Edukira joan

2008-07-07 | 13:22:46

Iritzia

Brestetik idazten

Amets Txurruka Tourretik

2008/07/05

Hilabetean erabiliko ditugun erropa eta traste guztiak zelan halan maletan ordenatuta, bueltan zerbait gehixeago ekartzeko lekua eta ilusioa daukagula ikusirik, pena apur batekin utzi nuen etxe ingurua, baina aldi berean, lasterketan lehen bait lehen hasteko gogotsu ekin nion atzo Brest inguru honetarako bideari.

Hegazkinetik jaitsi bezain pronto, aireportuan zain zeuden kazetari eta autografo eske pilatutako zaletuek salatzen dute lasterketa berezi honen hasiera gertu dela, eta horrekin batera, zirku handi honetako tximu garenon urduritasuna areagotuz doa.

Behin hotelera iritsita, azkar-azkar aldatu eta denbora gehien eskaintzen diogun gure karbonozko laguna hartuta entrenatzera. Lehenengo izerdi tantekin batera, hau askatasun sentimendua eta lasaitasuna! Azken finean, hau da gustuko duguna, eta desiatzen gaude denok benetako momentua noiz iritsiko.

Agua ahalik hobekien pasa ondoren, goizean goiz bisita izan dugu, indarrez nola iristen garen jakin nahian edo odol mostratxo bat nahi zutela-eta ohiko kontrolak pasa beharrean izan gara. Ez da tarte atsegina, baina gauzak horrela daude, eta beste aukerarik ez genuenez, pasa dugu, eta gaitzerdi...

Goizeko ohiko entrenamenduaren ondoren, bazkalostean Grand Depart handia izan dugu. Taldeen aurkezpenarekin esan daiteke 2008ko Tourra abian dela jadanik; hala ere, guztion helburua den Parisera begira jarri naiz istant batez, eta bitartean, zer lan dugun aurretik aztertzen, eta hara datozen hiru asteotarako «tarea»:

3559,5km 21 etapatan banatuta, horietatik 82,5 bakarkako erlojuaren aurka, tartean atseden egun birekin, 57 mendate puntuagarri eta beste horrenbeste tentsio une sprintak, haizeak eta abarrek eraginda... Pufff! Hasi orduko nekatuta! Eta horiek datu objektibo soil batzuk baino ez dira, gero norbere gorputzaldiaren arabera senti daitezkeenak...

Horiek denak datozen egunetan helaraziko dizkizuedala aditzera ematea izan da zutabetxo honen helburua, eta behin hau beteta, agurtzen zaituztet datozen egunetan beste helburu batzuk bete ahal izateko, atseden hartzeko premia bait daukat!

Besarkada handi bat Bretainia inguru honetatik!

 

Jasotako erantzunak:

2

NI | 2009-01-10

aupa amets txapeldun ea aurten ere garaipen batekin zatozen!!

1

Aitor | 2008-07-08

Aupa Amets! Iaz egin zenduana itzala izan zan. Ia aurten beste koskatxu bat gehiago egiten dozun. Horretarako, Tourrean behintzat, norbere indarrez gain, zorte apurtxu bat ere beharrezkoa izango da: jausi barik, osasuna tertzio onean... Zein etapari deutsozu bildurrik gehien?

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.