Bat gehi bat, bi. Bi gehi bat, hiru. Eta horrela jarraitzen du batuketak harik eta zer batu geratzen ez den arte. Halaxe irakatsi ziguten txikitan.
Antza denez, Iran lurralde urrunean ez dakite ondo kontatzen. Presidentziarako hauteskunde aurretik borborka erakutsi digute medioek gizarte irandarra: iturri guztien arabera, Mir Hosein Mousavi erreformistak irabazteko aukera argia zuen. Baina hara non, hauteskunde egunaren ostean, botu guztiak zenbatuta, Mahmud Ahmadineyad atera da garaile irandarren %62,6aren babesarekin. Mousavik botuen %33,7a baino ez du lortu.

Oposizioak irregulartasunak salatu ditu botuen kontaketan, eta erakunde internazionalek ere (Europak eta AEBk, kasu) zalantzazko hauteskundeak izan direla esan eta argibideak eskatu dizkiete Ahmadineyadi eta Irango agintari gorenari, Alí Jameneiri.
Teherango protestek 9 hildako utzi dituzte dagoeneko. Irango Errepublika Islamikoko agintariek bertako eta atzerriko komunikabide gehienak betatu dituzte, ez diete protesten irudiak zabaltzen lagatzen. Baina irandarrak internet bidez ari dira gertaturikoa kontatzen: youtube bidez, facebook bidez, twitter bidez, etab. Zaindarien Kontseiluak, halako Tribunal Constitucional antzeko zerbait, hauteskundeak balekoak izan direla azpimarratu du gaur, baina botu batzuk (eta ez denak) birkontatzeko konpromisoa hartu du.
Urrutiko lurraldeetan gertatu den kontaketa 'akats' hau ez zaigu guztiz ezezagun egiten: "arrotza bezain ezaguna" zaigu. Antza denez, ez han eta ez hemen ez dakigu ondo kontatzen. Eta are gutxiago, itxura denez, kontatzen duguna botuak direnean. Batuketak errazak ei dira berez, botuketak ez kontizu.

Errepasa dezagun: botu batek beste baten ondoan, botu bi egiten dute. Beste bat gehituz gero, hiru. Eta horrela jarraitzen du botuketak harik eta batzeko boturik geratzen ez den arte. Halaxe ikasi genuen txikitan. Erraza dirudi ba.

Ikusezazu.com sarean filmeak, telesailak, dokumentalak eta abar ikusteko webgunea da. Zinea online ikusteko webgune ugari daude interneten gazteleraz, ingeleraz, frantsesez... Ikusezazu.com aldiz euskara hutsezko webgunea da.
Otsailean sortu zen webgunea eta dagoeneko 350 bideo inguru daude ikusgai: euskaraz egindakoak edota euskarara itzulitakoak, aspaldikoak zein oraintsukoak. Denetarik dago filmeetan (akziozkoak, fikziozkoak, animazioak, beldurrezkoak, drama, historikoak, komediak), telesailetan (fikziozkoak, animaziozkoak, komediak) eta dokumentaletan (historikoak, natura, unibertsoa, musika, kirolak). Apurka-apurka bideo kopurua gehituz joango da gainera.
Web honekin topo egitea aurkikuntza pozgarria izan da. Etxetik aparte egonagatik pelikulak euskaraz ikusteko aukera eman dit. Dagoeneko ikusi ditut hiru-lau filme eta dokumental, batzuk aurretik ezagutzen ez nituenak. Eta ezin izan diot tentazioari eutsi, marrazki bizidunen sailean sartu eta urteetan ikusi gabeko bi telesailen atalak ere ikusi ditut: Dragoi Bola eta Fernando Amezketarra. Bederatzi urte izatera bueltatu naiz, tarte batez.
Zenbakiek, batzuetan, letrek baino gehiago esaten dute. Beheko zenbakiok begiratu besterik ez dago. Zenbaki txikiak eta handiak daude. Baina denek diote zerbait. Niri txikiek esan didate gehien.
"Público.es" egunkariaren atari digitalean aurkitu ditut portzentaiok:

ZEIN DA (ala zer da?) SUSAN BOYLE?

Duela pare bat hilabete, apirilaren 11an, ezagutu genuen ia guztiok Eskoziako emakume hau. Telebista britainiarreko Britain's got talent musika programan parte hartu zuen Boylek, baina mundu guztiak Youtuberi esker ezagutu du: 'Los Miserables' musikaleko I Dreamed a Dream abestia abestu zuen. Youtubeko bideorik ikusiena bihurtu zen segituan (65 milioi erreprodukziotik gora). Mundu mailako arrakasta bilakatu zen. Munduko pertsonai famatuena egin zen derrepentean.

Susan Boyle produktua sortu zuten. Oso produktu ona eta errentagarria: milioiak eta milioiak eskaini dizkiote film bat egiteko, munduan zehar kontzertuak emateko, Barack Obama presidenteak berak ere Etxe Zurian abesteko gonbita egin omen zion maiatzean.
Baina zein da produktuaren erakargarritasuna?
Bada, Ahatetxo itsusiaren ipuina. Susan Doyle emakume 'itsusia' da, nagusi itxurakoa (48 urte dituen arren), jaiotza korapilatsua izan zuenez ikasketa arazoak ditu, langabetua da, gurasoak hil zitzaizkionetik bakarrik bizi da katutxo batekin, eta bere eginkizun nagusia auzoko parrokian borondatez lan egitea da. Gure gizartean eredugarriak ez diren baldintza guztiak ditu soinean. Baina 'akats' guzti hauei gauza bat erantsi behar zaie: berezko talentua du kantatzeko, ahots ikaragarria du. "Ei!", saldu digute, "emakume hau itsusia da, koitadu bat da, baina begira ze ondo kantatzen duen. Orain 'nor' da! Eta bere ametsak bete ditzake!".... Guztiok aho zabalik, "...aaahhh...bai, ondo kantatzen du ba."
Eta hortik, aurrera negozioa. Marketinga. Produktua saldu. Saldu eta saldu.
Atzo gauean izan zen Britain's got talent musika programaren finala eta, jakina, Susan Doyle finalistetako bat zen. Berriro abestu zuen kanta bera, baina publikoaren bozketek ez zioten garaipenik eman. Bigarren geratu zen, mutiko batzuez osatutako dantza taldea izan zen garaile. Hamaika milioi pertsonek zuzenean ikusi zuten programa. Bigarren geratu arren Boyle produktu ezin hobea da. Baina atzo gauean ezin izan zion gehiago eutsi presioari eta porrotari. Lehertu egin zen.
Produktuaren ajeak
Gizakia, azken finean, gizakia da. Susan Boyle produktu egin dute, baina produktuaren atzean emakume bat dago, pertsona bat, gizakia bat. Ez da BigMac bat, ez da iPod bat. Londresko klinika psikiatriko batera eraman behar izan zuten anbulantzian programa amaieran: presioak gainez eginda eta emozionalki lehertuta ei zegoen. Ezin izan du jasan munduko epizentro izatea, objektu bilakatzea, produktu ezin hobea izatea.
Ahate itsusia ipuin bat zen. Liburuaren azken tapa jaistean desagertu egiten zen ahatea: orri pila, letra pila baino ez zen. Youtuben klik egin eta bideoa ikusi ostean Susan Doylek arnasa hartzen jarraitzen du dagoen lekuan dagoela. Susan Doyle ez da ahatea.
Interesgarria da Doyle fenomenoa aztertzea eta gogoeta egitea: komunikabideen eta produktuen gizartean bizi gara. Aurretik ere bagenekiena jarri digu begi bistan Boylek. Jakinak jakin, ordea, guztiok jarraitzen dugu berdin: Boylek, produktu sor/sal-tzaileak eta guk (kontsumitzaileak). Bigarren taldekoak dira, noski, irabazle ateratzen diren bakarrak.

