Jai eguna izan zen Italian joan zen ostiralean, apirilaren 25ean. Italiaren askapena ospatzen dute (tropa aliatuek naziak Italiatik kanporatu zituztenekoa). Baina horrez gain, egun berean, beste aldarrikapen bat egin zen Italiako hainbat plazatan: V2-Day eguna ospatu zuten bigarrenez (horren adierazle 2 zenbakia), Vaffanculo-Day. Itzulpena eginez: 'Popatik Hartzera Eguna'. Halaxe, gordin eta zuzen.
Informazio askatasuna aldarrikatzen dute. Beppe Grillo da mugimendu honen sortzaile eta bultzatzailea. Komiko eta aktore italiarra da berau, eta orain dela urte batzuk arte telebistan egiten zuen lan. Kontua da, Grillo politikoen korrupzioa eta hauek komunikabideekin egiten duten erabilera interesatua salatzen hasi zela, beti ere kritika dokumentatu eta arrazoituekin. Bada, gizartean zuen ohiartzuna ikusirik italiako kasik telebista guztiek (tb nagusi guztiek) zentsuratu egin zuten Beppe Grillo eta ez diote euren kamara aurrean gehiago agertzen utzi. Honen haritik, Beppe Grillok informazio askatasunaren aldeko mugimendu bat piztu du apurka-apurka gizartean, bere blogaren bidez, batez ere.
Italiar komunikabideak (telebistak, irratiak, prentsa,...) interes politikoen tresna baino ez direla salatzen du, eta ez dutela informazioa eskaintzen, propaganda baizik. Hiritarrek ordea informazio eskubidea dute, horixe da hain zuzen defendatzen dutena. V2-Day egunean Torinoko plaza nagusian egin zuen ekitaldia Beppe Grillok: 120 mila hiritarrez betetako plazaren aurrean informazio askatasunaren aldeko aldarri ozena egin zuen bere lan erremintak erabiliz, umorea eta kritika.
Ehundaka mila pertsonek sinatu dute Italian mugimendu honek sortutako informazio askatasunaren aldeko dokumentua. Zabaltzen doaz gutxinaka italiarren begiak komunikabideen trikimailuaren aurrean. Eta panorama ikusita, modu oso arrunt eta zakarrean esaten diete komunikabideei: vaffanculo!, 'popatik hartzera!'. Zuzen eta gordin, beharbada horrela hobeto ulertzen delako, finkerietan ibili barik.
Hauxe zen V2-Dayren lema: Stampa e televisioni sono nelle mani di gruppi politici. Chi controlla l'informazione controlla la percezione della realtà, deformandola. La verità può essere un gioco di parole, ma la verità non sta nelle parole, ma nella conscienza di ognuno di noi. Il 25 di aprile scegli di credere in te stesso firmando per una libera Informazione. Euskaraz: "Prentsa eta telebistak talde politikoen esku daude. Informazioa kontrolatzen duenak errealitatearen pertsepzioa kontrolatzen du, errealitatea bera deformatuz. Errealitatea hitz joko bat izan daiteke, baina egia ez dago hitzetan, norbere kontzientzian baizik. Apirilaren 25ean aukera ezazu zeure buruagan sinistea Informazio aske baten alde sinatuz".
Italiatik kanpo, geure etxean ere esan dezagun vaffanculo! lotsa barik benetako informazioaren alde. Ikasi dezagun geure buruagan sinisten. Ez gara ardiak.