxe, giroa berotzen da batzuetan eta baretzen besteetan. Bien bitartean hiritarren korroaren erdian jarraitzen du aulkitxoak, sinbolo huts gisa, inork ez baitu erabiltzen. Denak ari dira oinak lurrean.
Eztabaida amitzean ez dute lortu mundua konpontzerik, baina pentsatu eta pentsarazi egin du han bildutako hiritar bakoitzak. Ez da lan makala hori gaur egun. Inpresioa dut norbere kabuz pentsatzea galzorian dagoen aktibitate mentala dela. Komunikazioaren, edo hobeto esan, komunikabideen gizartean bizi garen honetan, komunikabideak (guztiak, salbuespenik gabe) pentsamendu saltzaileak dira, eta guk goizero erosten dieugu pentsamendua kioskoan euro baten truke. Edota telebistan, irratian zein interneten, doan. Kazetariaren lanak hiritarrari pentsaraztea behar luke izan eta ez hiritarrari pentsamendua saltzea. Jakina erosoagoa dela pentsamendua erostea, artalde pentsamenduan beste ardi bat izatea, norberak sortzea baino. Komunikbide guztiak ikustea onena beraz, baina inori sinistu barik norberak eraikitzea norbere pentsamendua, pentsatuz.
Ez dago aulkitxo beharrik pentsatzeko, norbere pentsamendu kritikoa sortzeko.