Espainiako Liga, Kopa eta Txapeldunen Liga irabazi ditu. Hiruak urte berean. Historikoa, epikoa, hobetu ezina, ikaragarria, laudagarria, mitikoa, legendarioa,... mila eratara izendatu dute (egunetik egunera modu puzgarriagoan) Barçaren tripletea. Eta talde jainkotiar honek badu bere gidaria, bere mesias propioa. Pep Guardiola kasik Jainkoaren semetzat bataiatu dute Bartzelonako medioek. Ikusi besterik ez dago atzo arratsaldean El Periódico de Catalunyak zabaldu zuen Guardiolaren irudia: Miguel Angelen Kapera Sixtinako 'Adanen sorkuntza' freskoaren irakurketa berria. Egun batez, Jainkoak gizakia sortzea erabaki zuen eta hatza luzatuaz Adan sortu zuen. Bada, atzo gauean, Pep Guardiolak Adani lekua kendu zion.
Baina, zer da futbola?
Bart lehertu egin zen Kataluniako hiriburua. Berdin zen futbolzalea izan ala ez (niri ez zait inoiz gustatu izan), Barçakoa izan ala ez (ni Athleticekoa ei naiz), atzerritarra ala bertokoa, neska ala mutil, zahar edo gazte, aberats ala pobre. Denok gara berdinak Jainkoaren aurrean, denok gara berdinak Barçaren aurrean. Atzo anaitasun eta batasun sentsaioa zegoen Bartzelonako kaleetan. Gorri-urdin jantzita edota margoztuta jendea; kotxeak, motorrak zein hiriko autobusak pitadaka; gazte koadrilak, atzerritar koadrillak zein familia osoak dantzan, kantuka eta oihuka Canaletas iturrirantz; ezezagunen arteko besarkada grinatsuak; poliziak ere elkar besarkatuaz eta zorionduaz; su artifizialak, petardoak, musika. Zoramena. Hiria hankaz gora jarri zen, ia-ia literalki. Zerk sorrarazten du horrenbesterainoko estasi kolektiboa?
Bada, futbolak. Futbol Club Barcelonaren leloa izan da beti: més que un club. Alegia, klub bat baino gehiago. Eta zer da ba, klub bat baino gehiago? sentimendu bat, nazio bat, erlijio bat, negozio bat,... zer?
Herriaren opioa da futbola? Ala herriaren ihesbidea? Ez naiz futbola definitzeko gai. Jolas bat baino ez da; industria neurgabe eta boteretsua da; hiritarra bere egunerokotasunetik atera eta amets egiteko bitartekoa da; fede kontua da; herri baten ordezkaritza da;... beharbada definizio guztiok balio dute.
Baina futbolaren erabilgarritasuna da gehien interesatzen zaidana. Gizartea tontotzeko, kontsolatzeko, neutralizatzeko ere balio du. Maiatzaren bian Barçak Real Madrili 2-6 irabazi zionetik Bartzelonako egunkarietako lehen horrialdeetako titularretatik desagertu egin dira ia-ia hitz hauek: financiament, estatut, crisi, aturats[langabetuak]. Arazook desagertu egin dira ala futbolak, nolabait, tapatu eta leundu egin ditu? Nor gogoratzen zen atzo krisiaz, langabeziaz, estatutuaz edota finantziazioaz? Nor gogoratzen da gaur?
Berriro diot, ez naiz futbola definitzeko gai. Erantzun barik geratzen da, hortaz, galdera (baina, zer da futbola?). Soilik, jakin dakit, botere handien jabe dela: sentimendua, fedea eta dirua. Hiru oinarrion gainean futbolaz ez eze erlijioaz dihardugula dirudi. Azken finean, goiko artelanak irudikatzen du hori guztia.
Taldearen, baloiaren eta Guardiola Santuaren izenean. Gol.

Martxoan Jon Garañoren ON THE LINE laburmetraia aipatu nuen blog honetan. Bada, zinegile honen beste laburmetrai bat aurkitu dut sarean. Komedia esperimentala da, oso gomendagarria.

Mutiko honek Tex Norton du izena eta 43 urte izan arren, NASA utzi eta erretiratzea erabaki du. Bai, halaxe da. Lau minutuko laburmetrai honetan ikus dezakezue nor den TEX NORTON.
Jon Garaño Moriarti produkzioak taldeko kidea da. Euren webgunean laburmetrai gehiago aurki daitezke. Eta grabatzen ari diren lehen luzemetraiari buruzko azken berriak ere bai. 'Axun eta Maite' du izena pelikulak.
Vimeo atarian ere Moriarti produkzioen laburrak ikus daitezke: 'Nora hoa Bixente?', 'Tercero B' edota 'Miramar St', besteak beste. Zein baino zen erakargarriagoa.
Zinea, klik batean.
Atzo goizean Bartzelonan izan zen Europako Parlamenturako Alderdi Popularreko zerrendaburua, Jaime Mayor Oreja donostiarra. Ahoa zabaldu bakoitzean perla bat uzten duen politikari horietakoa da.
Atzo, aparteko perla laga zuen:
"Mi bisabuelo se esforzó para que sus hijos no se encerrasen en el granero. Prohibió que hablaran el vasco en casa, para que aprendieran bien el español", esan zuen, gazteleraz, jakina. Bere familian euskararen erabilera galarazi izanaz arro agertu zen.
Latza behar du izan horrelako autogorrotoaz bizitzeak.
Egunkarietan irakurri dut esperimentu bat egin dutela Hego Koreako zientzialariek. Lehen txakur transgenikoa sortu dute. Argia itzaltzean, txakur fluorezentea bihurtzen da, umetan inoiz izan genuen gusy luz panpina bezala. Ruppy izena jarri diote txakurrari, ingelesezko ruby poopy hitzak elkartuaz. Hau da, errubi koloreko txakurtxoa.

Seuleko unibertsitatean sortu duten txakurra gizadiaren onerako omen da. Gizakien gaixotasunentzat sendabideak topatzeko balio du Ruppyk. Horrexetarako moldatu dizkiote kode genetikoak. Horrexetarako sortu dute txakur fluorezentea.
Gutxi batzuk sufritu, asko eta askoren mesedetan. Horixe da utilitarismoa.
Baina, onuradunen aldean barik sufritzaile gutxi horien aldean jarriko bagina? Ez dago errubi koloreko txakurra izan beharrik, ez Hego Koreara joan beharrik,probatarako animalia bilakatzeko.
Medikuntza oso aurreratua dugu Lehenengo Munduan. Bizitza luzatu eta bizi baldintzak hobetu dizkigu asko eta askori. Baina medikamenduak esperimentatu egin behar dira salmentara atera aurretik. Eta nork egiten ditu proba horiek? Etorkin ilegalek, langabetuek,... Beharrizanak bultzatuta probatarako animaliatzat eskaintzen dute euren burua, bolondres, 500 bat euroren truke.
Aste honetan, Leonardo Faccio Bartzelonan bizi den kazetari argentinarra ezagutzeko aukera izan dugu unibertsitatean. Bere erreportajeak idazterakoan barru-barruraino sartzea gustatzen zaio Facciori, eta proba farmazeutikoen gaia landu zuenean ere barru barruraino sartu zen. Bartzelonako ospitale batera joan eta bere bura alokatu zuen 500€ren truke esperimentu farmazeutiko bat egiteko. Asteak egin zituen. Etiqueta Negra aldizkari hegoamerikarrean argitaratu zuen gero bere kronika, 2007an, ospitalean bizi izandakoak kontatuz.

