
2008-07-11 | 09:38:31
IRITZIA
Mendiarekin asmo berriak
Amets Txurruka Tourretik idazten
2008/07/10
Seigarren etapa: Aigurande-Super Besse. 195,5 kilometro aurretik. Lehen mendiko etapa.
Mugimendu handia egon zen etapan. Hasieratik egon ziren ihesaldiak. Uste dut guztion asmoa zela atzokoan pelotoia atzean uzten saiatzea. Nire asmoa ere horixe zen, eta saiatu ere egin ginen, baina ezinezkoa izan zen.
Hala ere, ez genuen etsi, eta azken aurreko portuan egin genuen geure saiakera. Ez genuen bete-betean ihes egiterik lortu, baina aurrean ibili ginen. Azken portuan, berriro ere, ihes egitea zen asmoa, baina portua hasi aurrean erorketak egon ziren, eta hanka lurrera botatzea tokatu zitzaidan. Geldialdi horrek berea ordainarazi zidan: gora egin nuen, baina esfortzua nabaritzen hasi, eta atzean gelditu nintzen.
Mendia aldean egoteak, ostera, beste sentsazio batzuk eragin dizkit. Mendian sentitzen naiz gusturen, eta aurreko egunekin alderatuz, hobeto nebilela sentitzen nuen. Aurreko etapetan estuxeago ikusi nuen neure burua. Atzokoa, ordea, beste kontu bat izan zen. Nahiko ondo joan zitzaidalakoan nago.
Azken bi tontorrak, Croix-Morand eta Super Besse, bigarren mailakoak ziren. Lehenengoa gogorra zen arren, aurreko aldean mugimenduak egitea lortu, eta pozik amaitu genuen. Bigarrena, aldiz, pixkat motzagoa zen, tartean atsedenerako gune bategaz. Amaieran, berriz, aldapa gogorra zeukan. Samuelegaz etapa irabazteko ahalegina egitea genuen buruan, baina nik ezin izan nuen hor egon. Esan bezala, hanka lurrean jarri behar izateak gelditu eta taldekideak baino atzerago gelditzea eragin zidan.
Atzokoa faboritoen sasoi puntua ikusteko bigarren aukera bezala iragarrita zegoen, eta zenbait xehetasun ikusteko aukera egon zen: Cunegok (LAM), apur bat, huts egin zuen; Riccok (SDV), berriz, etapa irabazteaz gain, oso ondo dagoela erakutsi zuen, baita Evansek ere (SIL). Valverdek (GCE) herenegungo erorketak eragin handiegirik izan ez duela erakutsi, eta aurrean ibiltzea lortu zuen. Nik Menchov (RAB) oso ondo ikusi nuen.
Gaur beste egun bat izango da. Atzo lortu ezin izan nuena, ea gaur lortzen dudan, eta ihesalditxoren baten sartzen naizen!
Auiminjulynblak | 2008-07-14
Zoixonak Amets! Ederra bi etapa tato asteburun eizuzenak! Peni eskapadi heldu ez ixana, ta Pirineutako lelengo etapi CHAPEAU, ekipu alturan egoti faltazan bakarrik. Animo, etapan bat jausiko da zeure motxila ta!
2008-07-11
Animo!!! Laster ikusikoga Col de Aspenen eta baitxe Tourmaleten be! Daukeguzen indar danak gordekoguz zeu animetako. Pasadan urtin Col d'Aubisquen izen giñen eta sentidutako emoziñoie errepetidu nahiogu. Ulak be tente! Han egongoga, Amets, eurixe, hotza... bardin dotzen! Esperientzixik merezi dau eta gañera seguru na zuei be animuk igoten jatzuezela hainbeste jente zeuengatik mobilizaute ikustozuezanin... Laster arte!
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.