Edukira joan

2008-07-14 | 20:13:44

IRITZIA

Hiru egun gerra ematen

Amets Txurruka Tourretik idazten

2008-07-14

Hamargarren etapa izan dugu gaurkoa: Pau eta Hautacam artekoa: 156 kilometro eduki ditugu aurretik. Leonardo Piepoli italiarrak irabazi du.
Nahikoa ondo joan zait gaurkoan, eta nahikoa gustura joan naiz bizikletan goranzkoan, aurreko egun bietan modura.
Barikuko etapa eskasaren ostean, gora egin dut. Hiru egun daroadaz gerra ematen, eta pixka bat nekatuta nago honezgero. Zapatuan ihesaldia harrapatu nuen, eta hiru kilometroren faltan, harrapatu egin gintuzten. Nahikoa gustura ibili nintzen, bai. Atzo taldeko inork ez genuen lortu ihesaldian sartzea, eta beharra egin behar izan genuen. Pena izan zen. Azkenean, etxean gaude, zale piloa dago hemen... Denok nahi genuen ihesaldian sartu, baina ezin.
Gaur ere nahikoa ondo ibili naiz. Tourmaleten egin dut pixka bat aurrera beste bategaz, baina atzean topera ipini dira, generaleko borroka egonda. Gora orduko harrapatu egin gaituzte. Aurrean jende gutxi zihoan, eta hor sartu dira Mikel eta Samuel. Eta ni neu, igotzen gustura sentitu naiz, zaleen txalo eta animo artean.
Izugarria da Pirineoetan zenbat euskal jarraitzaile batzen diren ikustea. Exajeratua. Azkenean, biderik ere ez zen ikusten. Azken momentura arte jendea ikusten zen bakarrik. Lasterketa amaituta, autobusera bidean, jende piloa etorri zait besarkadak, musuak eta animoak ematera.
Bihar ez daukagu etaparik. Atseden eguna izango dugu, hamar egun jarraian bizikleta gainean ibili eta gero. Atsedenaldi aktiboa deitzen dioguna. Goizean gosaria jan, pare bat ordu entrenatu, eta bazkalostean, siestatxoa bota eta masajeak hartuko ditugu. Errekuperatzeko eguna dugu biharkoa.
Eguaztenean bueltatuko gara errepidera. Alpeetara bidean, erdibideko mendiak edukiko ditugu. Ia harrapatzen dudan ihesaldiren bat. Ez nabil fin-fin, baina ondo datozkit horrelako etapak. Lehenengo kilometroak lau-lauak izanez gero, gehiago kostatuko zait ihesaldia harrapatzea. Hobeto datozkit hasierako kilometroetan menditxoren bat daukaten etapak, bai, hobeto. Horrela izanez gero, errazagoa edukiko dut. Edozelan ere, ez da inguru txarra niretzat. Aukerak egon badaude.

 

Jasotako erantzunak:

1

Aitor | 2008-07-15

Aupa Amets! Atzo Hautacam-en egon nintzan lagun batzuekin. Heldu jatzun geure eupadia? Galderatxu bat: iazkuaren aldian, zelan zabiz aurten? Zelan sentitzen zara? Iazkoa ala aurtengua gogorragoa? Eutsi goiari!!

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.