Benetan gomendagarria da bere artikulua (eta gomendagarria goian aipatutako aldizkaria ere). Lehen pertsonan kontatua, sakona, luzea, mingarria. El humanitario negocio de alquilar tu cuerpo para el progreso de la ciencia irakurtzerakoan denok bihurtuko gara une batez Ruppy txakur fluorezentea. Munduan, gure ondo ondoan Ruppy ugari daudela jabetuko gara artikulua irakurtzerakoan. Utilitarismoak halaxe eskatzen du ordea. Beldurgarria.
Joan den astean elkarrizketa hau egiteko aukera izan nuen Bartzelonan. Euskarara itzuli eta blogean eseki dut interesgarria egingo zaizuelakoan:
Eduard Sagarra i Trias [Bartzelona, 1947] Europar Batasuneko [EB] immigrazio politiketan aditua da. Universitat de Barcelonako [UB] Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakasle titularra da eta baita ESADEko [Universitat Ramon Llul] irakaslea ere. Halaber, Roca Junyent Advocats buffeteko sortzaile eta abokatua, eta Europar Batzordeko Team Europeko kide da. Gainera, martxoaren 19az geroztik, Nazio Batuentzako Espainiar Elkarteko (ANUE) presidentea da.

Europarlamentuak immigrazio zuzentaraua onartu zuen 2008ko maiatzean: itzularazte zuzentaraua. Neurri honen arabera etorkin irrelugarrak 18 hilabetez atxiki daitezke harrera zentroetan.
Ez zait gustatzen harrera hitza erabiltzea, ez direlako harrera zentroak. Internamendu zentroak dira. Teorikoki, pertsona hauei mugimendu askatasuna baino ez zaie ukatzen. Ez daude zigortuta ez baitute inolako krimenik egin. Soilik, modu irregularrean sartu dira Europara. Espainian etorkina zentrootan atxikitzeko epea 40 egunean dago. Baina nik beti diot: 40 egun eta 40 gau. Gaixo gaudenean luzeago egiten zaizkigu gauak, kartzelan zein ospitaletan ere luzeago dira. Imajina ezazu nolakoa izan daitekeen gau bat zentro hauetako batean. Ez dira batere erosoak eta gainera beti over booking egoeran daude.
Balio du, orduan, neurriak?
Estatuek, oro har, immigrazioa arazo polizial moduan ulertzen dute. Eta immigrazioa ez da arazoa, ez duelako soluziorik. Problemek matematiketan izaten dituzte soluzioak. Immigrazioa, soilik, onartu beharreko egoera berri bat da.
Eta zelan onartu egoera berria?
Konfrontazioarekin ez behintzat, horrek xenofobia eta arrazakeria sortzen baitu. Immigrazioa zigor-neurri edota neurri polizialez konpontzea okerrerako da. Europarlamentuak onartutako itzularazte zuzentaraua, zigor zuzenbidea den neurrian, hanka-sartzea da. Neurri horrekin, nahi barik, edo nahita, kriminalak ez diren portaerak kriminalizatzen ari gara. Pertsona inoiz ez ilegala, izan daiteke irregularra, baina sekula ez ilegala. Ilegala ekintza da, ez pertsona.
Immigrazioa eta kriminalitatea, zelan desmuntatu ideia-lotura hau?
Globalizazio eta krisi une honetan ikusi ditugu Britainia Handian manifestazioak atzerritarren kontra ingelesentzako lanpostuak eskatuz. Espainian ere berdina ari da gertatzen. Goseak eta beharrizanak ekintza batzuk kriminalizatzera daramate jendea. Hau saihesteko bide bakarra Europa mailako politika komunak egitea da, baina jakina, jatorrizko herrialdeekin lankidetza bermatuz, oso lan zaila izan arren.
Badago lankidetzarik?
Ez da erraza, ze nazioarteko zuzenbidean arazoak ekar ditzake beste estatuen barne arazoetan sartzeak. Gauza bat da itzulerak araupetzeko hitzarmenak egitea, eta beste bat benetako lankidetza zabala izatea jatorrizko herrialdeekin. Argi izan behar dugu ez dela hesiak eraikitzeko unea.
Zer esan nahi duzu?
Sahara, Mali, Burkina Faso edo Bangladesheko lekurik ezkutuenean ere badakite zein den Raul, zein Eto’o eta zein Bojan. Telebistan ikusten dituzte egunero. Eta egunero ikusten dute baita ere gure hozkailuak bete beteak daudela.
Amets europarra.
Jakina. Eta ezin diegu esan, Ez, zuek ez etorri ez zarete hemengoak eta, gure aberastasun guztia guretzat da. Hau ezin da ulertu, ezin da onartu, ezin da jasan. Bestela ezin genezake uler gizalegeak uler ezin dezakeena: zelan da posible haurdun dagoen emakumea patera batera igotzea? Bada, ez duelako ezer galtzeko. Bizitza, soilik. Eta bizitza dena da, baina aldi berean ez da ezer.
Lotsatu beharra du Europak?
Ez. Europak ez du lotsarik izan behar, baina bai ordea zorra. Zor handia du Europak. Hemen denok dugu gure etxeetan edo familietan jende irregularra: nork zaintzen ditu gure gaixoak? Nork gure seme-alabak? Nork jasotzen ditu gure barazkiak? Etorkinek. Denak ez dira irregularrak, baina asko eta asko bai.
Geldiarazi daiteke amets europarra?
Lehenik eta behin, argi utzi behar dugu hau ez dela mundu guztiarentzako panazea. Bigarrenik, EBk kanpo ekintza globala gauzatu behar du bere barnean ez baitu estatuen arteko mugarik. Immigrazio irregularraren aurkako borrokaren helburua jendea identifikatuta, paperekin eta lanarekin etortzea izan behar da.
Ondo kudeatzen da EBren immigraziorako aurrekontua?
Baietz uste dut, baina, Espainian politika egiten da immigrazioarekin. Gobernua duen alderdiak gai hau mediatizatu egiten du beti. Etorkinen inguruan ez dago estatu politika bat, eta egon egin behar luke. Ez litzateke konfrontazio politika izan behar. Gainera, immigrazioren ondorio itzelenak jasaten dituztenak udaletxeak izaten dira beti, baliabide gutxien dituztenak.
Espainian gainez eginda ikusten dira Kanariar Uharteak, eta Italian ere hala dirudi Lampedusa irlak.
Egia da bai gainez eginda daudela. Baina bitxia badirudi ere, cayucoetan baino gehiago iristen dira hegazkinez Ameriketatik zein Europako ekialdetik. Eta are garrantzitsuagoa den kontu bat ere badago. Mafiak antolatuago daude Europar Batasuna baino. EBren erronkarik handienetakoa, eta Espainiarena, mafien kontrako borroka eraginkorra burutzea da. Jendearekin trafikatzen dute, eta pertsonak droga baino emankorragoak dira.
Emankorragoak?
Bai. Jendea droga baino seguruagoa da. Almazen handietan legez funtzionatzen du: eskudirutan kobratzen dute eta epeka ordaindu. Irteterakoan kobratzen dute mafiek eta helmugara iritsi edo ez, berdin zaie. Areago, iristea lortuz gero estortsioa egin diezaiokete bai hemengoei bai jatorrizko herrialdean dauden senideei. EBk argi du honen kontra lan egin behar duela.
Itzularazte zuzentarauak lan hori errazten du?
Internamendu zentro hauek kaxa hutsak baino ez dira. Jendea bertan atxiki, bertan egonarazi, baino ez dute egiten jatorrizko herrialdera itzularaztea tramitatu bitartean. Baina sarri ez da itzularazterik izaten jatorrizko herrialdeak zein europarrak ezin dutelako itzulera ordaindu. Azkenean, kale gorrian bukatzen dute, eskuan ogitarteko batekin. 18 hilabete pasa ostean, 40 aste Espainian, ezin badaiteke bere herrialdera itzularazi estatuek ezin dute etorkina gehiago preso atxiki, ez baitu inolako deliturik egin.
Zer etorkizun du etorkin horrek?
Kale gorrian geratuko da. Paperik barik. Eta mafiak horren jakitun dira. Geuk ere jakin badakigu hori, eta ez gara mafiak. Baina sustatu egiten dugu.
Zergatik?
Ba, jende horren beharra dugulako.
Aste honetan ziurrenik denok ikusi ditugu Bartzelonako gertaerak telebistan. Goizekoa bertatik bertara ikusi nuen nik, Plaça Universitaten. Arratsaldekoa eta gauekoa ostera, urrutitik ikusi nituen, sofan jarrita eta eskuan telebistako mandoa nuela.
Universitat de Barcelonako [UB] aterarazteaz ari aiz. Eguazten goizaldean Errektoretzako hallean lau hilabetez zeuden Bologna Prozesuaren kontrako 53 ikasle aterarazi zituzten Mossos d’Esquadra poliziek. Goizeko bederatzietarako hainbat ikasle bildu ziren UBko Errektoretza aurrean. Mossoek gogor erantzun zuten. Eguerdian berriz bildu ziren ikasleak erantzun gogorraren protestan. Eta berriz ere, gogor erantzun zuten Mossoek. Gauean, berriro, goizeko eta eguerdiko erantzun gogorra arbuiatzeko bildu ziren ikasleak. Eta berrio erantzun gogorra.
Egunaren bukaeran: 81 zauritu. Tartean, 30 bat kazetari eta hamarnaka hiritar (une hartan, leku hartan suertatu zirenak).
Irudiok ikustean gogoratu nintzen aurreko astean nire unibertsitatean ikusi nuenaz. Ikastaro ugari egiten dituzte gure ondoko geletan: enpresarienak, psikologoenak, abokatuenak, medikoenak, eta abar. Bada, joan den astean poliziei zuzenduriko ikastaro bat egon zen gure ondoko gelan. Pasilloan nindoala ateko idi begi formako kristaletik ikusi nuen arbelean zuten power-pointa. Eztabaidan ari ziren nonbait. Halaxe irakurri nuen power-pointeko titularrean: Ciutadà: amic o enemic?
Eguaztenekoa ikusirik, susma dezaket (susmatu, besterik ez) nondik nora joan zen eztabaida hura.
Euskal zinegileek egindako laburmetrai andana aurkitu ditut egunotan interneten. Youtube, Euskaltube edo Vimeo bezalako atarietan. Gainera laburmetraien on-line lehiaketak ere ugalduz doaz: Digital Short Film Festival, Notodofilmfest edota Nontzefilmak, besteak beste.
Hona hiru laburmetrai gomendagarri:
ON THE LINE Jon Garañok AEBetan eginiko dokufikzioa da, mugez diharduena: muga fisikoak, muga fiktizioak, herrialdeen arteko mugak zein gizakiarenak.
PIN PAN PUN! Andoni de Carlos Yarza eta Asier Urbietak grabatutako laburmetraia da: umeek errealitateaz duten pertsepzioari buruz, euskal gatazka oinarri hartuta.
GARABANTZUK Txomin Ayastuyk baliabide gutxirekin errodaturiko laburmetraia da: pokerrak harrapatutako pertsonaia baten istoria bitxia kontatzen du tonu tragikomikoan.

Jon Garañoren On the line laburmetraiak Palentziako Zinema Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen joan den astean. Gainera, Argia astekari ditigalak ere oraintsu atera du euskal laburmetraiek sarean duten arrakastari buruzko erreportaje interesgarri bat.
Zinea, klik batean.
Emakumeen Nazioarteko Eguna gaur. Libreki abortatzeko eskaerak, krisi ekonomikoak bereziki andreengan duen eragina, ... gai ugari dakar gaurko egunak. Baina zergatik gaur?
Bertsio entzunenetako batek omen dio AEBetako oihalgintza fabrika batean 1911an gertatutakoak eragin zuela martxoaren 8ko eguna. Egun hartan, fabrikako emakume beharginak (italiar eta judu inmigrante gazteak gehienak, asko nerabeak) greban zeuden jasaten zuten esplotazio laborala salatzeko, enpresan itxita, eta ugazabek su eman zioten eraikinari ehunka emakume bertan errez.
Kontua da, gertaera izugarri hauek egiazkoak izan arren, ez zirela zehazki martxoaren 8an gertatu martxoaren 25ean baizik, New Yorkeko Tringle Shirtwaist faktorian.
Ez omen dago guztiz argi ere ugazabek sua eman ote zioten fabrikari ala sutea istripuz izan zen. Maiz gaizkile absolutuak bilatu nahi izaten dira ohartu gabe zapalkuntza, bortxa eta krimena, gertaera monstruoso bakanetan bainoago eguneroko lan baldintza "arruntetan" egon litekeela. Horrela, sutea piztu zein ez, zalantzarik gabe baiezta daiteke enpresako buruak erantzule zuzenak izan zirela eguneroko baldintza inhumanoengatik (astean 1,5 dolarren truke 60 ordutik gorako lan jarduna zuten emakume haiek, besteak beste).
Jurgi Kintana Goiriena historialariaren blogean aurkitu dut martxoaren 8ari buruzko kontakizun hau.
Baina gaurko egunaren jatorriaz haraindi, niri beti(ez gaur soilik, baita atzo, herenegun eta bihar ere) iruditu zait deigarria euskaraz emakumea izendatzeko dugun hitza. Bai, emakume: Eme + kume.
Guzti guztiok, izan gizon izan andra, gara eme baten kumeak. Ama batengandik jaioak. Ama, eme, ume.
Zein ez da emakume?
Aste honetan hizkuntzalbiste bi irakurri ditut: Galiziatik zetorren bata, Kataluniatik bestea. Lehena tristea egin zitzaidan, bigarrena gozoa.
Hemen, Bartzelonan, Generalitateko hirukoak eta CIUk, zinean katalana bultzatzeko lege proiektua aurkeztu dute. Aurrerantzean, Kataluniako aretoetan emango dituzten filmen erdiak (bai bikoiztuak, bai azpidatziak) katalanez izango dira. Gaur egun, emanaldien %3 dira soilik katalanez eta kopuru hori aldatu nahi du, hain zuzen, zinema lege berriak.
Galizian berriz, Xuntako presidente berriak, galescolak (galiziera oinarri duten ikastetxeak) “bukatu” egingo direla hitzeman du. Alberto Nuñez Feijook eredu linguistiko honen itxiera arrazoitu du, paradoxikoki, esanez ez duela ikastetxeetan “inolako hizkuntza inposaketarik nahi”. Jakina, gaztelera guztientzat, eta kito.
Hona hemen, bi albisteak osorik irakurtzeko estekak: katalanarena eta galizierarena.
Bien bitartean, gurean ez daukagu berririk.
Lehendakari berri izango denaren hauteskunde gaueko diskurtso emozionatua, erdia bederen, euskaraz egin izan balu… agian bai, izango genukeen hizkuntzalbistea. Diskurtso emozionatuaren sarreran lehen esaldia euskaraz irakurri izan balu bederen… agian bai, izango genukeen hizkuntzalbistea. Edo gutxienez lehen hitza, edo azkena, esan izan balu euskaraz… agian bai, izango genukeen hizkuntzalbistea. Baina ez. “Buenas noches, buenas noches” agurtu zen bi hiru aldiz. Bartzelonatik, internetez ari nintzen ikusten diskurtsoa zuzenean, beharbada urrutiegi nengoen esaten zuen guztia ondo entzuteko, baina, iruditu zitzaidan Gabon txiki bat ere ez zitzaiola kabitu ahoan. Ezta Agur xume bat ere.
Esan bezala, gurean ez daukagu berririk.
Mundu birtualak eta errealak gero eta gehiago nahasten dira gaur egun. Horren adibide da Second Life programa, hiru dimentsiotako lurralde birtuala, 2006az geroztik mundu mailan oihartzun nabarmena izan duena. Gurean, Hego Euskal Herrian, jada lortu dugu geure mundu birtual propioa: Euskal Second Life Politikoa.
Nafarrek lehenago lortu zuten, EAEkook joan den igandean gauzatu genuen guztiz. Euskal gizartea berez da konplexua, errealitate anitzekoa. Oraingoan ordea, sakondu egin dugu geure nahaspilan. Errealitate politiko berri bi sortu dira EAEn: errealitate politiko erreala eta errealitate politiko legala (birtuala).
Norbaitek Second Lifen parte hartu nahi badu, sareko atarira joan eta bere pertsonaia sortu besterik ez du egin behar. Mundu errealean, etxeko sofan adibidez, mandoa eskuartean heldu eta bere pertsonaia birtuala 3Dko lurralde birtualean gidatuko du. Bizitza birtual berria sortuko du: second life.
Arazoa dator, mandoa mugaz aldatzen denean. Hau da, mundu birtualetik mundu erreala gidatzen denean.
Eta, zeinek du errua? Zeinek du arrazoia?
Errua eta arrazoia, euren singularreko forman hiztegietatik abolitzearen aldekoa naiz. Errua, beti da Erruak; Arrazoia, beti da Arrazoiak. Pluralean eta nahaspilan, euskal errealitatek bezala.
Bagenekien gure hizkuntza arriskuan zegoela. 'Euskara arriskuan dago!' esan izan du berton aditu askok, eta baita editu ez direnek ere. Hortaz konturatzea ez da zaila, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko ahalegina egiten duen edozeinek laster ikusiko du. Baina orain ingeleses dioskue: 'Basque language, unsafe'. UNESCOk dio.
Lintze iberikoek, koalek, hartza pandek,... badute euren lista. Desagertze bidean, edo desagertzeko arriskuan, dauden animalien atlasa osatzen dute. Bada, UNESCOk atera berri du desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen atlasa, eta jakina, euskal hiztunok bertan gaude. Unsafe.
Munduan 6.000 hizkuntza hitz egiten ei dira, eta horietatik 2.500 daude desagertzeko arriskuan. Bost kontinenteetan daude hizkuntzak galtzear, herrialde pobre zein aberatsetan. UNESCOren ustez, euskara egoera ahulean dago, eta onartu du Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan egoera okerragoa dela. Berria egunkarian aurkitu dut albistea.
Inork ez gaitu atlas triste horretatik aterako. Euskal hiztunok, bana-banan guztiok, dugu hortik irteteko egin beharra: euskaraz bizi, erabili eta euskal hiztun ez direnei erakargarri egin. Bide horretan ezinbestekoa da, lurralde osoan, euskarak hizkuntza ofizialaren estatusa izatea.
Txikiari haztea besterik ez zaionez geratzen, ez dut galduko esperantza.
Hauteskundeetako leloek ez gaitzatela lelotu!
Larritzeko lain lirateke lelo lerdenak, hala nola memeloak edota argalak. Legamiaz lodituak egon litezke, alta bada, lili larregiz loratuak. Badira lelo legalak, baita lelo ilegalak. Balitezke luzeak, balitezke laburrak. Agian leunak, agian lizunak. Elebakarrak urri, asko elebidunak. Liluratzeko lain daude: lelo larrosak, lelo lilak, beilegi zein orlegiak.
Biztanleak lelotzeko landu dituzte lelologoek leloak. Betiko leloaren betiko leloa dira.
Baina beti lortzen al dute leloaraztea? Lelo zaleak al gara? Lelo irensleak al gara? Lelotzat al gaituzte?... Eta eurak balira leloak?!
Ele lurrinduez lausotzen dira benetako lemak. Horrela, hobe ez izatea sekula lelo sinesleak. Irauli, landu, lumatu, bueltatu, lehertu, ulertu lelo bakoitza. Izan dudalaria. Ez da lelokeria.
Irakurleak halako lelo aldra lotzean, lelo luze soila uler lezake. Alabaina, lerro bakoitzak alderdi batena behar luke. Eta hala da.
Euskal Herriak behar duen aldaketa,
soilik ezkerra,
independenteak,
haz que suceda , zeuk erabaki,
eragin eta aldatu,
jakin eta egin,
hay solución, tú decides.
Gabiltzan hileon lelokeriatan, lelotasunetan, lelologian, lelologikan ala lelometrotan. Baina ez gaitzatela lelotu. Ez gara leloak. Inportantea mamia da.
Tim Burtonen liburu bat heldu zait esku artera egun hauetan. La melancólica muerte de Chico Ostra (The Melancholy Death of Oyster Boy & Other Stories, izenburu originala). Arratsalde batean irakurri nuen. Metroan haranzko bidean erdia, eta honanzkoan bestea. Letrak baino marrazki gehiago ditu liburuak, Tim Burtonek berak eginak biak. 121 orrialdetan zehar errima neurtuan idatzitako istorioak kontatzen ditu.
Atmosfera bereziak, pertsonaia bereziak, sortzeko abilezia du Burtonek pelikuletan, eta halaxe egiten du liburu honetako kontakizunetan ere. Bereziki atentzioa deitu zidan istorio batek. 'La chica Vudú' izeneko kontakizunari euskal kutsua hartu nion.
Euskalzentrismoak eraginda beharbada, lotura zuzena ikusi nuen idatzia eta marrazkiaren artean. Hona hemen idatzia: Su piel es de tela blanca,/un remiendo de recortes./Y en su corazón se ensartan alfileres de colores. // Por ojos un par de discos/rayados en espiral/que emplea en hipnotizar/a una multitud de chicos. // Mantiene en un trance profundo/a un ejército de zombis./Entre ellos incluso hay uno/que es nativo de Donosti. // Mas también sobre ella pesa/una horrible maldición/pues cuando alguien se le acerca/demasiado, es un punzón/cada aguja que se entierra/más hondo en su corazón.
Zombi donostiar bat! Bi aldiz irakurri behar izan nuen. Kuriosoa begitandu zitzaidan Tim Burtonek aipatzea Donosti. Kuriosoa ez aipatu izana San Sebastián gaztelerazkoa, adibidez. Kuriosoa zombi hitzak Donostirekin errimatzea. Eta marrazkiari begiratuta ez zegoen duda izpirik. Bost zombi itsusiren artean, laugarrenak euskal txapela zeraman buruan.
Baina ez. Guztiz oker nenbilen. Liburuaren azken orrietan eranskina aurkitu nuen: istorio guztiak bertsio originalean, ingelesez, Tim Burtonek berak idatziak. 'Voodoo Girl' kontakizunaren bila hasi eta, laster topatu nuen. Marrazkian, laugarren zombiak txapelarekin jarraitzen zuen. Baina testu originalean ez nuen aurkitu Donostirik, ez San Sebastiánik. Testu originalean zombi hitzak ez zuen behar errimarik. Beste soinu batek hartu zion lekua, ingelerazko trance hitzak behar zuen errimatu. France aukeratu zuen Burtonek.
Tim Burtonen txapela ez da euskalduna, beraz. Frantsesa da. Liburua gaztelerara itzuli zuenak, Francisco Segoviak, donostiaratu zuen Burtonen txapel frantsesa zombiekin errimatzeko. Baina ez al zukeen ondo errimatuko, hobeto seguru asko, zombis eta Paris?
Zeinek erantzun galdera horri?...zombi txapeldunak berbetan baleki, erantzungo luke bai edo oui.
Futbola, aitortu behar dut, ez zait gustatzen. Egunotan ordea, zertxobait gehiago erreparatu diot egunkarietan-eta, euskal selekzioaren ika-mika dela eta.
Denok dakigu ez dela partidurik izan eta ez dela izango, aurtengoan behintzat, Iranen kontra. Aitzitik, atzo arratsaldean Bilbon bildu ziren milaka lagun euskal selekzio nazionala aldarrikatzeko.
Atzoko manifestazioaren albistea egunkarian irakurtzen geundela, esan diot gaur lagun futbol zale bati, “Partidurik ez aurten”. Eta esan dit, “Ene, ez dakizu ala!”. Ez nekien nik ezer. “Azkenean badago partidua”, jarraitu du.
Arraroa egin zait, ez dut-eta egunotan horren inguruko berririk entzun. Baina bueno, ni ez naiz futbol zalea eta, berak jakingo du. “Eta zeinen kontra ba?”, galdetu diot.
“Euskadi kontra Euskal Herria”. Serio, begietara begira, esan dit.
Segundo laurden ez da pasa barrez lehertu denerako. “Iñuzente!”, barre egin dit bizkarrean eskuz emanda. Neuk ere barrez erantzun diot. Izan ere, gaur iñuzente eguna da.
Zeinek esango zukeen. Kapitalistarik kapitalistenak estatuen interbentzio eske, liberalik liberalenak gobernuei eta parlamentuei negar-eske. Krisi handi honek kapitalista guztiak izutu ditu, sistema kolokan ote den.
Kapitalista guztiak komuneko tazan jarri dira, kakalarritan. Horixe, krisi honek ekarri duen komunismoaren garaipena. Gora komunak!
“La teva manera de viure dia a dia. Aquesta és la clau per a decidir com serà la teva llar.”. Nolabait esateko, norbere eguneroko bizimoldea dela erabakigarria norbere etxea era batera edo bestera eraikitzeko. Ez diot nik, Peter Betzelek dio, eta katalanez, Ikea Ibéricaren arduradunak.
Uda hasieran Ikearekin haserretu nintzen. Barakaldoko Ikean izan nintzen eta ez zidaten etxea era batera edo bestera eraikitzen utzi. Gazteleraz egin behar izan nuen, nahi eta nahiez. Egia esan, makinaz ordaintzerakoan bi aukera eman zizkidaten: gazteleraz edo ingelesez. Harantzago zegoen Ikeako beharginari galdetu nion, gazteleraz jakina, ez ote zegoen euskaraz ordaintzeko aukerarik. Ezetz erantzun zidan, baina irribarre batez gaineratu zuen “proposamen polita” izango litzatekeela, eta nahi izanez gero joateko bezeroentzako arreta zerbitzura. Han joan nintzen nire “proposamen politarekin” arreta zerbitzura. Berrogeita hamar bat laguneko ilararekin egin nuen topo, bakoitza aldatu beharreko altzariarekin. Eta bizi-molde honen martxa biziak bultzatuta alde egin nuen. Burokraziaren geldotasunak beti irabazten du.
Ikeatik kea negiola atera nintzen.
Bartzelonara bizitzera etorri naiz ikasturte berri honetan, eta etxe berriko zenbait gauza erostera urreratu naiz berriz Ikeara (zin dagit ez naizela ez ikeamorratu ez ikeadikto, kontrakoa iruditu badaiteke ere), Bartzelonan oraingo honetan. Eta konturatu naiz oker nengoela, nahastuta nenbilela. Errua ez zen Ikearena.
Hemen, Bartzelonako Ikean, guztia zegoen katalanez: kartelak, azalpenak,…baita detailerik txikienak ere. Eta aldi berean, katalanaren ondoan, txikixeago, gazteleraz. Ordaintzerako orduan ere langile guztiek egiten zuten katalanez zein gazteleraz, arazo barik. Hau da, bezeroak aukeratzen du hemen hizkuntza, normaltasunez.
Ez da Ikearen kapritxoa Bartzelonan katalanez zein gazteleraz aritzea eta Barakaldon soilik gazteleraz (edota ingelesez, makinaz ordainduz gero) ematea zerbitzua. Tokian tokiko gobernuen hizkuntza politika igartzen da nabarmen. Badirudi euskal gobernuak ez duela borondaterik.
Baina, erruaren harria goikoari botata ere ez da askorik konpontzen. Goikoak ez baitu inoiz errua bere gain hartzen eta berriz ere geure gainera jausten da harria. Geuk, norbanakook, goazen lekura goazela, sortu behar dugu zerbitzua euskaraz eskaintzeko beharrizana. Lehen hitza, eta bigarrena, eta hirugarrena euskaraz eginez saltzaileari (administrazioari, etab.). Geldixeago agian, keinuren batekin lagunduta agian, baina euskaraz. Izan ere, erabili ez arren jakin jende askok daki (edo behintzat hizkuntza horretan hezi da eskolan) euskara. Bada, konturatu daitezela euskarazko zerbitzua eskaini behar dutela bezerorik galdu nahi ez badute.
Badakit jakin neuk ere, txatxukeri edo txikikeri bat dela Ikearen adibide hau (eta horrelako beste mila). Baina txikikeriak garrantzitsuak dira oso. Gure eguneroko bizitzan ere txikikeriek egiten gaituzte zoriontsu.
Aukeratzeko aukera izatea da askatasuna. Euskaraz bizitzeko aukera izan nahi dut nik.
Interneten ikearketa lanak egiten ibili naiz, eta berriz topatu nahiz Peter Betzel jaunarekin. Bartzelonako katalogoan katalanez irakurri niona oraingoan euskaraz irakurri diot. Bada zerbait, edo agian ez da ezer. Pausotxo bat behintzat. Txikikeriatxo bat. Barakaldoko Ikean euskaraz berbetan ikasten dutenean, agian, askeagoak izango gara.
“Egunerokoa bizitzeko zure modua. Horren arabera erabakiko duzu nolakoa izango den zure etxea.”. Betzelen esaldia buruan bueltaka darabilkit oraindik.
Beste behin, fototurista dogmatikoaren paperean sartu naiz. Atzerrian nagoela aprobetxatuz, ostera ere neure herriaren bila hasi naiz italierazko gida liburuetan. Eta berriro aurkitu dut Ondarroa. Aurrekoan Venezia della Biscaglia (alegia, Bizkaiko Venezia) zela sinestarazi zidaten Le Guide Routardeko gida liburukoek. Oraingoan ordea, ondarrutarrak intoleranteak garela sinestarazi didate Lonely Planet gida liburukoek.
ONDARROA:
Incuneato fra le colline costiere della provincia di Vizcaya, poco oltre il confine con la provincia di Gipuzcoa, Ondarroa, il più grande porto peschereccio di tutta la regione, appare come un luogo affascinante in molti sensi, ma sempre è comunque basco, soprattutto per quanto concerne la lingua.
Gli abitanti non tollerano i funzionari del governo che non parlano l'euskera, ma con i forasteri sono le persone più gentili e amichevoli del mondo. Il cuore vibrante del paese è il porto.
All'interno, il Rio Artibai serpeggia sotto due ponti: uno è un antico simbolo della resistenza basca, l'altro una notevole opera modernista di Santiago Calatrava, che proggettò anche il ponte pedonale Zubizuri di Bilbao. Ondarroa è un importante centro dell'estropadak (canottaggio).LONELY PLANET. Spagna settentrionale. Paesi Baschi. Edizione 2007
Euskerara itzulpena: Bizkaiko probintzian muino biren artean sehaskaratua, Gipuzkoako probintziatik gertu dago Ondarroa. Eskualdeko arrantza portu garrantzitsuena da bertakoa. Herria zoragarria da hainbat zentzutan, baina beti ere oso euskalduna da, batez ere hizkuntzari dagokionean. Ondarrutarrek ez dituzte jasaten (toleratzen) euskaraz berba egiten ez duten funtzionariak. Dena dela, atzerritarrekin munduko pertsona jator eta lagungarrienak dira. Herriko bihotza portua da. Herrian barrena Artibai ibaia bihurka doa zubi biren azpitik: bata euskal erresistentziaren sinbolo zaharra da, bestea aldiz, Santiago Calatravaren artelan modernista, geroago Bilboko Zubi Zuri egin zuenarena. Ondarroa estropaden zentru garrantzitsua da.
Eta nik, fototurista dogmatiko umil honek, jakina, ondarrutarrak intoleranteak direla sinistu dut. Euren herrian euren hizkuntzan bizitzea eskatzen dutelako intoleranteak direla sinistu dut, horixe iradokitzen duelako testuak.
Fototurista dogmatikoa naizen aldetik, ez zait bururatuko irakurritakoaz hausnartzea. Beste barik, irentsi egingo dut. Ez diot neure buruari irakurritakoaz galdera bakar ba ere egingo: Aranda de Dueroko herritarrak (gaztelako herri bat jartzearren) intoleranteak lirateke euren herrian soilik frantsesez berba egiten duten funtzionariak onartutko ez balituzte?...seguruenik ez. Beste barik, euren herrian euren hizkuntzan bizitzea eskatu baino ez lukete egingo. Baina geografien mapa ponderatua sartua dugu buruan, hizkuntzen mapak eta eskubideak ez dira berdin geografia guztietan.
Kazetariak dira errealitatearen sukaldariak, eta gainontzekoak jale amorratuak.
Ni euskaraz ez dakien fototurista atzerritarra naiz, ez pentsalaria. Beraz, ondarrutarrak intoleranteak dira. Horixe irakurri dudalako. Eskerrak gutxienez atzerritarrekin majoak diren. Munduko majoenak, atzerritarrek euskaraz jakin ez arren.
Jai eguna izan zen Italian joan zen ostiralean, apirilaren 25ean. Italiaren askapena ospatzen dute (tropa aliatuek naziak Italiatik kanporatu zituztenekoa). Baina horrez gain, egun berean, beste aldarrikapen bat egin zen Italiako hainbat plazatan: V2-Day eguna ospatu zuten bigarrenez (horren adierazle 2 zenbakia), Vaffanculo-Day. Itzulpena eginez: 'Popatik Hartzera Eguna'. Halaxe, gordin eta zuzen.
Informazio askatasuna aldarrikatzen dute. Beppe Grillo da mugimendu honen sortzaile eta bultzatzailea. Komiko eta aktore italiarra da berau, eta orain dela urte batzuk arte telebistan egiten zuen lan. Kontua da, Grillo politikoen korrupzioa eta hauek komunikabideekin egiten duten erabilera interesatua salatzen hasi zela, beti ere kritika dokumentatu eta arrazoituekin. Bada, gizartean zuen ohiartzuna ikusirik italiako kasik telebista guztiek (tb nagusi guztiek) zentsuratu egin zuten Beppe Grillo eta ez diote euren kamara aurrean gehiago agertzen utzi. Honen haritik, Beppe Grillok informazio askatasunaren aldeko mugimendu bat piztu du apurka-apurka gizartean, bere blogaren bidez, batez ere.
Italiar komunikabideak (telebistak, irratiak, prentsa,...) interes politikoen tresna baino ez direla salatzen du, eta ez dutela informazioa eskaintzen, propaganda baizik. Hiritarrek ordea informazio eskubidea dute, horixe da hain zuzen defendatzen dutena. V2-Day egunean Torinoko plaza nagusian egin zuen ekitaldia Beppe Grillok: 120 mila hiritarrez betetako plazaren aurrean informazio askatasunaren aldeko aldarri ozena egin zuen bere lan erremintak erabiliz, umorea eta kritika.
Ehundaka mila pertsonek sinatu dute Italian mugimendu honek sortutako informazio askatasunaren aldeko dokumentua. Zabaltzen doaz gutxinaka italiarren begiak komunikabideen trikimailuaren aurrean. Eta panorama ikusita, modu oso arrunt eta zakarrean esaten diete komunikabideei: vaffanculo!, 'popatik hartzera!'. Zuzen eta gordin, beharbada horrela hobeto ulertzen delako, finkerietan ibili barik.
Hauxe zen V2-Dayren lema: Stampa e televisioni sono nelle mani di gruppi politici. Chi controlla l'informazione controlla la percezione della realtà, deformandola. La verità può essere un gioco di parole, ma la verità non sta nelle parole, ma nella conscienza di ognuno di noi. Il 25 di aprile scegli di credere in te stesso firmando per una libera Informazione. Euskaraz: "Prentsa eta telebistak talde politikoen esku daude. Informazioa kontrolatzen duenak errealitatearen pertsepzioa kontrolatzen du, errealitatea bera deformatuz. Errealitatea hitz joko bat izan daiteke, baina egia ez dago hitzetan, norbere kontzientzian baizik. Apirilaren 25ean aukera ezazu zeure buruagan sinistea Informazio aske baten alde sinatuz".
Italiatik kanpo, geure etxean ere esan dezagun vaffanculo! lotsa barik benetako informazioaren alde. Ikasi dezagun geure buruagan sinisten. Ez gara ardiak.
Noizbait entzuna nuen bazegoela Londreseko Hyde Parken hizlarien txoko bat, Speakers' Corner delakoa. Adierazpen askatasunaren txokoa omen da. 1872an, 1855ean hasitako matxinada, erreforma demokratikoen eskaera eta langile iraultzaileen presioen eraginez, "Royal Parks and Garden's Act" dekretuaren bidez legeztatu zen Hyde Parken hitzaldiak eta eztabaida publikoak egitea. Harrezkero edozeinek izan du, ezagun zein ezezagun, txoko horretara joan eta bere ideiak modu askean azaldu eta defendatzeko aukera. Besteak beste, Karl Marx, Vladimir Lenin, George Orwell edota William Morris pasa dira Speakers' Cornerreko aulkitxotik.
Izan ere, aulkitxo gainetik aritzen dira han hizlariak beti. Batzuk diote aulkitxo honek antzinagoko heriotz zigortuei egiten diela erreferentzia. Gaur egungo Hyde Parken lekuaren inguruetan antzina urkamendia omen zegoen, Tyburn zeritzona, eta kondenatuek aulkitxo gainean heriotza jaso aurretik azken hitzak esateko eskubidea zuten. Alabaina, beste batzuk esanahi ezberdina ematen diote aulkitxoaren erabilerari. Aulki gainera igotzen denak jada ez du Erresuma Batuko lurra ikutzen, beraz, eskubidea du askatasunez hitz egiteko edozertaz, inorena ez den lurraldean dagoelako, aulki gainean alegia, airean.
Kontua da, egunotan halako zerbait ikusi dudala Italiako hainbat plazetan. Bolognan bertan zein Paduan: plaza erdian zutik dago gizona, aulkitxo bat ondoan duela baina oinak lurrean dituela. Ez da ez Marx, ez Lenin, ez Orwell, ez Morris, beste barik, kaleko gizon bat da. Jendea inguratzen zaio eta zera esaten du: "nire asmoa kalean, hiritarren artean, eztabaida sortzea da, ideiak trukatzea, hiritarrari pentsaraztea". Horretantxe ari da Italiako iparraldean plazarik plaza. Eta halaxe, apurka apurka, kaleko jendea biltzen hasten da, zahar nahiz gazte, lanetik irten berri dena, ume zainean dagoena, unibertsitatera doana, mandatuak egiten dabilena zein paseoan dabilena. Gizonak eztabaidaren metxa pizten du aktualitateko gairen bat aipatuz eta eztabaida berez berez sortzen da. Gizonak bizikletako otzaran dituen eguneko egunkari guztiak (italiako prentsa idatziko abaniko osoa) eskuragarri jartzen ditu irakurri nahi dituenarentzat. Politikaz hitz egiten dute, egoera ekonomikoaz, eskuin zein ezker ideologiez, ideologia berriak sortu beharraz, demokraziaz, iraultzaz... edozertaz. Eta ideia guztiz kontrajarriak agertzen dira, eta bakoitzak berea defendatzen du baina entzuten du bestearena ere, eta halaxe, giroa berotzen da batzuetan eta baretzen besteetan. Bien bitartean hiritarren korroaren erdian jarraitzen du aulkitxoak, sinbolo huts gisa, inork ez baitu erabiltzen. Denak ari dira oinak lurrean.
Eztabaida amitzean ez dute lortu mundua konpontzerik, baina pentsatu eta pentsarazi egin du han bildutako hiritar bakoitzak. Ez da lan makala hori gaur egun. Inpresioa dut norbere kabuz pentsatzea galzorian dagoen aktibitate mentala dela. Komunikazioaren, edo hobeto esan, komunikabideen gizartean bizi garen honetan, komunikabideak (guztiak, salbuespenik gabe) pentsamendu saltzaileak dira, eta guk goizero erosten dieugu pentsamendua kioskoan euro baten truke. Edota telebistan, irratian zein interneten, doan. Kazetariaren lanak hiritarrari pentsaraztea behar luke izan eta ez hiritarrari pentsamendua saltzea. Jakina erosoagoa dela pentsamendua erostea, artalde pentsamenduan beste ardi bat izatea, norberak sortzea baino. Komunikbide guztiak ikustea onena beraz, baina inori sinistu barik norberak eraikitzea norbere pentsamendua, pentsatuz.
Ez dago aulkitxo beharrik pentsatzeko, norbere pentsamendu kritikoa sortzeko.
Atzerrira bidaian joaterakoan turisten Biblia bilakatzen dira kasik gida liburuak. Gaur egungo turismo masibo edo fototurismoa bitxia da benetan, badirudi batzuk gehiago begiratzen diotela gida hauetako argazkiari benetan bisitatzen ari diren herriari baino. Hain modan dagoen fototurismo hau egitekotan, beraz, erosoagoa litzateke (eta batez ere merkeagoa) etxeko sofan geratu eta gida liburu hautako argazkiak goitik behera ikustea... azken finean, fototuristari ez zaio interesatzen argazkia mugatzen duten lau marretatik kanpo dagoena.
Fededunak Bibliaren dogmak irensten dituen legez irensten ditu fototuristak gida liburuko argazkiak zein letrak. Eta bidaitzerako orduan dogma horiek baino ez dituzte bilatzen bere begiek (beti ere argazki kamararen begizulotik begira): argazki berberak ateratzea eta gidaliburuan gomendatutako tabernetako kafea dastatzea.
Bada, atzerrian nagoela aprobetxatuz, neure herriaren bila hasi naiz italierazko gida liburuetan. Eta nire dogma bakarra dogmetan ez sinistea bada ere, egin dut ahalegina. Alegia, fototurista dogmatikoaren paperean sartu naiz. Eta topatu dut Ondarroa:
ONDARROA
Qualche anima poetica l'ha chiamata "Venezia della Biscaglia". L'immagine è audace, forse un po' esagerata, ma non cosi lontana dalla nostra opinione.
Il centro storico si stende in mezzo a un'isola artificiale cinta de un largo canale. Alcuni ponti vetusti, tra cui il ponte Viejo dall'aspetto prettamente medievale, begli edifici, insoma tutti gli elementi degni di una gradevole camminata. Il vero porto, quello che ospita la più importante flotta d'alto mare da una piccolìsima spiaggia. Ci è piaciuta l'atmosfera di Ondarroa; pecato che una urbanizzazione selvaggia l'abbia deturpata.
IL VIAGGIATORE. Le Guide Routard: Paesi Baschi, Spagna e Francia. Edizione 2001/2002
Hau da, arima poetikoren batek Bizkaiko Venezia deitu izan diola Ondarroari dio gidak. Baina ondorengo esaldian azaltzen du irudia beharbada exageratuegia dela, nahiz eta herria izan polita den. Besteak beste, alde zaharra kanal batek inguratzen duen irla artifizial baten gainean dagoela dio gidak, hainbat zubi ederrez jantzia. Eta ni, neure fototurista dogmatiko paperean sartuta, hasi naiz Ondarroara buelta egiten dudanerako prestatzen... gondola bat alokatu beharko dut Italiako Venezian Bizkaiko Veneziako alde zaharrera ailegatzeko.
Eta azken esaldian harribitxi bat (egiaren bat ere aurkitu baitaiteke Biblian): "bekatua da halako urbanizazio basatiak herria hondatu izana". Hormigoizko oihan bat da, hortaz, Bizkaiko Venezia, geratzen zaizkion leku birjin apurretara ere hedatuz doan hormigoizko oihana.
Artibain behera gondola batean abiatuko da agian fototurista domgatikoren bat Bizkaiko Veneziaren bila, hormigozko oihanean gida liburuan ikusitako argazki berberak egiteko prest. Ez duzue ordea ezagutu ere egingo nor den, argazki kamarak estaliko dio-eta aurpegia.
Ruper Ordorikari entzuna diot kantu batean: Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den, hobe nuela hautatzea munduko hiritar izatea. Ez du ordea norberak hautatzen non jaio, non hazi, non hezi. Nik argi daukat munduko hiritarra naizela. Baina munduko hiritar euskalduna, horrelaxe jaio, hazi eta hezi naizelako. Alegia, euskalduna naiz eta kitto. Euskalduna, harrotasun eta konplexu gabe.
Atzerrira joanez gero horixe da egiten zaigun lehen galdera: Where are you from?... Euskalduna. Eta hasi gero hori zer den azaltzen: honen iparraldean, bestearen hegoaldean, halakoren azpian, bestelakoren menpean, hizkuntza propio bat… Eta mila azalpen emanda ere badirudi zail egiten zaiela nor garen ulertzea. Ruperren abestiari tiraka, esango nuke euskaldun izatea ez dela bat ere nekeza, aitzitik, munduko gauzarik normal, sinple eta errazena da niretzat euskaldun izatea. Zailena zera da, azaltzea nor naizen. Edo hobeto esanda, zailena da gainontzekoei euskalduna naizela ulertaraztea. Euskal identitatea ulergaitza ote den planteatzen hasi naiz hemen atzerrian.
Hasteko, euskara ez den beste hizkuntza batean azaldu behar da zer den euskalduntasuna. Eta hizkuntza bakoitzak bere paradoxak ditu: hemen, Itailan, hitz berdina erabiltzen da euskalduna (femeninoan) eta bainera esateko. ‘Sono basca’, alegia, ‘bainera bat naiz’ esanez hasiko litzateke neska euskaldun bat Italian bere identitatea azaltzen.
Baina erdal hizkuntzen paradoxak alde batera lagata, eskerrak azkenean arazoaren muina eta jatorria aurkitu dudan. Bolognako Plaza Nagusian dagoen SalaBorsa liburutegian aurkitu dut erantzuna, El Vox Mayor Diccionario General Ilustrado de la Lengua Española (Spagnolo-Italiano) hiztegian. Euskararen bigarren definizioa irakurriaz bat ulertu nuen euskaldun ez direnek euskalduna zer den ez ulertzearen arrazoia:
Vascuence: 2.m.fig. Lo que de tan confuso no se puede entender.
Alegia, euskaldun izatearen traba euskaldun izatea bera da. To! Zelan ulertuko dute bada nor garen, hain da eta konfusoa euskaldun egiten gaituena! Harrigarria dirudi nola garen gai euskaldunok geure artean ulertzeko…
Eta halaxe saltzen gaitu Vox Mayor hiztegiak italiarren aurrean, ulergaitz. Hona hemen bada, euskaldun izatearen trabak. Ekilikua!